Urteko Sailkapenean aurrera egiteko Munduko Txapelketaren zain

2010ko Urteko Sailkapena Munduko Txapelketaren faltanGuztiok Urteko Sailkapenean aurrera egiteko azken aukera dugu aste honetan jokatuko diren Munduko Txapelketako erlojuaren aurkako eta errepideko saioetan. Eta guztiok diot, nahiz eta Tropelako Urteko Sailkapenaren aurrealdean aurkitzen ez garen, tropeltxoetan oraindik gauzak erabaki gabe izango ditugulako. Hala da nire kasuan behintzat.

Joxeja, xuxo94 eta txanik-ek osatzen dute podiuma oraingoz. Badirudi, ordea, oker handirik izaten ez badu, Joxeja azkoitiarrak bigarrenez Urteko Sailkapena poltsikoratuko duela ia 300 puntutako errenta baitu. Ez da makala azkoitiarraren marka!

Gogoratu aurtengoan lehen 15 postuetan sailkatutakoek jasoko dituztela sariak. Hurrengo igandean guztia erabakita geratuko da. Zorte on guztioi!!

Munduko txapelketaren zain

Melbourneko Munduko Txapelketa 2010Bihar hasiko da Munduko Txapelketaren kiniela egiteko epea. Hau izango da Urteko Sailkapenean puntuagarria izango den azken lehiaketa, beraz, sailkapen horretan buru belarri zabiltzatenok galdu ezin duzuen lehiaketa izango da. Gainontzekook, zaila izango den arren, Munduko Txapelketaren lehiaketa irabazten saiatuko gara Jakionen otarra irabazteko asmotan.

Bi gauza izan beharko dituzue kontutan azken lehiaketa honen inguruan. Lehena bi lasterketez osatutako lehiaketa izango dela. Hau da, aurtengoan, eta nobedade gisa, errepideko lasterketaz gain erlojuaren kontrako saioa ere puntuagarria izango da. Beraz, kiniela berarekin bi disziplinetan parte hartuko dugu eta bi etapa izango bailiran banatuko dira puntuak.

Ondorioz kiniela egiteko epea igandean amaitu beharrean asteazkenean (irailak 30ean, estatuan greba orokorra deitua den egunaren biharamunean) amaituko da. Baina hau ez da aipatu nahi nuen bigarren puntua. Bigarrena aurtengo munduko txapelketa Australian jokatzen dela da, zehazki Melbournen. Noski, antipodetan eguna gurean baino lehenago hasten da, zehazki gurean baino 8 ordu lehenago. Hori dela eta kiniela egiteko epea gurean goizeko 5:00 am direnean amaituko da.

Laburbilduz: kiniela egiteko epea irailaren 30a goizeko 5:00 am arte izango dugu eta kiniela berarekin errepide eta erlojuaren kontrako saioetan parte hartuko dugu.

Espero dut honekin guztia argituta utzi izana. Zalantzaren bat baduzu idatzi iruzkinak lasai eta joango guztiak erantzuten joango gara.

Zorte on guztioi!!

Eguneraketa: azken eguna irailaren 30a izango da eta ez irailaren 29a lehen argitaralpenean jarri genuen bezala. Baina kontuz, irailaren 30an goizeko 5 am itxiko baita eta ez arratsaldekoan.

Horren gertu, horren urrun

podiumEzequiel Mosquera eta Vincenzo Nibali orpoz orpo helmugaratu ziren La Bola del Mundon. Batak bestearen bihotz taupadak entzun zitzakeen ia. Tropeleko irakurle gehientsuenek entzunda ere izango ez duten lehia ekarri zidan niri gogora igoera ikusgarriaren bukaerak: Anquetilek eta Poulidorrek 1964ko Frantziako Tourrean, Puy de Dome mendate mitikon gora izandakoa.
Elkarrengandik gertu iritsi ziren, baina elkarrengandik oso urrun daude Mosquera eta Nibali. Galiziarrak badaki urte gutxi geratzen zaizkiola lanbide honetan, eta italiarrak denboraldiko izenik garrantzitsuenetakoa izan da, ezbairik gabe: hirugarren sailkatu zen Giroan, Monte Grappako etapa irabazita eta Vueltan garaile. Aurten hiru asteko bi itzulitan podiumera igo den bakarra. 25 urte baino ez ditu Nibalik.

Peter Velits ere deskubritu digu Vueltak, nolabait. Esloveniarrak ere 25 urte ditu, eta Nibali bezala, hiru asteko lasterketetan kontuan hartzeko txirrindularia izango dela. Andy Schlecken adin berekoak dira. Ezin ahaztu Van Garderen estatubatuarra -are gazteagoa da-, itzulia luze egin bazaio ere. Horiek guztiek estu hartu beharko lukete Alberto Contador datozen denboraldietako Tourrean, Igor Anton berarekin batera. Lehendabiziko mendi etapak ilusita, bazirudien Galdakaoko txirrindulariak oso gertu zuela Vuelta, indartsuena zelako, baina eroriko hark ezin urrunago jarri zion. Hala ere, Antonek ez du dudarik izan behar: onenen pare dago mendian. Baliteke egun batean Schleckek edo Contadorrek atzean uztea, baina beste egun batean bera izango da bikote hori gaindituko duena, ziur.

Beste zenbaitetan, aspergarria izan da Espainiako Vuelta. Aurten, ordea, antolatzaileek asmatu dute ibilbidearekin, eta argi geratu da La Bola del Mundoko edo Peña Cabargako etapak asteburuan jarri behar dituztela, txirrundulariek zaleen berotasuna suma dezaten. Gertu eduki ditzaten.

Argazkia: Roberto Bettini

Nibali Vs Mosquera

Mosquera 2010eko VueltanHauek dira aurtengo Espainiako Vuelta lehiatuko duten bi txirrindulariak nire ustez ezbeharrik gertatzen ez bazaie behintzat. Gaurko etapan Puritok denbora ikaragarri galdu du eta Peter Velitsek, berriz, ikaragarrizko erlojupekoa eginda etapa eta sailkapen nagusian hirugarren postuan sartzea lortu du. Purito bostgarren aurkitzen da Frank Schlecken atzetik.

Italiarra eta galiziarra, beraz, aurrez aurre. 39 segundoko tarteak bereizten ditu biak italiarraren alde. Bihar eta etziko etapak arazorik gabe pasatzea izango dute helburu larunbatean Bola del Mundoko etapan duten guztia emateko lasterketa irabazteko.

Ni gaurkoan harrituta geratu naiz Mosqueraren erlojuaren aurkako lanarekin. Egia da Nibalik zulatua izan duela eta horrek denbora galarazi diola, baina egoera bikainean jarri da galiziarra. Lehia bizia ikusiko dugula uste dut eta apusturen bat egitekotan Mosqueraren alde egingo nuke. Ez galdetu zergatik.

Podiuma oraindik erabaki gabe dagoela iruditzen zait. Peter Velits sartu da baina Frank Schleck, Purito eta, zergatik ez, Tondo saiatuko dira eslovakiarrarekiko duten 1’45”eko atzerapena jaten podiumean sartzeko.

Larunbateko etaparen zain geratzen gara oraindik asko baitugu ikusteko.

Tropela Sariak 2010

Tropela Sariak 2009 ekitaldia

Aurtengo Tropela.net 2010eko Sari Banaketa ekitaldia Zarautzen izango da urriaren 8an. Zehazki, ekitaldia Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan izango da eta ekitaldiari arratsaldeko 18:30tan emango zaio hasiera.

Sari banaketan Paris-Niza, Euskal Herriko Itzuli, Ardenetako Hirukote, Italiako Giro, Dauphine Libere, Frantziako Tour eta Donostiako Klasikoko sailkapen nagusian sarituak izango dira, eta hauez gain Espainiako Vueltan eta Munduko Txapelketan irabazle izango direnak. Beraz, oraindik guztiz erabaki gabe daude sari banaketara etorri behar dutenak. Zehazteko, ondorengo hauek izan behar dute sari banaketa ekitaldian:

1. Paris-Nizako sailkapen orokorreko garailea

2. Euskal Herriko Itzuliko sailkapen orokorreko garailea

3. Ardenetako Hirukoteko sailapen orokorreko garailea

4. Italiako Giroko sailkapen orokorreko lehen 3 postuetan sailkatutakoak

5. Dauphine Libereko sailkapen orokorreko garailea

6. Frantziako Tourreko sailkapen orokorreko lehen 16 postuetan sailkatutakoak

7. Donostiako Klasikoako garailea

8. Espainiako Vueltako lehen 3 postuetan sailkatutakoak

9. Munduko Txapelketako irabazlea

10. Tropela 2010 urteko sailkapeneko lehen 15 sailkatuak (lehiaketa guztiak amaitu eta gero, noski)

Hauei guztiei email bidez bidaliko dizuegu sari banaketa ekitaldirako gonbidapena.

Sari banaketa ekitaldia Arritxu Iribar Euskadi Irratiko kirol esatariak aurkeztuko du eta berarekin txirrindulari profesionalen bat edo beste izango dugu sariak banatzeko lanetan. Ekitaldia borobiltzeko zizka mizkak eta edariak ere izango dira etorriko zareten guztiontzat.