Gerdemann lider, Landaluze bigarren

LandaluzeGaurko etapan Linus Gerdemann 24 urteko alemaniarra izan dugu garaile 15 kideko tropeltxoaren ihesaldiaren ostean. Tropeltxo honetan ziren Ruben Perez, Iñigo Landaluze eta Egoi Martinez euskaldunak. Rubenek lana beltz egin du tropelarekiko diferentzia mantendu zedin Colombière igotzen arte. Noski, Landaluzeren mesedetan. Goraka hasi direnean, ordea, Gerdemannek erasoa jo du. Lehen metroak Fofonovekin batera egin baditu ere, azken kilometroak bakarrik egin ditu. Atzetik Landaluze progresiboki alemaniarrarengana gerturatzen joan da, baina ez du 20 segundo baino gutxiagoko diferentzia jeisterik lortu. Bazirudien jaitsieran euskaldunak zerbait egin zezakeela, baina Gedermannek asko arriskatu eta etapa garaipenaz gain, Tourreko lidergoa eskuratu du. Hori bai, Landaluze sailkapen nagusiko bigarren postuan aurkitzen da gaurko etaparen ostean. Pena izan da garaipena eskuratu ezin izana, baina Euskaltel-Euskadik egindako lana bikaina izan dela ezin dugu ukatu.

Faboritoei dagokienez, Vinokourov eta Klodenek ondo gainditu dute gaurko etapa. Beharbada gainontzeko faboritoek erasoren bat jo beharko lukete Astanako bi kide hauen benetako egoera zein den ikusteko, baina ez da halakorik izan.

Bihar izango dute benetako azterketa txirrindulariek. Bihar jakingo dugu ea Vinokouroven benden azpian benetako zauriak dauden eta Klodenen pitzatua zenbaterainokoa den. Bihar ez da gupidarik izango. Bihar zirt edo zart egiteko eguna izango da.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.