15. etapa: Lezat Sur Leze – St. Lary Soulan

Zalantzarik gabe Tourreko etaparik gogorrena dugu gaurko hau. Ezin da beste modu batetara kalifikatu 205km, horietatik 52km igoeran eta batez beste %7 inguruan dabiltzan maldez osatutako etapa hau.

Etapa aproposa hau ere urrunetik erasoak jotzeko baina urteak joan, urteak etorri mendiko azken etapan bakoitzak duen postua hobetzea baino mantentzeari begiratzen dio gehiago. Eskalatzaileak (hemen sartzen ditut Rasmussen eta Mancebo adibidez) saiatu daitezke hala ere erlojupekoan ondo ibiltzen direnak (Ullrich, Leipheimer, Landis) ahal bezain asko atzeratzen, hauek ez baitute azken erlojupeko luzean hutsik egingo.

Etaparen garaipena, hala eta guztiz ere ihesaldi batean egon daiteke. Beti moduan tropelak hartzen duen jarreraren menpe eta batez ere ihesaldian sartzen diren txirrindularien sailkapen nagusiko postuen menpe izango da etapako garaipena lortzeko aukera izatea edo ez.

Sailkapen nagusirako mehatxu handirik gabeko ihesaldia sortzen bada ez nintzateke harrituko Popovych bertan izatea, kontrol lana egiteko aitzakiarekin postu mordo bat aurreratzeko arriskua izango baitu. Hori, beti ere ihesaldi horretan sailkapenean bere aurretik dagoen beste txirrindularirik ez baldin badago, bestela estrategia horrek ez baitio balio.

Aurreneko mendatea baino lehen edo bertan sortu daitekeen ihesaldiak aurrera egin dezake, ez zait iruditzen sailkapen nagusiko hautagaiak azken bi mendateak iritsi arte mugituko direnik. Ikusiko dugu ihesaldi honetan zein sartzen diren baina Vinokourov, Botero (sailkapen nagusiko itxaropenak galdu ondore baliteke mendiko maillotaren borrokan sartzea), Pereiro, Contador, Garate, Sastre, Totschnig, Heras… bezalako txirrindulariak sartuko balira ezin harritu. Mayo, aurreko egunetan baino hobeto ikusten bada ihesaldi honetan sartzen saiatu behar luke, Tourra jokatzen ari diren oilarrekin buruz-buruko borroka batean jai izan baitezake azken mendateetan.

Ihesaldirik iristen ez baldin bada, Lance Armstrong hautagai nagusitzat ematea besterik ez zaigu geratzen. Azken 6 urteetan ikusi diogun anbizioa ez zait iruditzen egun batetik bestera galduko zuenik eta etaparen garaipena lortzeko aukera ikusi ezkero egon seguru saiatuko dela (eta ez da urruti ibiliko!!). Aurtengo Tourrean gainera oraindik ez du garaipenik eta ez du gustuko izango egoera horretan jarraitzea.

ESAITen jaialdia Piriniotan

Tropela euskal selekzioaren alde.

Azken urteetan bezala, aurten ere uztailak 16-17 Tourrean izango gara.

Larunbat arratsaldean euskal festa antolatuko dugu Saint-Laryn (Pla d’Adet, helmuga inguruan jarriko dugun gunean.

Igande goizean, 10:00etan hasita, Saint-Lary Soulan-Pla d’Adet bizikleta igoera.

Informazio gehiago telefono hauetan: 656711275 – 635727202.