Atseden eguna hausnarketa egun bihurtuta

Tropelaren protestaAsteburuak, tamalez, txirrindularitzaren alderik arriskutsuena jarri du agerian eta gaurkoan, txirrindulariek atseden hartzeaz gain, gogoetarako unea bihurtu dela ezin dezakegu uka.

Zorionez Pedro Horrilloren osasun egoerak hobera egin du. Horrek ez du erorikoaren larritasuna ezkutatzen, 60-80 metrotatik erortzeak (distantziaren zehaztasuna dagoeneko gutxienekoa da) edonori ikaragarrizko hotzikara sortzen baitio. Burmuinaren egoera ona dela adierazten dituzten emaitzak argitaratu dira eta esperantzarik onenak piztu ditu horrek bai familian baita zalegoan ere. Batek baino gehiagok hasperen egingo du hau jakinda, nik behin behin bai, nahiz eta gorputzeko ia hezur eta muskulu gehienak minduak dituen ermuarrak. Baina horiek, zorionez, konpontzeko moduko lesioak dira medikuen arabera. Animo Pedro!

Atzoko postean txirrindulariek egin zuten protestaren berri ematen nizuen. Segur aski Pedro Horrillori jazotakoa tropeleko edonori gerta ziezaiokeela jakiteak ikara sortuko zien, beraien segurtasunarekiko kezka muturreraino eramateraino. Milanotik kilometro askotara eta zirkuitua ezagutu gabe, ez naiz gai ikusten txirrindularien kexak arrazoizkoak ala gehiegizkoak ziren esateko moduan. Agerian geratu zen, ordea, txirrindulari eta antolakuntzaren arteko desadostasuna, baita txirrindularien beraien artean ere. Eta badirudi gaurko eguna atseden egun baino iritzi horiek guztiak plazaratzeko egun bihurtu dela.

Di Lucak, Giroko liderrak, “pailazoarena” egin zutela azaldu dio Gazzettari. Tropelak etapa ez lehiatzea eta Rabobank taldea aurretik zutela ibiltzea adostu zutela adierazi du Rabobankek etapa garaipena Pedro Horrillori eskaini ziezaion. Baina, beti ere bere esanetan, zenbaitzuk ados ez eta etapa lehiatzeari ekin omen zieten.

Bassoren dioenez, lehen itzulian 20 bat txirrindularik eroriko izan eta horrek izua zabaldu omen zuen tropelean. Ez zegoela polemika sortzeko asmorik eta protesta burutzearen arrazoia gailendu zen izu hori omen zen. Armstrongek ere ibilbideari buruzko iritzi negatiboa plazaratu du eta Pellizzotti, Killerra bezala, elkarrekin hartutako erabakia guztiek aurrera eraman ez izanak tristatzen du.

Dopin kasuekin gertatzen denaren antzera, atzokoan ere tropela iritzi oso ezberdinak ikusi genituen eta, ondorioz, jokamolde ezberdinak. Batzuk etapa Horrillori eskaini asmotan eta beste batzuk aukera alferrik pasatzen utzi ezinda, etapa lehiatzen. Cavendishek argi adierazi du etapa garaipena lortuta: “Giroan lauzpabost etapa bakarrik izango dira esprintean bukatuko direnak. Lehiatu nahi ez duenak ez dezala lehiatu”.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.