Multzoak aztertuz (III): Azkarrak

Sprinter handienek urtero zitarik garrantzitsuenetakoa izaten dute uztailean Frantziako Tourrean etapak irabazi eta maillot berdea lortzea helburu. Aurten gainera, atariko erlojupekorik gabe, maillot horia janzteko ametsa izango du baten batek, aurreneko etapan bete-beteko sprintik izango ez bada ere.

Esprinterren mosaikoaHasieratik ezaguna zen Alessandro Petacchi-k utzitako hutsuneari (bere zigorra dela eta), Daniele Bennati-rena gehitu behar zaio (kasu honetan urte hasieran ere buruhausteak eman zizkion lesioak eraginda). Tom Boonen-en baja ere ia segurutzat jo daiteke, haize asko harrotu dituen gaiaren ondorioz.

Gauzak honela, eta azkeneko bi izen horiek kinieletan toki asko beteko zituzteela jakinda ere, bost esprinterren artean egin beharko du aukera partehartzaileak. Aurrenekoa Continue reading “Multzoak aztertuz (III): Azkarrak”

21. etapa: Corbeil Essonses – Paris

Tourra, eta honekin batera Tropelaren ibilaldia, aurtengoz amaitzear da. Agian aurreko urtetako nagusitasunik ez digu erakutsi Lance Armstrong-ek, batez ere mendateetan, nahiz eta mendiko etapetan beti beti aurrean ikusi izan dugun txirrindulari bakarra izan. Bere taldeak ere agian ez du erakutsi aurreko urtetako nagusitasun zapaltzailea baina hala ere onenak izan dira… laburbilduz, azken urtetako egoera berdina, talderik onenaz inguratutako txirrindularirik onenak irabazi du.

Datorren urterako beste guztiak eguzki printzak ikusten hasiak izango dira, ia nor dugun estatubatuarraren lekukoa hartzen duena. Denen ahotan Ivan Basso dabil baina 21 egunetan hainbeste egoera ematen diren kirol batekin zaila baldin bada aurreikuspena ematea, zer esan urtebete gelditzen denean? Ullrich, Cunego, Valverde, Popovych, Leipheimer, Pereiro, Vinokourov, Contador, Mayo (zergatik ez?)… hor izango ditugu berriro ere eta garaia iristen denean ikusiko dugu zein dugun garaile.

Parisko Champs Elysees-tan amaitzen diren etapa gehienak esprintean amaitu izan dira. Badira salbuespenak hala ere, Eddy Seigneur frantziarraren kasu. Gaurkoan ere logikari jarraituz esprint bat ikusi behar genuke baina egia esateko aurreko urtetan adinako garbi ez dut ikusten hala izango denik. Hushovd-i, maillot berdearen jabea izaki, ihesaldi bat iristea komeni zaio. Hori ekiditeko, Davitamon-Lotto eta Cofidis taldeak izan behar lukete interes gehien jarri behar luketenak eta agian Francaise des Jeux edo Gerolsteinerrek ere bai esku bat bota dakieke baina denen indarrak gutxituta daudela garbia da eta ez nuke esprinta segurutzat joko. Azken kilometroetan sortzen den ihesaldian Francaise des Jeux, Cofidis eta Gerolsteinerrekoren bat sartuko balitz, Davitamon Lotto taldea bakarrik geldituko litzake tropel buruan eta orduan etor daitezke arazoak.

Aurreikuspena emateko logikari jarraituko diot eta ia gehienok buruan izango duzuen Robbie McEwen australiarraren izena emango dut, baino ez nuke ihesaldian garaile izan daitezkeen izen batzuk eman gabe gelditu nahi, Bradley McGee edo Fabian Cancellara adibidez.

Gozatu azken etapa Tropelarekin eta zorionak porrako garaile izan direnei!!!

13. etapa: Miramas – Montpellier

Etapa benetan laua Miramas eta Montpellier lotzen dituena. Etaparen profilari begiratu ezkero esprinterrentzat aproposa dela pentsarazi diezaguke, eta logika jarraitu ezkero hala izan beharko luke, hala ere badaude 2 arrazoi esprinta ekidingo duen ihesaldi bat helmugara iritsi daitekeela esaten dizkigutenak, alde batetik tropela osatzen duten txirrindularien indarrak xahutzen hasiak daudela eta batez ere, Tom Boonen belgikarrak Tourra utzi duenez, Quick Step taldearen lanik ez dela izango tropel buruan. Honek Davitamon-Lotto taldea bakarrik utzi dezake lan horretan, Credit Agricole taldekoei helmugan zenbat eta puntu gutxiago jokoan egotea komeni baitzaie, Thor Hushovd-ek soinean duen maillot berdea Paris artean mantendu ahal izateko. Quick Step ezezik, lagungarria izan zitezkeen Ag2R eta Domina Vacanzeren laguntzarik ere ez dute jasoko, bai Jean Patrick Nazon, bai Angelo Furlan ere Tourretik joanak baitira.

Saiatu daiteke Davitamon-Lotto taldea txirrindulari gutxiz osaturiko ihesaldi bat baimentzen, 5-6 txirrindularitik gorako ihesaldia behera botatzeko lan ikaragarria suposatu baitakioke. Borroka polita ikus genezake etapa hasieran, ihesaldia sortu nahi dutenen eta Davitamon-Lotto taldearen artean. Azkar antzemango zaio ia ihesaldia helmugara iristeko moduan den edo ez, ihesaldian nor sartu diren eta batez ere zenbat sartu diren ikusi orduko.

Beraz, etapa laua eta esprinterrentzat aproposa bai, baina horretarako egin behar den lanerako talde gutxi. Zenbat txirrindulariko ihesaldia sortzen den jakitean dago gakoa.

Azkenean esprinta izan ezkero hautagai bakarra egon daiteke, Robbie McEwen australiarra, inguruan Hushovd, O”Grady eta Eisel izan ditzakelarik. Tour hasieran Tom Boonenek larri hartu zuen, nahiz eta pertsonalki australiarra azkarragoa dela kontsideratu. Orain, belgikarraren faltan bere nagusitasuna nabarmen geldituko denaren susmoa daukat.

Berriro ere puntuak banatzen

Taldekako erlojupekoaren ostean sprinta.

5. etaparen amaiera sprintean amaitu da, baina oraingoan McEwen australiarra izan da garaile. Gure lehiaketan, berriz, Zaldibarko LSB izan da nagusi. Berarentzat izango da Mikel Astarloza (AG2R) Pasaiarrak eskainitako maillot zoragarri hori.

Sailkapen nagusian ez da aldaketarik izan eta urko zarauztarrak buruan jarraitzen du 1357 punturekin.