Blockhausen Pellizotti jaun eta jabe

Pellizotti. 17. etapan garaipenaIkaragarria Pellizottik egin duen erakustaldia gaurkoan. Merezi zuen, bai, Liquigaseko txirrindulari italiarrak garaipena eskuratzea. Blockhauseko igoeran erasoa jo eta bakar bakarrik bere helburua lortzeko bidea egin du: etapa garaipena eta podiumeko 3. postura igotzea.

Lasterketa hasi bezain laster Voeckler frantziarrak tropela uztea erabaki du. Atzetik Marzoli, Palumbo, Cardenas ,Visconti, Bono, Chiarini, Rabuñal, Facci eta Delio Fernández gehitu zaizkie. Tropeltxo honek aurrera jo du 3 minutu inguruko mugarainoko tartea lortuaz, baina atzean, LPReko txirrindulariak buruan, kontrolpean eduki dute ihesaldia.

Helmugarako 30 bat kilometro faltan, aldaketa izan da tropel nagusian eta Cervélok hartu du taldeari abiadura emateko erantzukizuna. Abiadura handiaren seinale Deignanek tropel buruan tiraka ari zela izan duen erorikoa irrist egin ondoren, ondorio larririk gabe. Abiadura honek emaitzak eman ditu etapako 66. kilometro inguruan. Aurreko tropeltxoan erasoak izan dira tropelarekiko tartea mantendu asmoz, baina azkenean tropelak ihesaldiko kide guztiak harrapatzea lortu du.

Pellizotti izan da erasoa jotzen lehen, atzetik Armstrong. Bitartean gainontzeko faboritoak elkarrekin. Pellizottik ondo egin du aurrera, bere egin beharra hori baitzen sailkapen nagusian aurrea egin nahi bazuen. Atzealdean, 10 kilometroren faltan, Killerrak erasoa jo du. Menchovek, Bassok eta Garzellik jarraitu ahal izan diote eta Sastrek ezin izan dio erritmo aldaketari eutsi.

Armstrongen pedal kolpea indarra galtzen joan da eta atzetik ziren Di Luca, Menchov, Basso eta Garzellik harrapatu dute. Hala ere ezin hauen erritmoari ere eutsi. Atzetik Sastrek bere ohiko jokabidean, beranduago azkartu du erritmoa. Berarekin Simoni eta Szmyd izan ditu gurpilean Armstrongekin bat egin arte. Egoera ona Menchoventzat lasterketa kontrolpean baitzuen eta Sastrerentzat txarra, podiumetik kanpora baitzen zenbait momentutan.

Pellizottik tarte polita atera du eta garaipena eskura geratu zaio ezustekorik ezean. 2 kilometroren faltan, Killerrak beste eraso bat jo du. Atzetik bere amesgaiztoko itzalak erantzun dio, Menchov errusiarrak. Basso eta Garzelli jarraitu ezinik geratu dira, baina beranduko Garzellik aurreko biekin bat egiteko gai izan da. Basso atzean distantzia mantentzen

Etapa garaipena Pellizottik eskuratu du, bigarren Garzelli eta hirugarren Di Luca 43 segundora, 5 segundoko atzerapenaz Menchov maillot arrosa eta 56 segundora Basso. Sastre, beste zenbait txirrindularirekin batera, ia bi minutura sartu da eta podiumetik kanpo geratu da.

Beraz, gaurko etaparen ostean, Menchovek maillot arrosarekin jarraitzen du, bigarren, tartea jaitsiz, Di Luca 26 eta hirugarren 2 minutura gaurko etapa garailea, Pellizotti. Ez da ordea gaur Liquigas taldeak lortu dituen garaipen bakarrak, Bassok ere aurre hartu baitio Sastreri eta 4. postuan da italiarra. Leganeseko txirrindulariak, gaurko indar gabeziaren ondorioz galdutako denborak 5. postura itzuli da eta astelehenean irabazitako errenta galdu du.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.