Iparraldeko Kanpainiaren fase erabakiorra: 1. astea

Flandeseko klasikoen garaia puntu gorenean sartua da jada. Datozen bi asteotan txirrindularitzak bizi dituen festa egun handienetako bi bizitzeko aukera izango dugu: Flandeseko Tourra eta Paris-Roubaix. Harbide gainean egiten diren lasterketak gogoko dituztenek galtzerik ez dituzten zitak.

Koppenberg igotzen 2006anHori bai, Iparraldeko Kanpainiako fase erabakior honetako aurreneko astea hiru egunetako lasterketa batekin hasiko da gaur, La Panne-go hiru egunekin hain zuzen. Formatua urtero berdintsua izan ohi da. Aurreneko bi etapetan igandean De Ronde handian igaro beharko dituzten hainbat aldapa edo berg igoko dituzte. Gaurko etapa gogorxeagoa da eta biharkoa luzexeagoa. Bi egunotan sailkapena lehiatuko dutenen zerrenda definitu beharko litzateke, osteguneko erlojupekoan (goizean beste sektore bat izango bada ere) dena erabakiko delarik.

Gauzak horrela, ibilbidea zein den kontuan hartuz, lasterketa garrantzitsu hau irabazteko hautagai nagusia Devolder da zalantzarik gabe. Martxoan zehar jokatu diren iparraldeko klasikoetan gorputzaldi bikaina erakutsi du, eta bere protagonismo kuota La Panne-n eduki lezake. Flandestarrak orain hiru urte eman zuen bere izena aditzera proba hau poltsikoratzean hain zuzen. Bere atzetik, lasterketa hau irabaztea ere badakiten Hoste eta Hincapie aipatuko nituzke, Gusev eta Maaskant-ekin batera. Bistan da erlojuaren aurkako saioak berebiziko garrantzia izango duela. Iaz Ballan izan zen garaile, aurreneko egunean Paolini-rekin batera lasterketa bi txirrindulariren arteko kontu batean uztean.

Baina asteko egun handiak flandestarren urteko egunik handienarekin egingo du bat, Ronde Van Vlaanderen edo Flandesko Tourrarekin, alegia. 264 kilometro eta betiko osagaiak: bide bazterrak lehoi beltzez josiak, txirrindularitza epikoaren esentzia, eta nola ez, muino gogorrak, horietako zenbait harbide guneekin. Gainera, ikusleon gozamenerako, aurten Koppenberg beldurgarria igo beharko dute berriz ere, iaz ibilbidetik at geratu ostean. Continue reading “Iparraldeko Kanpainiaren fase erabakiorra: 1. astea”

Esprinterren ordua?

dv222861.jpgBai, bai, Freire, Bennati eta Bettini ere esprinterrak dira, baina beste batzuez ari naiz, izen handia duten lagun biz hain zuzen esprinter puruagoak agian; izan ere, non daude Petacchi eta Boonen?

Bada, gaur eta bihar dute, nire ustez, azken aukera Espainiako Itzulian zerbait egiteko. Argi dago ez daudela sasoian; ez, behintzat, aipatu ditudan hiru horien parean. Era berean, Duque eta Gilbert egiten ari diren lana ere azpimarragarria da.

Baina beste batzuek ere agertu beharko dute egun bi hauetan, ze bestela jai izango dute aurrerago: Greipel, Usov, Chicchi, Clerc, Furlan…

Nork irabaziko du gaur? Eta bihar? Etapa antzekoak biak ere, esprinterrentzat egokiak. Boonenek eta Petacchik ezustekorik emango dute? Nik ezetz diot. Egin apustu.

Atzoko etapa Tropelean ez da puntuagarria izan

Boonen sprintetan nagusi eta Armstrong jada lider.

Atzo jokatu zen taldekako erlojupekoa ez da izan puntuagarria Tropela lehiaketan, arauetan adierazi bezala. Baina bai Boonen nagusi izan diren aurreko biak, eta horrek sailkapenean dantza eragin du.

3. etapako garailea Zaldibiako manu izan zen 360 punturekin eta berarentzat izango da Andoni Aranagaren maillot zoragarria. Sailkapen orokorrean, berriz, lider berria dugu: urko zarauztarra.

Pronostiko gehienek aurreratzen zuten bezala, atzoko erlojupekoan Armstrongen Discovery taldea izan da garaile. Ondorioz, Armstrong horiz janzteaz gain, sailkapen nagusian aldaketak izan dira. Honek gaurtik aurrerako puntu bilketatan eragina izango du.

Esan Tropelak puntuazioak etapa amaitu eta ordu bat edo bira eguneratuko dituela, batez ere azken egunotan sailkapenean egon diren azken uneko aldaketak izan direla eta, McEwenen deskalifikatzea kasu.