1.etapa: Irun – Irun

Aditua EH ItzuliaGaur hasiko den Euskal Herriko Itzuliak gogortasuna du ezaugarri nagusitzat, hala ere badira etapa batzuk besteak baino erabakigarriagoak suertatuko direnak eta horien artean aurreneko etapa hau dugu. Ziurrenik, gaurkoa, asteartekoa eta azken eguneko erlojupekoa (Lerinen amaituko den etapak segundutxo batzuk bakarrik irabazteko balio behar luke) izango dira aurtengo edizio honetako irabazlea zein izango den jakiten lagundu diguten etapak.

Ohitura bihurtu zaigu Euskal Herriko Itzulian aurreneko etapan azken kilometroetan tropela apurtzeko aldapatxoren bat izatea. Beti saiatu dira aurreneko egunetik selekzio txikiren bat lortzen, aurtengoan ordea, aurreko urteetan baino selekzio handiagoa sortu dezaketen bi mendate jarri dituzte, Erlaitz bata, motza baina pikoa eta honen ondoren, aski ezaguna den Jaizkibel. Beti bezala txirrindularien gogoen menpe geratzen da egin daitekeen selekzioa baina Erlaitzetik mugimenduak hasten badira ez litzateke harritzekoa izango 15 txirrindulari baino gutxiagoko taldetxo bat izatea helmugan. Askotan esaten den bezala zaila izango da biharkoan aurtengo edizioko garailearen izena jakitea baina egon seguru aurrez hautagai bezala ematen ditugun txirrindulari bat baino gehiago lehenengo etapatik euren aukera guztiak galduko dituztela.

Pronostikoa? Sasoiko dauden eta talde txikietan bizkorrak direnen aldeko apustua egin beharra dago. Ez dakit Valverde sasoian dagoen baina modu honetako helmugetan habila denez beragatik apustu egingo nuke:

1. Valverde
2. Garzelli
3. S.Sanchez