(A)SO Contador-i

Contador AstananASO enpresak, Tourraren antolatzaileak, hankak moztu dizkio Contador-i, edo hobeki esanda, pedalak. Ez zuzenean, baina ondorio hori atera genezake bere taldeari ez baitiote 2008ko Tourrean parte hartzen utziko.

Aurrekoan otsailean gehiago izango genuela aurreratzen nizuen. Hemen adibide horietako bat eta hurrengoa Mayorena izango da. Hau otsailean aurreikusten bazen ere, badirudi berriak martxoa hasieran izango ditugula. Baina hori aurreragorako utziko dugu.

Astanak ezingo du ez Giroa ez eta Tourra korritu. Tourraren prentsa oharraren arabera, iazko gertakariek lasterketaren irudiari egindako kaltean oinarritzen da. Horretaz gain ez omen dute Astana taldean aldaketarik somatu eta neurri hau hartzea erabaki dute. Hori bai, 2008an Tourrean izan dadin “ahaleginak egingo” omen dituzte. Baina erabaki hauetan non dago UCIren iritzia?

Aspaldidanik somatu zen hiru handien eta UCIren arteko desadostasunak. Berez Astana UCI Protourreko taldea izanik, UCIko lasterketa guztietan parte hartu beharra du, baina egungo txirrindularitzaren mundu nahastu honetan, handiek beraien nahia UCIren gainetik jartzea erabaki dute. Badirudi UCIren azken egunetara iristen egon gaitezkeela.

Txirrindulariren bat edo beste irratian entzuteko parada izan dut, eta hauen esanetan txirrindularien etorkizuna kolokan jartzen du egoera honek gisa honetako babesleak txirrindularitzatik urruntzea baitakar. Noski, egun gero eta enpresa gutxiago dago interesatuta kirol honetan dagoen anabasa dela eta. Bestalde, eta jarraitzaile ikuspuntutik, seguru zenbaitek Contador Tourretik kenduta faborito nagusienetako bat alboratzeko helburuaz egin dutela pentsatzen duela, beste txirrindulariei (frantziarrei beharbada?) aurtengo Tourra irabazteko aukera eman asmotan.

Ez dakigu Astana enpresak zein jarrera hartuko duen berri honen aurrean. Beharbada taldeak babesten jarraitzea erabakiko du, baina zail xamar ikusten dut duen aurrekontua kontutan izanda. Nola eman errentagarritasuna inbertsioari urteko bi lasterketa garrantzitsuenetakoetan parte hartzeko aukerarik izan gabe? Bruyneel-ek zer pentsatua izango du hurrengo egunetan.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.