Flandriako Tourra 06

Ziurrenik euskal zale gehienak etxeko lasterketa hasi zain egongo dira, astelehenean emango baitzaio hasiera Irunen aurtengo Euskal Herriko Itzuliari. Hala ere, egun bat lehenago, igandean, Belgikako Flandrian egun handia ospatuko dute, bertan korritzen baita urteko klasikorik ospetsu eta ikusgarrienetariko bat: Flandriako Tourra. Flandriarrentzat festa egun berezia izaten da apirileko lehenengo igandea. Sekulako jendetza biltzen da errepide ertzetan, gehienak askorentzat hain ezaguna egingo zaizuen bandera hori/arrano beltzarekin. Kontatu ezina egingo zaizue honelako banderen kopurua.

koppenberg.jpgIbilbide ikusgarriko klasikoa dugu hau, batik bat ibilbidearen erditik aurrera, kota labur eta gogorrez josia, horien artean Koppenberg eta askotan lasterketan zehar erabakigarria gertatzen den Kapelmuur ezaguna, harbidezko malkar gogorra, helmugatik nahiko gertu dagoena, mendate hau eta helmugaren artean Bosberg mendatea bakarrik geratuko baitzaie.

Erakustaldi bikainak ikusiak gara klasiko honetan eta aurten ere izango ditugu horretarako prest diren taldeak. Hautagaiak aipatzerakoan, iazko txapelduna, Johan Musseuw-ren ondoren Flandriarren idolo berria Tom Boonen, denen gainetik aipatu beharko genuke baina agian horretxegatik beste txirrindulariren batek irabaz dezake Meerbeke-ko helmugan, batez ere bere taldekideren batek, Bettini, Nuyens edo Pozzato, euren liderrak izan dezakeen zaintzagatik.

Ez pentsa hala ere lanak errazak izango dituztenik Quick Step taldekoek, hor izango baitituzte Discovery Channel (Hincapie, Hammond, Hoste, Gusev, Devolder… talde bikaina) edo CSC (Cancellara, Arvesen, Kroon) bezalako talde indartsuak inguruan. Beste hautagai batzuk Van Petegem, Klier, Flecha edo Hushovd izan daitezke.

Asko Euskal Herriko Itzuliaren zain egongo bazarete ere, aukerarik baduzue behintzat ez ezazue gal igandeko klasiko handi hau, ez dut pentsatzen damutuko zaretenik. Ah, eta inongo dudarik gabe euskaldunak munduko zalerik onenak direla esaten dutenek ikus dezatela zer nolako jendetza biltzen den errepide bazterretan eta zenbat animatzen duten. Askotan geurea jotzen dugu hoberentzat baina…

Ba al dabil hortik klasiko zalerik?