Gaurko etapan Linus Gerdemann 24 urteko alemaniarra izan dugu garaile 15 kideko tropeltxoaren ihesaldiaren ostean. Tropeltxo honetan ziren Ruben Perez, Iñigo Landaluze eta Egoi Martinez euskaldunak. Rubenek lana beltz egin du tropelarekiko diferentzia mantendu zedin Colombière igotzen arte. Noski, Landaluzeren mesedetan. Goraka hasi direnean, ordea, Gerdemannek erasoa jo du. Lehen metroak Fofonovekin batera egin baditu ere, azken kilometroak bakarrik egin ditu. Atzetik Landaluze progresiboki alemaniarrarengana gerturatzen joan da, baina ez du 20 segundo baino gutxiagoko diferentzia jeisterik lortu. Bazirudien jaitsieran euskaldunak zerbait egin zezakeela, baina Gedermannek asko arriskatu eta etapa garaipenaz gain, Tourreko lidergoa eskuratu du. Hori bai, Landaluze sailkapen nagusiko bigarren postuan aurkitzen da gaurko etaparen ostean. Pena izan da garaipena eskuratu ezin izana, baina Euskaltel-Euskadik egindako lana bikaina izan dela ezin dugu ukatu.
Faboritoei dagokienez, Vinokourov eta Klodenek ondo gainditu dute gaurko etapa. Beharbada gainontzeko faboritoek erasoren bat jo beharko lukete Astanako bi kide hauen benetako egoera zein den ikusteko, baina ez da halakorik izan.
Bihar izango dute benetako azterketa txirrindulariek. Bihar jakingo dugu ea Vinokouroven benden azpian benetako zauriak dauden eta Klodenen pitzatua zenbaterainokoa den. Bihar ez da gupidarik izango. Bihar zirt edo zart egiteko eguna izango da.
“Pozzatorentzat aproposa…”, halaxe goraipatzen zintuen atzo arratsaldean gurean ezaguna den irrati esatari euskaltzale batek. Argi dago, Pippo (Sandrigo 1981), duela ez asko maisu izan zenuen Paolo Bettiniren traza bera duzula. Sprint lau, luze eta jendetsuetan ez zara eroso sentitzen… Tira, arrazoi duzu Pippo, Milano San Remokoa ezin da ahaztu. Dena dela, zuk nahiago dituzu sasi-ordekan edo hainbat muino txiki igarota amaitzen diren etapak. Ehiztari aparta zara. Kilkerra bezala.
Ederra egin duzu Gert! Zu bai bihurria. Sekula burutik pasa al zitzaizun zure kintako Boonen lagun zaharrarekin Tourreko sprint batean lehia izan eta gaindituko zenuela? Hala ere, ez da horren arraroa. Denboraldi txukuna daramazu. Lau garaipen eta beste hainbat lasterketetan lehenengo postuetan ibili zara. McEwenen bideratzaile gisa ezagutu zintugun. Ez nolanahikoa gainera. Baina aurten, Gert, iritsi da unea nolakoa zaren erakusteko. Argazkia: AFP Photo