Azken astean sartu gara

Jada gutxi falta da txapeldunak ezagutzeko. 'Tropela elkarteko zenbait kide Piriniotan izan gara euskal txirrindulariak eta gainontzekoak animatzen, baina berriro hemen gara garaileen berri emateko.

13. etapan Igor Gonzalez Galdeanoren maillota lore elgoibartarrak irabazi zuen, 14. etapan Patxi Vilaren maillota mlezertua etxauriarrak eta 15.etapako maillotak horiek Aulestiko pototok Gorka Gonzalezen maillota, yontxu eibartarrak Iker Leonetena, AINHOA itsasondoarrak Ruben Oarbeaskoarena, altuna arrasatearrak Joseba Zumetarena eta Ekai donostiarrak Javier Ruiz de Larrinagarena. Sailkapen nagusian jexux usurbildarra da oraindik lider.

Zorionak guztiei eta gure eskerrik beronak txirrindulari hauei eskaini dizkiguten maillotengatik.

15. etapa: Lezat Sur Leze – St. Lary Soulan

Zalantzarik gabe Tourreko etaparik gogorrena dugu gaurko hau. Ezin da beste modu batetara kalifikatu 205km, horietatik 52km igoeran eta batez beste %7 inguruan dabiltzan maldez osatutako etapa hau.

Etapa aproposa hau ere urrunetik erasoak jotzeko baina urteak joan, urteak etorri mendiko azken etapan bakoitzak duen postua hobetzea baino mantentzeari begiratzen dio gehiago. Eskalatzaileak (hemen sartzen ditut Rasmussen eta Mancebo adibidez) saiatu daitezke hala ere erlojupekoan ondo ibiltzen direnak (Ullrich, Leipheimer, Landis) ahal bezain asko atzeratzen, hauek ez baitute azken erlojupeko luzean hutsik egingo.

Etaparen garaipena, hala eta guztiz ere ihesaldi batean egon daiteke. Beti moduan tropelak hartzen duen jarreraren menpe eta batez ere ihesaldian sartzen diren txirrindularien sailkapen nagusiko postuen menpe izango da etapako garaipena lortzeko aukera izatea edo ez.

Sailkapen nagusirako mehatxu handirik gabeko ihesaldia sortzen bada ez nintzateke harrituko Popovych bertan izatea, kontrol lana egiteko aitzakiarekin postu mordo bat aurreratzeko arriskua izango baitu. Hori, beti ere ihesaldi horretan sailkapenean bere aurretik dagoen beste txirrindularirik ez baldin badago, bestela estrategia horrek ez baitio balio.

Aurreneko mendatea baino lehen edo bertan sortu daitekeen ihesaldiak aurrera egin dezake, ez zait iruditzen sailkapen nagusiko hautagaiak azken bi mendateak iritsi arte mugituko direnik. Ikusiko dugu ihesaldi honetan zein sartzen diren baina Vinokourov, Botero (sailkapen nagusiko itxaropenak galdu ondore baliteke mendiko maillotaren borrokan sartzea), Pereiro, Contador, Garate, Sastre, Totschnig, Heras… bezalako txirrindulariak sartuko balira ezin harritu. Mayo, aurreko egunetan baino hobeto ikusten bada ihesaldi honetan sartzen saiatu behar luke, Tourra jokatzen ari diren oilarrekin buruz-buruko borroka batean jai izan baitezake azken mendateetan.

Ihesaldirik iristen ez baldin bada, Lance Armstrong hautagai nagusitzat ematea besterik ez zaigu geratzen. Azken 6 urteetan ikusi diogun anbizioa ez zait iruditzen egun batetik bestera galduko zuenik eta etaparen garaipena lortzeko aukera ikusi ezkero egon seguru saiatuko dela (eta ez da urruti ibiliko!!). Aurtengo Tourrean gainera oraindik ez du garaipenik eta ez du gustuko izango egoera horretan jarraitzea.

14. etapa: Agde – AX 3 Domaines

Hemen ditugu Pirinioak!!!! Eta horrekin batera bi etapa oso gogor eta erabakigarriak. Euskaldunez osaturiko mendateetan, kamixeta laranjak nagusi direlarik (Tropela.net-ko kamixeta pistatxoak ere bat baino gehiago ikustea espero dugu, salgai ere izango ditugu bertan) Tourra irabazi nahi dutenek hanketan dituzten indar guztiak bertan utzi beharra dauzkate. Hemen bai ez dagoela hurrengo egunen zain hasterik.

2003 urtean Carlos Sastrek ihes eginda irabazi zuen etaparen oso antzekoa dugu, bertan Armstrong-ek azken urteetan erakutsi duen ahulaldietako bat (ahulaldia baldin bada behintzat segundutxo batzuk atzeratzea!!!) ikusi ahal izan genuelarik.

Aurtengo Tourrean ez dira urrundik erasoa jotzeko prestatuta dauden etapa asko baina gutxietako bat gaurko hau dugu. Pirinioetan igotzen den mendaterik gogorrenetakoa (gogorrena ez esateagatik) dute, Pailheres, 15 km bataz beste 8,1%ko maldekin. Mendate hau jaitsi orduko azken igoera hasten da, beraz, aproposa urrunetik erasoa jotzeko, hala ere, azken urteetako jendearen portaera ikusirik beldur naiz sailkapenean aurrean daudenen arteko borroka azken 5 km-etara mugatzea.

Pailheres mendatean sailkapenean atzeraxeago dauden Vinokourov, Botero, Evans, Kashechkin bezalako txirrindularien erasoak espero ditut, agian Rasmussenena ere bai hala ere aurten oraindik garaipenik ez duen eta horretarako irrikaz beteta dagoen Lance Armstrong izango da hautagai nagusi AX-3-Domaines gainean. Gainera, Courchevel-en gertatu zitzaiona errepikatzea, hau da, esprintean norbaitek irabaztea, oso zaila ikusten dut, Valverderen faltan, amaieran beraren adinako abiadarik duenik ez baita Tourreko tropelean.

12. etapa: Besancon – Digne Les Bains

Alpeetako etapak amaitu dira eta jadanik hautagai nagusiak Pirinioetara begira jarriak dira. Hala ere, larunbata iritsi aurretik 2 etapa izango dituzte, aurrena gaurkoa, bertan denbora galera lelorik ez izateko asmo bakarrarekin.

Etapa garaipena lortzeko aurreikuspena emateko etaparik zailenetakoa da gaurko hau. Ia segurutzat jo daiteke etaparen hasieran ihesaldiren bat sortuko dela eta ziurrenik helmugan tropelari aurre hartuta ikusiko ditugula. Atzo ez bezala, gaurkoan ez da derrigorrezkoa aldapan gora oso ondo ibiltzea, beste tankera bateko txirrindularientzat aproposagoa da gaurko hau, Gilbert, Flecha, Landaluze, Txente, Brochard, Dekker, Boogerd, Kessler, Halgand, Merckx… hau da, ibilbide gora-beheratsuetan ondo ibiltzen diren txirrindulariak. 7-8 txirrindulariz osatutako taldetxoa izango litzateke aproposena helmugara iristeko helburua lortzeko garaian, aurrean lan egiteko txirrindulari nahikoa eta elkarren artean haserretzeko gehiegi izan gabe, kopuru horretatik aurrera beti izaten baita lan gutxiago eginaz besteen lanagatik aprobetxatu nahi duenik, ihesaldiari kalte besterik egiten ez diolarik.

Esprinterren taldeek jai izango dute, tropeleko esprint nagusia lortu nahi baldin badute behintzat. Gaurko esprinterren aukerarik nagusiena ihesaldian sartzea izango litzateke, hala ere, ibilbidea ikusita, O’Grady bakarrik ikusten dut hori egiteko kapaz, McEwen, Boonen edo Hushovd-ek biharko indarrak gorde nahi izango dituztelarik.

Alpeak amaitu dira

Orain Pirinioak iritsi zain da Tropela.

Gaur amaitu dira Alpeetako etapak, eta Armstrongek erakutsitako nagusitasunaren ondoren, Pirinioen zain geratzen gara.

Gaur izan den 11. etapan Saunier Duvaleko Juanma Garatek eskainitako maillota izan dugu sari moduan. Espainiako txapelketako irabazlearen maillota burrun erabiltzaile azkoitiarrarentzat izango da. Sailkapen orokorrean Ordiziako lander casadok jarraitzen du.