Tropela 2014: aldaketa esanguratsuak datoz


Duela ia 9 urte sortu zen Tropela.net proiektua eta baita berau elikatzen duen Tropela Elkartea ere. Euskal Herrian txirrindularitza proben inguruan dagoen afizioa probestuz, sarean euskarari txoko berri bat sortzeko asmoz ekin genion lanari. Hiru ardatz biltzen zituen proiektuak: EUSKARA, TXIRRINDULARITZA eta TEKNOLOGIA. Eta horrela, lagun askoren borondatezko lanari esker, kalitatezko zerbitzu bat eskainiz, milaka kide biltzen dituen Tropela osatu dugu. Eta zuon eskaerei kasu eginez Tropelaren zerbitzua ahalik eta onena izan dadin saiatzen gara.

Lan asko eta esfortzu handia eskatzen du honelako proiektu bat aurrera eramateak eta denbora luze bateko hausnarketa eta eztabaidaren ondoren, Tropelak bere bidea egiten jarrai dezan urrats esanguratsu batzuk ematea erabaki du. Urratsak urtero eman ditugu baina aurtengoa jauzia da, eta ez nolanahikoa.

1) Eleaniztasuna

Proiektuak Euskal Herrian duen arrakasta ikusita, beti izan dugu buruan euskaraz ez dakitenei ere parte hartzeko aukera eskaintzea eta Tropela mundu osora zabaltzea. Jakin badakigu beste herrialdeetako partaideak jada baditugula. Badakigu baita ere, badela sarean norbaitek sortutako laguntza-hiztegirik, bertan, Tropelako hitzak gaztelaniara itzulita dituena lagunei Tropelan parte hartzea errazteko. Continue reading “Tropela 2014: aldaketa esanguratsuak datoz”

Emakumeen Bira Tropelan izango da

Lehenik eta behin inkestan parte hartu duzuen guztioi erantzunak bidali izana eskertu nahi dizuegu, eta baita iruzkinak bidali dizkiguzuenoi ere. Zuen iritzia jakin nahi genuen eta eman diguzuen erantzuna –373 erantzun– oso positiboki baloratzen dugu.

Inkestaren postean agertzen genuen moduan, iaz emakumezkoen eliteko lasterketak gehitu genituen Tropelan eta bide horri jarraitu nahi diogu. Buruan genuen denboraldi hasieran Emakumeen Bira gure egutegian gehitzea, baina arrazoi teknikoak tarteko, aurreko astera arte ezin izan genuen ziurtatu. Arazo teknikoak gaindituta, denboraldian murgilduta gaudenez, aldaketa hau gauzatu aurretik zuen iritzia jakin nahi genuen. Emaitzak ikusita -postaren amaieran dituzue ikusgai – konfiantza gehiagorekin ekingo diogu aurrera eta dagoeneko Emakumeen Birako kiniela prestatzen ari gara buru belarri, Dauphiné Kriteriuma ahaztu gabe, noski!

Honenbestez, Tropelaren historian lehen aldiz, emakumeen proba batekin soilik antolatutako lehen lehiaketa izango dugu Tropelan: Emakumeen Bira 2013. Eta ondorioz, Euskal Herrian jokatzen diren eliteko 3 lasterketa izango dira aurtengo denboraldian Tropelan: Euskal Herriko Itzulia (apirilean jokatu zena), Emakumeen Bira eta Donostiako Klasikoa.

Kontuan izan Emakumeen Bira, datorren astean, ekainaren 6 eta 9 bitartean jokatuko dela, eta Dauphiné Kriteriumeko azken lau etapekin batera jokatuko dela.

Zuek eskatu bezala, gure aldetik, bai blogaren bidez eta baita podcasten bidez ere ahalik eta informazio gehien ematen saiatuko gara.

Eskerrik asko zuen babesagatik eta zorterik onena opa dizuegu guztioi. Jarraitu txirrindularitzaz gozatzen!

Birak Tropelan behar luke [Inkesta]

Iaz dagoeneko emakumezkoen lasterketak lehiatu genituen Tropelan. Aurten ere denboraldiari bide beretik ekin diogu eta Ardenetako Hirukotean emakumezkoen Fleche Wallone lasterketa gure lehiaketako parte izan zen.

Ekainaren hasieran jokatuko da emakumeen egutegiko lasterketa garrantzitsuenetako bat: Emakumeen Bira. Begiratzea besterik ez dago azken bi urtetako garaileak zein izan diren horretaz jabetzeko: Arndt (2012) eta Vos (2011).

Lasterketa hau emakumezkoen nazioarteko egutegian duen garrantziagatik eta bertako lasterketa bat delako, gure ustez Tropelaren egutegian gehitu beharrekoa da.

Hala eta guztiz ere, denboraldia abian dugunez, egutegia moldatu aurretik zuen iritzia jakin nahiko genuke behin gurea argi utzita. Horretarako inkesta hau gehitu dugu. Zein da zuen iritzia?

Hauxe izango da Tropelaren 2013ko egutegia

2013ko txirrindularitza denboraldia Tour Down Under eta San Luiseko itzuliarekin hasi da. Pixkanaka pixkanaka gero eta lehiaketa gehiago ari dira jokatzen (Etoile de Bessèges, Qatar, Mediterraneoko itzulia,…) eta honekin batera Tropelan izango diren lasterketetara hurbiltzen hasi gara.

Orain arte egin dugun moduan Paris-Nizarekin ekingo diogu denboraldiari. Lasterketa hau martxoaren 3an hasiko da eta guk, ohi dugun legez, lehenago kinielak egiteko aukera irekiko dugu. Bederatzi izango dira aurreikusten ditugun lehiaketan aurtengo urte honetan, ondorengo hauek hain juxtu ere:

1.- Paris-Niza: 2013-03-03 / 2013-03-10

2.- Euskal Herriko Itzulia: 2013-04-01 / 2013-04-06

3.- Ardenetako Hirukotea (Amstel, Flèche Wallone eta Lieja-Bastogne-Lieja): 2013-04-14 / 2013-04-21

4.- Italiako Giroa: 2013-05-04 / 2013-05-26

5.- Dauphiné Kriteriuma: 2013-06-02 / 2013-06-09

6.- Frantziako Tourra: 2013-06-29 / 2013-07-21

7.- Donostiako Klasikoa: 2013-07-27

8.- Espainiako Vuelta: 2013-08-24 / 2013-09-15

9.- Munduko Txapelketa: 2013-09-24 / 2013-09-29

Nahi izan ezkero hemen duzue egutegia .ICS formatuan zuen smartphone, ordenagailu edo egutegi zerbitzuetara igo ahal izateko: “Tropela.net 2013 egutegia”.

Gogoan izan aurten ere Urteko Sailkapena izango dugula, urteko puntu guztiak batuta osatzen dugun sailkapen hori.

Zer iruditzen zaizue aurtengo egutegia? Lehiaketa nahikoa, gutxiegi ala gehiegi al dira? Aldatzekotan zer aldatuko zenukete? Ohi bezala zuen iritziak entzuteko prest gaude.

Ea Tropelako denboraldia laster hasten den; gu behintzat jada irrikaz gaude!!

10 lehiaketa izango dira 2012an Tropela.net-en

Orain astebete inguru jarri genuen 2012rako lehiaketen inguruko galdeketa. Bertan, aurten olinpiar jokoak jokatuko direnez, Londreseko Olinpiar Jokoak ere lehiaketen artean sartzeko aukeraz galdetzen genizuen. Baina ez hori bakarrik, izan ere Olinpiar jokoak direla eta, Donostiako Klasikoa atzeratu egin dute egutegian eta horrek Vuelta eta bien artean 4 eguneko tartea besterik ez digu uzten. Ondorioz zalantza sortu zitzaigun eta egokiena zuei galdetzea zela iruditu zitzaigun. Continue reading “10 lehiaketa izango dira 2012an Tropela.net-en”