Telekomunikazioen etorkizuna hizpide Bartzelonan

3GSMAurreko astean lau egunez bildu ziren munduko enpresa garrantzitsuenetako ordezkariak Bartzelonan izan zen 3GSMko kongresuan. Aurrekoa Cannesen izan bazen ere, oraingoan Kataluniako hiriburua izan da aukeratua.

Kongresu hau sektoreko profesionalei zuzendua izan da eta 3.826 eurotako sarrera eskuratu behar izan du bertara joan denak. Hori izan da telekomunikazioaren etorkizunera lau egunez salto egiteko bidesaria.

Kongresuan Asiako nahiz bertako azken mugikorrak erakusgai izan badira ere, hizpiderik nagusienak interneteko nabigazioa eta mugikorreko telebista izan dira. Egun, 3G teknologia (UMTS, Universal Mobile Telecommunications System) nabigazio eta bideokonferentzietarako teknologiarik aurreratuena dela esaten badigute ere, Bartzelonan HSDPA (High Speed Downlink Packet Access) teknologiari buruz aritu dira. Diotenez, teknologia hau ezagutzen dugun ADSLaren parekoa da eta 14 Mb segunduko abiadurara irits daiteke, hots, UMTSa baino 7 aldiz azkarragoa. Vodafone eta Telefonica Salamanka eta Bartzelonan ari omen dira probak egiten teknologia honekin. Nire iritziz azkarregi, izan ere oraindik hainbat herri baitaude UMTSaren saretik kanpo, nirea kasu. “Telekomunikazioen etorkizuna hizpide Bartzelonan” irakurtzen jarraitu

Boonen sprinterra???

Jende asko zen Petacchi italiarra eta Boonen belgiarraren arteko sprintak ikusteko gogoz. Tom BoonenAndaluzia izan da bi garaile hauek topo egin duten unea eta italiarrak 2-1eko markagailua jarri du. Ez naiz ni izango ordea kontu hau ematen joango dena, nire ustez ez baitira inondik alderagarriak bi txirrindulari hauek. Petacchi sprinter petoa den bitartean, Boonen handiak askoz ere helmuga gehiagotan irabazteko aukera duela erakutsi izan du. Iazko denboraldia aparta egin zuen, aspaldian txirrindulari bati ikusi diodan onena, zalantzarik gabe, oso oso gutxiren eskutan baitago urte berean Flandriako Tourra, Paris-Roubaix, E3 (guretzat lasterketa ezezaguna baino galdetu belgikarrei zer garrantzia duen), Frantziako Tourrean etapak (erorketa ezean elastiko berdea Parisen jazteko aukerak zituen) edo Munduko Txapelketa irabaztea.

Horregatik ez nago batere ados Boonen sprintertzat jotzen duten zaleekin. Eta penagarria da, baina zale askorentzat Boonen horixe da, sprinter hutsa, ziurrenik iazko Tourrean irabazitako etapa eta jaso zuen sonagatik.

Ez diezaiogun mesedez, munduan dagoen klasikomano handienari sprinter etiketa soila jarri, nahiz eta gaur bezala munduko sprinterrik onenari noizean behin irabazteko gai izan. Eman diezaiegun klasikei, hemen ez baina beste herrialde askotan merezimendu osoz irabazita duten fama.

Juanma Garate: 'Giroan lehen bosten artean sailkatzeko modua dudala ikasi dut'

(Berria 2006-02-15)

Iaz, Koldo Gilekin batera, euskal txirrindulari onena izan zen. Aurten, honek ere, taldez aldatzea erabaki du eta Quick Step talde belgikar indartsura joan da. Bertan, Tom Boonen, munduko txapelduna, eta beste hainbat txirrindulari garrantzitsu izango ditu ondoan baina baita Jose Antonio Garrido txirrindulari bizkaitarra ere. Aurten ere, Italiako Giroa izango du helburu. Bere lasterketa kuttuna dela esan dezakegu eta gainera taldeak horretarako fitxatu du. Ea lan bikaina egiten duen eta bere erregulartasunari esker lehen postuetan bukatzen duen. Berak ere onartzen du, Giroa irabaztea ia ezinezkoa dela. Halere ez dezagun esperantza galdu denok baitakigu italiako lasterketa zeinen eroa izaten den eta zenbat sorpresa izaten diren. Ikusiko dugu…

Koldo Gil: 'ProTour Ligako itzuli txikiak dira nire erronka aurten'

(Berria 2006-02-15)

Txirrindulari burlatarrak lan bikaina egin zuen iaz, batez ere, astebeteko itzulietan. Andoni Urbistondok Berrian dioen bezala iazko euskal txirrindulari onenetarikoa izan genuen. Aurten, Saunier Duval taldera joan da kirol arloan hazteko aukera gehiago izango dituelakoan. Oraingoz, Matxinek, taldeko zuzendariak, gustuko egutegia osatzeko aukera eman dio eta gustura da. Aurtengo erronka, Euskal Herriko Itzulian, Romandian eta Suitzan lehen postuetan ibiltzea du. Ikusi egin beharko da talde berrira nola egokitzen den baina uste dut berak begiz jotako itzuliren bat irabazteko lehian ibiliko dela. Hik zer diok Aritz?