Pippo ehiztari

Pozzato ehiztari“Pozzatorentzat aproposa…”, halaxe goraipatzen zintuen atzo arratsaldean gurean ezaguna den irrati esatari euskaltzale batek. Argi dago, Pippo (Sandrigo 1981), duela ez asko maisu izan zenuen Paolo Bettiniren traza bera duzula. Sprint lau, luze eta jendetsuetan ez zara eroso sentitzen… Tira, arrazoi duzu Pippo, Milano San Remokoa ezin da ahaztu. Dena dela, zuk nahiago dituzu sasi-ordekan edo hainbat muino txiki igarota amaitzen diren etapak. Ehiztari aparta zara. Kilkerra bezala.

Palmaresean bigarrena duzu atzokoa. Hori bai, hiru urte behar izan dituzu Frantziako Tourrean zure urrezko ilajea podiumaren lehen postuan erakusteko. Aztertu beharko genuke italiarrek ilajeekin duzuen estimua. Cipollini edo Di Lucaren ile-apaindegi berera joaten al zara? Mancebo ere tarteka joan izan da, ezta? Ez ezazu barre egin, pozik egoteko beste hainbat motibo baitituzu, Pozzato. Urteko laugarren garaipena; denera hogeita hamar inguru. Liquigas etxekoak gustura egongo dira zurekin. Bistakoa da Quick Stepeko “morrontza” lanetik urrun aske zarela; irabazle.

Tourra luze geratzen zaizu oraindik eta ziur beste behin edo bitan saiatuko zarela besteren bat irabazten. Aurreko egunetan bezala. Hala ere, egon ziur Freirek ez duela berehalakoan ahaztuko atzoko pultsua. Munduko txapeldun ordea honela gaindituta beldurrik baduzu hurrengo egunetara begira, Pippo?

Inaxio Esnaola
Argazkia: Roberto Bettini