Lokomotorak kea dariola jarraitzen du!

cancellara2.JPGHemen dugu berriro ere lokomotora suitzarra. A zer sua duen hanketan beronek. Garbi geratzen ari da ibilbide lau eta motzetan ez duela areriorik. Ezin esan ematen duen lehen erakustaldia denik baina larunbatean eta atzo erakutsi zuen nagusitasuna ikustea ezin esan erraza denik. Hain gustuko duen Paris – Roubaix klasikoaren hasiera den Compiegnen eskuak goian zituela ikusteko moduan izan ginen.

Ez nuke nahi hala ere erakustaldi honek atzoko etapa lotsagarria estaltzerik. Ez zait bidezkoa iruditzen txirrindularien jarrera hori. Txirrindularitza hain zalea ez den batek jarraitzen duen proba bakarra izan daitekeela jakinaz, nola azaldu atzoko etaparen garapena? bai, beti izango dira kilometro asko zirela, aurreko egunean mina hartutako jende asko zela eta makal joatea komeni zitzaiela… hala ere, ez zait iruditzen atzoko etapa justifikatzeko adinakoak direnik. Parisera iristen den azken eguna ematen zuen, txanpainak eta argazkiak bakarrik falta ziren.

Espero dezagun gaur atzo baino borroka handiagoa ikustea. Atzo Egoitzek ia asmatu zuen ihesaldi bat iritsiko zela esaterakoan. Agian gaurkoan ere pentsakera berdinarekin jarraitzen du baina nire ustez gaurkoan berriro ere esprinta ikusteko moduan izango garela uste dut. Helmugara iristen diren ihesaldiak azken astean izan ohi dute arrakasta eta gaurkoan ere jai izango dutela uste dut.