15. etapa: Lezat Sur Leze – St. Lary Soulan

Zalantzarik gabe Tourreko etaparik gogorrena dugu gaurko hau. Ezin da beste modu batetara kalifikatu 205km, horietatik 52km igoeran eta batez beste %7 inguruan dabiltzan maldez osatutako etapa hau.

Etapa aproposa hau ere urrunetik erasoak jotzeko baina urteak joan, urteak etorri mendiko azken etapan bakoitzak duen postua hobetzea baino mantentzeari begiratzen dio gehiago. Eskalatzaileak (hemen sartzen ditut Rasmussen eta Mancebo adibidez) saiatu daitezke hala ere erlojupekoan ondo ibiltzen direnak (Ullrich, Leipheimer, Landis) ahal bezain asko atzeratzen, hauek ez baitute azken erlojupeko luzean hutsik egingo.

Etaparen garaipena, hala eta guztiz ere ihesaldi batean egon daiteke. Beti moduan tropelak hartzen duen jarreraren menpe eta batez ere ihesaldian sartzen diren txirrindularien sailkapen nagusiko postuen menpe izango da etapako garaipena lortzeko aukera izatea edo ez.

Sailkapen nagusirako mehatxu handirik gabeko ihesaldia sortzen bada ez nintzateke harrituko Popovych bertan izatea, kontrol lana egiteko aitzakiarekin postu mordo bat aurreratzeko arriskua izango baitu. Hori, beti ere ihesaldi horretan sailkapenean bere aurretik dagoen beste txirrindularirik ez baldin badago, bestela estrategia horrek ez baitio balio.

Aurreneko mendatea baino lehen edo bertan sortu daitekeen ihesaldiak aurrera egin dezake, ez zait iruditzen sailkapen nagusiko hautagaiak azken bi mendateak iritsi arte mugituko direnik. Ikusiko dugu ihesaldi honetan zein sartzen diren baina Vinokourov, Botero (sailkapen nagusiko itxaropenak galdu ondore baliteke mendiko maillotaren borrokan sartzea), Pereiro, Contador, Garate, Sastre, Totschnig, Heras… bezalako txirrindulariak sartuko balira ezin harritu. Mayo, aurreko egunetan baino hobeto ikusten bada ihesaldi honetan sartzen saiatu behar luke, Tourra jokatzen ari diren oilarrekin buruz-buruko borroka batean jai izan baitezake azken mendateetan.

Ihesaldirik iristen ez baldin bada, Lance Armstrong hautagai nagusitzat ematea besterik ez zaigu geratzen. Azken 6 urteetan ikusi diogun anbizioa ez zait iruditzen egun batetik bestera galduko zuenik eta etaparen garaipena lortzeko aukera ikusi ezkero egon seguru saiatuko dela (eta ez da urruti ibiliko!!). Aurtengo Tourrean gainera oraindik ez du garaipenik eta ez du gustuko izango egoera horretan jarraitzea.

14. etapa: Agde – AX 3 Domaines

Hemen ditugu Pirinioak!!!! Eta horrekin batera bi etapa oso gogor eta erabakigarriak. Euskaldunez osaturiko mendateetan, kamixeta laranjak nagusi direlarik (Tropela.net-ko kamixeta pistatxoak ere bat baino gehiago ikustea espero dugu, salgai ere izango ditugu bertan) Tourra irabazi nahi dutenek hanketan dituzten indar guztiak bertan utzi beharra dauzkate. Hemen bai ez dagoela hurrengo egunen zain hasterik.

2003 urtean Carlos Sastrek ihes eginda irabazi zuen etaparen oso antzekoa dugu, bertan Armstrong-ek azken urteetan erakutsi duen ahulaldietako bat (ahulaldia baldin bada behintzat segundutxo batzuk atzeratzea!!!) ikusi ahal izan genuelarik.

Aurtengo Tourrean ez dira urrundik erasoa jotzeko prestatuta dauden etapa asko baina gutxietako bat gaurko hau dugu. Pirinioetan igotzen den mendaterik gogorrenetakoa (gogorrena ez esateagatik) dute, Pailheres, 15 km bataz beste 8,1%ko maldekin. Mendate hau jaitsi orduko azken igoera hasten da, beraz, aproposa urrunetik erasoa jotzeko, hala ere, azken urteetako jendearen portaera ikusirik beldur naiz sailkapenean aurrean daudenen arteko borroka azken 5 km-etara mugatzea.

Pailheres mendatean sailkapenean atzeraxeago dauden Vinokourov, Botero, Evans, Kashechkin bezalako txirrindularien erasoak espero ditut, agian Rasmussenena ere bai hala ere aurten oraindik garaipenik ez duen eta horretarako irrikaz beteta dagoen Lance Armstrong izango da hautagai nagusi AX-3-Domaines gainean. Gainera, Courchevel-en gertatu zitzaiona errepikatzea, hau da, esprintean norbaitek irabaztea, oso zaila ikusten dut, Valverderen faltan, amaieran beraren adinako abiadarik duenik ez baita Tourreko tropelean.

11. etapa: Courchevel РBrian̤on

Atzo aurreko 6 urtetako egoera berdina ikusteko moduan izan ginen. Mendiko aurreneko etapa eta bertan Armstrong estatubatuarrak aurrez hautagai nagusi ziren gehienak atzean utzi zituen, aipatzekoak batez ere Ullrich eta Vinokourov-en denbora galerak.

Atzoko etapa goian bukatu izaki normala zen talde buruen arteko buruz-buruko indar neurketa izatea. Goian bukatzen diren etapa gehienak halaxe izaten baitira, gaurko aldiz ihesalditxoren bat helmugara iristea ez litzateke harritzekoa izango. Ez hala ere edozein ihesaldi, Madeleine, Telegraphe eta Galibier mendateak azaltzen dituen etapa batek ezin du espero edonork irabaztea. Mendian ondo ibili baino sailkapenean atzean dabiltzan txirrindularien ihesaldi bat sortu daiteke eta tropelak aldeak lortzeko baimena ematen badie zergatik ez, etapa garaipenaren borrokan sartu. Ihesaldi honetan Moncoutie, Cioni, Garate (belauneko mina dauka baina), Kirchen, Contador, Pellizotti, Serrano, Vinokourov, Menchov, Frigo… bezalako txirrindulariak sar daitezke, hau da, tropelean izena eta fama dutenak. Aurreneko mendatean sor daitekeen ihesaldi honek hala ere beti moduan tropelak hartzen duen jarreraren zain egon beharko du etapa garaipena lortzeko modurik duten ikusteko.

Sailkapen nagusian ondo kokatuta dauden artean ez dut pentsatzen ezusteko handirik izango dugunik, nahiz eta aurtengo Tourreko mendaterik gogorrena igo beharrean izan, Galibier (Telegraphe aldetik). Atzo aurrean ikusi genituenak gaur ere hor ikusiko ditugula uste dut, agian errekuperatu baldin bada.

Helmuga non izango duten ere kontutan hartu beharrekoa da etapa irabazlea nor izango den jakiteko. Hain ezaguna den Briançon-eko harbidean gora egin beharko dituzte azken metroak eta hautagaiak berriro ere batera iritsi ezkero, Valverde murtziarra hautagai nagusi ematea beste aukerarik ez zaigu gelditzen.

Armstrong: “… paquete de cojones”

Horiexek izan ziren estatu batuarraren hitzak etapa amaitu ostean.

Gaizki ulertzera eraman bagaitzake ere, estatubatuarra Illes Balears taldeari buruz ari zen. Valverde 10. etapan Armstrongi gailendu zitzaion sprintean eta etapa bukatu ostean, laudorioak izan zituen Tourreko liderrak murtziarra eta bere taldearentzat. Euskal txirrindularientzat, berriz, ez zen egun oso ona izan.

10. etapa honetarako 5 maillot zoragarri izan ditugu lehen postuentzat, Dioni Galparsoro (Kaiku), Aitor Osa (Illes Balears), Iban Mayoz (Relax), Joseba Zubeldia (Euskaltel-Euskadi) eta Imanol Ervitik (Illes Balears) eskainitako maillotak. Garaileak IZURDE andoaindarra, mikelmani durangarra, Pass irundarra, arsu zarauztarra eta kontsejutxiki usurbildarra izan dira urrenez urren. Sailkapen orokorrean lider berria Ordiziako lander casado da.

Zorionak guztiei!

Atzoko etapa Tropelean ez da puntuagarria izan

Boonen sprintetan nagusi eta Armstrong jada lider.

Atzo jokatu zen taldekako erlojupekoa ez da izan puntuagarria Tropela lehiaketan, arauetan adierazi bezala. Baina bai Boonen nagusi izan diren aurreko biak, eta horrek sailkapenean dantza eragin du.

3. etapako garailea Zaldibiako manu izan zen 360 punturekin eta berarentzat izango da Andoni Aranagaren maillot zoragarria. Sailkapen orokorrean, berriz, lider berria dugu: urko zarauztarra.

Pronostiko gehienek aurreratzen zuten bezala, atzoko erlojupekoan Armstrongen Discovery taldea izan da garaile. Ondorioz, Armstrong horiz janzteaz gain, sailkapen nagusian aldaketak izan dira. Honek gaurtik aurrerako puntu bilketatan eragina izango du.

Esan Tropelak puntuazioak etapa amaitu eta ordu bat edo bira eguneratuko dituela, batez ere azken egunotan sailkapenean egon diren azken uneko aldaketak izan direla eta, McEwenen deskalifikatzea kasu.