Idatzi gabeko arauen arriskua

Cancellara Tourreko etapa aurretikJuanma Garate txakur zaharra dugu. Hanka indartsuak izateaz gain, pelotoiko bururik argienetarikoa duela ere erakutsi digu hainbatetan, bai errepidean bai errepidetik kanpo. Gaurko Berrian, atzoko etapan gertaturikoa azaldu du. Argi esaten du idatzi gabe dagoen arau bati jarraiki erabaki zutela etapa “neutralizatzea” txirrindulariek. Ez epaile edo antolatzaileek. Pisuzko arrazoia da, baina ez nago ados.

Egoeraren larritasuna epaitzen ez naiz hasiko, horretarako beren lekuan egon beharko bainuke, baina oso arriskutsua iruditzen zait horrelako argudioak erabiltzea. Nahiz eta hasera batean “fair play”ari dagozkion “arauak” izan gehienak (kirol denetan topa daitezke, adib. futbolean baloia kanpora bidaltzea norbaitek min hartzean), horrenbeste idatzi gabeko arau aipa daitezke txirrindularitzan, nahasmena besterik ez dakartela. Hain irekiak daude interpretazioetara, oso zaila dela “arau” horiek justuak izatea.

Zenbait “arau” ezagunak dira: itzuli handietako azken etapako paseoa, kasu. Beste batzuk ez dira hain ezagunak eta batik bat profesionaletan aplikatzen direnak: adib. etaparen lehen zatian txiza egiteko “tregua” bat egitea bizpahiru kilometrotan zehar. Beste “arau” batzuk herrialdeka izaten dira eta zerrendatzen hasiz gero asko luza genezake gaurko post-a.

Are gehiago, idatzi gabeko “arauak” ez dira soilik txirrindularien artekoak. Juanma berak segur aski ongi ezagutzen ditu horietako asko. Ezagunak dira txirrindulari eta taldeen artean egon ohi diren idatzi gabeko arauak, talde eta antolatzaileen artekoak, UCI eta taldeen artekoak, zuzendarien eta UCIren artekoak etab.

Adibidez, jakina da idatzi gabeko (eta ondorioz onartu gabeko eta publiko egin gabeko) “arauen” ondorioz UCIk taldeei zenbait txirrindulariren fitxaketak oztopatu izan dizkiela, edo antolatzaileek taldeei parte-hartzeko baldintza bereziak ezartzen dizkietela edo txirrindulari nahiz zuzendariak zerrenda beltzetan sartu. Txirrindulariak euren artean gardentasunez jokatzen ez badute, inplizituki talde, UCI, antolatzaile etabarrek aplikatzen dituzten “arau” ilunak onartzen ari dira.

Guzti honegatik, oso arriskutsua iruditzen zait idatzi gabeko arauak argudio bezala erabiltzea. Arau horiek zentzuzkoak badira, onartu eta arautegian idatzi egin beharko lirateke. Gainontzean, idatzi gabeko “arau” horiek ez dute inolako bermerik eskaintzen eta oso zaila da aplikazioan berdintasuna eskaini ahal izatea alde guztiei. Adibidez, atzokoari berriro erreparatuz, zergatik ez zen oraindik gehiago mantsotu lasterketa Vandevelde edo Farrar pelotoira iritsi arte? Nork erabakitzen du geldialdi nahikoa izan zela? Zergatik behin jaitsiera arriskutsua gainditu eta denak elkartzean ez zen gutxienez 2. postuagatik lehiatu?