Vaitkus ez da gaurko etapan irtengo, Hushovdek min handia du nerbio ziatikoan, Bennatik ez du saihetsik hautsita eta irtengo da, Cancellara liderrak kolpea du eskumuturrean eta irtengo da, Ventoso, Hoste, Fred Rodriguez… Eta Cavendish gaztearena ere marka da gero… Lehenengo etapan erori eta atzo ere sekulako kolpea hartu zuen (telebistako irudi ikusgarrietan argi ikusi zen).
Eta bitartean, Steegmans. Aurten, hiru garaipenekin zen, eta ez nolanahikoak: Algarven, Haselbacher, Vaitkus eta Petacchi garaitu zituen; La Pannen, Bennati, Balducci Pollack, Brown eta beste batzuk; eta Dunkerken ere irabazi zuen.
Eta atzo, Boonen maisua bigarren utzi zuen. Ez da edozein, ba, Steegmans.
Gaur etapa luzea dute, eta esprinta izango da, ziurrenik. Ea, bada, nola erantzuten duten atzo erori zirenek. Bestela, betikoa izango dugu: McEwen, Boonen…
Azkenean sartu ditugu emaitzak! Ez da lan erraza izan erabiltzaileak aztertzea eta erabakitzea onargarriak ziren ala ez. Kasu batzutan zalantza asko izan ditugu eta erabakirik zuzenena hartu beharra genuen. Arauak garbi jarri genituen eta hauek betetzea izan dugu helburu. Izan ere doako lehiaketa da eta guztiok aukera berdinak izatea nahi dugu.