14. etapa: Agde – AX 3 Domaines

Hemen ditugu Pirinioak!!!! Eta horrekin batera bi etapa oso gogor eta erabakigarriak. Euskaldunez osaturiko mendateetan, kamixeta laranjak nagusi direlarik (Tropela.net-ko kamixeta pistatxoak ere bat baino gehiago ikustea espero dugu, salgai ere izango ditugu bertan) Tourra irabazi nahi dutenek hanketan dituzten indar guztiak bertan utzi beharra dauzkate. Hemen bai ez dagoela hurrengo egunen zain hasterik.

2003 urtean Carlos Sastrek ihes eginda irabazi zuen etaparen oso antzekoa dugu, bertan Armstrong-ek azken urteetan erakutsi duen ahulaldietako bat (ahulaldia baldin bada behintzat segundutxo batzuk atzeratzea!!!) ikusi ahal izan genuelarik.

Aurtengo Tourrean ez dira urrundik erasoa jotzeko prestatuta dauden etapa asko baina gutxietako bat gaurko hau dugu. Pirinioetan igotzen den mendaterik gogorrenetakoa (gogorrena ez esateagatik) dute, Pailheres, 15 km bataz beste 8,1%ko maldekin. Mendate hau jaitsi orduko azken igoera hasten da, beraz, aproposa urrunetik erasoa jotzeko, hala ere, azken urteetako jendearen portaera ikusirik beldur naiz sailkapenean aurrean daudenen arteko borroka azken 5 km-etara mugatzea.

Pailheres mendatean sailkapenean atzeraxeago dauden Vinokourov, Botero, Evans, Kashechkin bezalako txirrindularien erasoak espero ditut, agian Rasmussenena ere bai hala ere aurten oraindik garaipenik ez duen eta horretarako irrikaz beteta dagoen Lance Armstrong izango da hautagai nagusi AX-3-Domaines gainean. Gainera, Courchevel-en gertatu zitzaiona errepikatzea, hau da, esprintean norbaitek irabaztea, oso zaila ikusten dut, Valverderen faltan, amaieran beraren adinako abiadarik duenik ez baita Tourreko tropelean.