Contadorrek Cancellararen marka itzalpean utzi du

Cancellara erlojuaren kontrako Munduko txapeldun berriro

Badirudi bere garaipen ikaragarrian Contadorren ustezko positiboak itzalean utzi duela. Ez zait gutxiagorako iruditzen txirrindulariatzaren munduan Tourra irabazi duena auzitan jartzeak asko esan nahi baitu.

Txirrindularitzako berri nagusia Contadorren ustezko positiboa den arren gaurkoan lekua Cancellarari egin behar diogula iruditzen zait. Eta batez ere gure urteko azken lehiaketa jokoan jarri delako gaurkoan. Dopin kontuak bihar edo izango ditugu mintzagai.

Ez du hutsik egin suitzarrak. Bere esanetan gaurkoan gaurko erlojuaren kontrakoan gailentzea aurreko hiruretan baino gehiago kosta izan zaio. Niri ez zait hala iruditzen bigarren izan den Millar-i minutuko errenta atera baitio. Horrenbestez laugarren aldiz erlojuaren aurkako munduko txapelduna izango da Cancellara merezimendu osoz.

Eta gainontzekoak? Txapela kentzeko moduko erlojuaren kontrakoa etxekoek egin dute. Porte gazteak 4. egitea lortu du 1’19”rekin eta 5. Rogers 2’25”era. Gutxik espero zuten bi australiarrak lehen bost postuetan sailkatuko zirenik.

Ezustekoa ematen bestea Millar izan da. Egia da hirugarren izan den Tony Martinek zulatua izan duela eta horrek gutxienez 15 bat segundo galarazi dizkiola. Hala ere erlojuaren kontrako saio bikaina eginda bigarren sailkatu da Millar 1’02”ra eta hirugarren Martin 1’12”ra.

Nire ustez hiru maila ezberdinduko nituzke gaurko erlojuaren kontrako saioan: irabazlearen maila gaindi ezina, minutura sartu diren Millar, Martin eta Porte, eta azkenik gainontzekoak, 2’25”etik gorakoak.

Grabsch eta batez ere Larssonen maila baxua, nire ustez bederen, aipatu nahiko nituzke. Biak ere Cancellarak baino 3 minutu gehiago behar izan dituzte. Nik Larsson behintzat podiumetako postuen lehian arituko zela espero nuen, baina ez dakit ba zer gertatu zaion. Bere mailatik kanpo geratu dela uste dut.

Esan bezala, gaurko berriek Cancellararen garaipen itzela itzalean utzi dute. Ez dakit oihartzun handiagoa izateko igandeko errepidekoan lasterketa irabazi beharrean izango ote den.

Munduko txapelketaren zain

Melbourneko Munduko Txapelketa 2010Bihar hasiko da Munduko Txapelketaren kiniela egiteko epea. Hau izango da Urteko Sailkapenean puntuagarria izango den azken lehiaketa, beraz, sailkapen horretan buru belarri zabiltzatenok galdu ezin duzuen lehiaketa izango da. Gainontzekook, zaila izango den arren, Munduko Txapelketaren lehiaketa irabazten saiatuko gara Jakionen otarra irabazteko asmotan.

Bi gauza izan beharko dituzue kontutan azken lehiaketa honen inguruan. Lehena bi lasterketez osatutako lehiaketa izango dela. Hau da, aurtengoan, eta nobedade gisa, errepideko lasterketaz gain erlojuaren kontrako saioa ere puntuagarria izango da. Beraz, kiniela berarekin bi disziplinetan parte hartuko dugu eta bi etapa izango bailiran banatuko dira puntuak.

Ondorioz kiniela egiteko epea igandean amaitu beharrean asteazkenean (irailak 30ean, estatuan greba orokorra deitua den egunaren biharamunean) amaituko da. Baina hau ez da aipatu nahi nuen bigarren puntua. Bigarrena aurtengo munduko txapelketa Australian jokatzen dela da, zehazki Melbournen. Noski, antipodetan eguna gurean baino lehenago hasten da, zehazki gurean baino 8 ordu lehenago. Hori dela eta kiniela egiteko epea gurean goizeko 5:00 am direnean amaituko da.

Laburbilduz: kiniela egiteko epea irailaren 30a goizeko 5:00 am arte izango dugu eta kiniela berarekin errepide eta erlojuaren kontrako saioetan parte hartuko dugu.

Espero dut honekin guztia argituta utzi izana. Zalantzaren bat baduzu idatzi iruzkinak lasai eta joango guztiak erantzuten joango gara.

Zorte on guztioi!!

Eguneraketa: azken eguna irailaren 30a izango da eta ez irailaren 29a lehen argitaralpenean jarri genuen bezala. Baina kontuz, irailaren 30an goizeko 5 am itxiko baita eta ez arratsaldekoan.