2010eko taldeen analisia (IX): Sky, Tourra irabaziko duen Ingalaterrako lehen taldea

Sky taldea

Ingalaterrak elite mailako talde indartsu bat sortu asmoa zuen aspaldian eta talde hau Sky Team izango da. Talde berria da dakizuen bezala eta helburu nagusia 5 urteren barruan Tourra irabaztea du. Babeslea Sky Sport telebista britainiarra izango da nagusiki eta 34 milioi euro inguruko aurrekontua du. Esan dutenaren arabera, 2013 arte ziurtatua izango dute babesgoa.

Tourra irabazteko asmo hori dela eta, aurtengo helburu nagusiena Tourrerako gonbidapena lortzea izango dute. Horretarako lehen pausua eman zuten Wiggins britainiarraren fitxaketa eztabaidatu harekin. Wigginsek 4. postu ikaragarria lortu zuen iazko Tourrean eta horrek gonbidapena lortzeko bidea erraztuko dutelakoan dira. Wiggins izango da taldeko txirrindularirik garrantzitsuenetakoa, baina aurtengoan, Tourrean parte hartzeko gonbidapena lortuko balute ere, ingelesak Giroa du helburu.

Baina esan bezala, talde bikaina osatu dute ingelesek. Beste fitxaketetako bat Boasson Hagen norvegiarra da. Txirrindulari honek erakustaldi bikainak eman zituen iaz eta aurtengo urteari ere bikain ekin dio: Omango Tourrean bi etapa garaipen eta Qatarrekoan beste bat, nahiz eta azken hau taldeko erlojupekoa izan.

Aurreko bi txirrindulariekin batera kontutan hartu beharreko beste txirrindulari garrantzitsuak aipatzearren, ezagunak zaizkigun Arvesen, Gerrans, Lövkvist eta Flecha aipatuko nituzke. Arvesen-ek iaz garaipenik lortu ez bazuen ere, Norvegiako txapelduna da eta langile bikaina. Gerrans-ek 2009 denboraldi bikaina burutu zuen, besteak beste Giroan eta Vueltan etapa garaipenak lortuaz. Klasikoetan ere lehen hamar postuetan sailkatzen ere ederki daki australiarrak eta aurten ere berdin arituko dela iruditzen zait. Tropeleko 2010eko egutegiko klasikoei dagokionez, kontutan hartu beharreko txirrindularia.

Lövkvist, Boasson Hagen bezala, Columbia-High Road taldetik etorri dira Sky taldera. Suediarrak ere maila duela ederki erakutsi zigun talde zuri-horian iazko Giroan, taldekako erlojupekoa irabazi eta 5 egunez lider izan zelarik.

Flechak iazko urtera arte Rabobanken aritu zen. Ez dakigu beragatik ala taldearengatik izan zen, baina egia esan iaz ez zuen garaipenik eskuratu. Izen handiko txirrindularia da eta ikusi beharko da talde aldaketa honek mesede egingo dion ala ez.

Bukatzeko, taldearen promesa izango dena aipatu nahiko nuke: Kennaugh. 20 urteko ingelesa pistan ere aritua da eta iaz maila bikaina erakutsi zuen. Aipagarriena 23 urtez azpiko munduko txapelketan lortutako 4. postua. Aurtengo urtean zail ikusten dut aurrealdean ikustea, baina neurria ondo hartzen badio elite mailari, kontutan hartu beharko genuke izen hau.

Talde ingelesa puntan ikusiko dugula iruditzen zait bere debut urtean, batez ere Giroan nire aburuz.

2010eko taldeen analisia (VI): Garmin-Transitions, aldaketa gutxiko taldea

Garmin-TransitionsTalde estatu batuarrak denboraldi txukuna egin zuen iaz. 29 garaipen lortu zituzten iaz eta gehien nabarmendu ziren txirrindulariak bi izan ziren, Farrar esprinter estatu batuarra eta Wiggins ingelesa. Lehenak Cavendish ahal guzti duna gainditzea lortu zuen Tourrean eta Wigginsek espero ez bezalako erakustaldia eman zuen 2009ko Tourrean eta sailkapen nagusian 4. amaitzea lortu zuen.

Aldaketa gutxi izango ditu talde estatu batuarrak aurtengo denboraldiari begira. Nagusiena Wigginsek Garmin utzi eta Sky talde ingeles berrian izango dela da. Honek taldean egituraketan aldaketak eragingo ditu.

Vande Velde izango da 2010ean Tourreko taldeburu izatearen ardura hartuko du eta 2008an lortu zuen 4. postu hori berdindu edo hobetzen saiatuko da. 2009an Wigginsi laguntzea egokitu zitzaion, baina aurtengoa, esan bezala, ardura guztia berak izango du.

Farrar-ek iazko 11 garaipenak hobetzen saiatuko da. Ez du lan erraza izango Cavendish iaz bezain ondo aritzen bada.

Aipatutako bi txirrindulariez gain, Garminek kalitatezko txirrindulariak dituen erakusgarri, Dean Zelanda Berriko txapelduna, Tuft Kanadako erlojuaren kontrako txapelduna, Dan Martin Irlandako txapelduna eta Meyer Australiako txapeldunak ekarri nahiko nituzke gogora. Zalantzarik ez dut aurtengoan aipatutako txirrindulari hauek Zabriskie eta Millarrekin batera, zeresan handia emango duen taldea izango dela.