Asteburu beldurgarriaren esperoan

igorAtseden eguna izan dute gaur Vueltan parte hartzen ari diren txirrindulariek. Orain artekoari begiratzeko une aproposa da, beraz. Badirudi lau txirrindulari borrokatuko direla itzulia irabazteko. Igor Anton, Purito Rodriguez, Vincenzo Nibali eta Frank Schleck. Euskaltel Euskadiko eta Katushako txirrindulariak orpoz orpo dabiltza. Galdakaoko txirrindulariak ez bezala, Puritok Tourrean parte hartu zuen eta Frantzian pilatutako nekea sumatu dezake azken etapetan. Akaso egunen batean mailot gorria jantzita gustura geratuko da kataluniarra.
Vincenzo Nibali oso indartsu dagoela ematen du. Lehen etapetan erasoak jo eta jo jardun zen, eta Xorret del Cati Anton eta Puritorekin igo zuen. Oso kontuan hartu behar da italiarra, baina erne; indar erakustaldiak larrutik ordain ditzake azken egunetan. Eta Frank Schleck? Bada aipaturiko hiru txirrindulariengandik ez dago oso gertu. Hori dela eta, asteazkenean, Palera bidean, eta asteburu menditsuan aurpegirik onena erakutsi beharko du bai ala bai. Xorret del Cati baino luzeagoak dira asteburuan igo beharreko aldapak eta horrek Luxenburgoko txirrindulariaren mesedetan beharko luke.

Denis Menchovek ere aipamentxoa merezu du. Errusiarrak pare bat minutu galdu zituen Xorret del Cati. Asko da, kontuan izanik haren gainetik txirrindulari bakar bat baino gehiago dagoela. Asteazkenean, Palera bidean Schlecken sasoi puntua ez ezik, Menchovena ere ikusi ahal izango da; Vuelta irabazi edo podiumean bukatu nahi duen ala dagoeneko amore eman duen.

Podiumerako postuetarako hautagaiak alde batera, badira probari bizitasuna eman beharko lioketen txirrindulariak, eta etapak irabazteko borroka bete-betean egon beharko liratekeenak. Ezequiel Mosquera ziurrenik lehen postuetatik nahiko gertu egongo da, lehen astean bezala ibiltzen bada behintzat. Caisse d’Epargnekoek ere aurrean behar dute, batik bat David Arroyok eta Luis Leon Sanchezek. Baita Cerveloko bikoteak ere: Sastre eta Tondo. Zalantzarik ere bada, noski. Van Garderen estatubatuar gazteak eutsiko al dio? Eta Peter Velits noraino iritsiko da? Nicholas Rochek goia jo al du? Espainiako Vueltako lehen asteak argi utzi diguna da Andy Schleck, Roman Kreuziger eta Christian Vandevelde ez direla sailkapen nagusiko borrokan sartu.

Hori guztia orain arte emandakoa da. Eta zer dakarkigu Vueltak datozen egunotarako? Ba aste honetan, asteazkeneko etapa kontuan hartzekoa da; Palen bukatuko da. Ez da oso mendate gogorra, baina ziurrenik faborito guztiak ez dira elkarrekin iritsiko. Asteburuko etapak, horiek bai gogorrak: larunbatean Peñacabargan bukatuko da etapa, igandean Covadongako lakuetan eta astelehenean Cotobellon. Handik aterata, duda gutxi geratuko dira sailkapen nagusiari begira.

Ezin azterketa moduko hau amaitu hildako Txema Gonzalez gogora ekarri gabe. Sky taldeko masajista arabarraren heriotzak doluz jantzi du itzulia.

Argazkia: Unipublic

1983

fignonIgon Antonek poz handia eman digu aste honetan. Espainiako Vueltako etapa irabazi du Galdakaoko txirrindulariak, eta sailkapen nagusian goiko postuetan jarri. Vuelta gertutik jarraitzeko nahikoa arrazoi, ezta? Hala ere, gauzak zer diren. Igor Antonek etapa irabazi duen egunean ez da protagonista bakarra izan txirrindularitzan. Izan ere, Laurent Fignon frantziarra hil da. Baten zoriona, bestearen azken arnasa gurutzatuta, ia-ia aldi berean.
1983an ere gurutzatu ziren, nolabait. Igor Anton 1983eko martxoan jaio zen; lau hilabete baino ez zituenean Fignonek Frantziako Tourra irabazi zuen lehenengoz. Hurrengo urtean ere gailendu zen. Frantziak bazuen Hinaulti lekukoa hartuko zion izarra. Fignon oso gaztea zen, 24 urte baino ez zituen. Dena dela, lesioengatik ez zuen Tour gehiago irabaziko.

Inolako zalantzarik gabe 1989ko Tourra etorri zaigu txirrindularitza zaleei burura egunotan. Berehala, gainera; ttak. 30 urtetik behera zaudetenak ez zarete gogoratuko, eta bakarrik zuek baino zaharragoa den norbaitek edo liburuek edo prensak kontatutakoa dakizue. Bai, zortzi segundorengatik galdu zuen Fignonek urte hartako Tourra, bere etxean, Parisen. Greg Lemond estatubatuarrak aurrea hartu zion azken erlojupekoan. Lemonden eskulekuak –triatloikoa- hautsak harrotu zituen, baina kontuak kontu, podiumaren koskarik gorenera igo zen. Egunkari askok Fignon gogora ekartzeko egun hartako irudia atera dute orain; ahalegin betean ageri da, Arc de Triomphe atzean duela, mailot horia soinean. Nik, ordea, beste irudi bat dut iltzatuta buruan. Helmugara iritsi berritan, lurrean, lur jota, negar batean, jendez inguraturik, boxealaria bailitzan. Epikak goia jo zuen egun hartan; Lemond hil zorian egon zen urte batzuk lehenago ehiza istripu baten erruz eta egun hartan zeruan zegoen, paradisuan. Fignonentzat, aldiz, etxea, hots Paris, infernu bilakatu zen.

Urte hartakoa alde batera utzita, ilehoria behin baino gehiagotan lehiatu zen Euskal Herrian. Euskadiko Sei Orduetan, esate baterako. Eta ezin ahaztu 1992ko Tourra, Donostiatik atera zena. Kutsu hunkigarririk ez zitzaion falta izan. Indurainek, Chiapuccik eta Bugnok lasterketaren lema hartu zuten arte, haien taldekideek, Perico Delgadok, Sthepen Rochek eta Laurent Fignon, hurrenez hurren, ihesaldietan sartuta ibili ziren. Batean baino gehiagotan, gainera. Zaleek bazekiten liderrek goiz hala berandu hartu zutela lasterketaren gidaritza, baina hiru txirrindulari beteranoak gatza eta piperra jarri zioten lasterketari, Sestriereseko etapa gogoangarriak nor bere lekuan jarri zuen arte.

Izaerak etsai asko ekarri zizkion Fignoni, baita Frantzian ere, baina bera da Tourra irabazi duen azken aurreko frantziarra; Hinaultek 1985ean irabazi zuen Frantziako Itzulia bosgarrenez. Joan den urtean kaleratutako biografiak ere hautsak harrotu zituen, bera eta gainerako guztiak dopatu egiten zirela aitortu baitzuen. Hala ere, azken arnasa eman ostean, bere herrialdeko berripaper garrantzitsuenek azalera eraman dute; azaleko gai bakarra izan da haietako batzuetan.

Tira, zutabe hau Igor Antonen balentria goratzeko zen, baina ziur Igorrek, irakurtzen duenean, ulertuko duela. Bera ere mailot horiarekin –Espainiako Vueltaren kasuan gorria- ikusiko ahal dugu laster!

Argazkia: Roberto Bettini (Greg Lemond eta Laurent Fignon 1989ko Tourra bukatu berritan)

Hankak, burua eta anbizioa

igor_anton_aAurrekoan, Tropela taldeak hautagai nagusi bezala jarritako sei txirrindulariek itzulia irabazteko aukera aztertu genuen. Igor Anton ez zegoen multzo horretan, euskaldunen taldetxoan baitago. Ezin bi multzotan egon, baina Antonek lehen postuetan behar luke.

Zur eta lur utzi gintuen 2006an, Vueltako etapa bat irabazita. Hurrengo urteetan erorikoek kalte handia egin zioten Galdakaoko igotzaileari. 2008an, adibidez, sasoian zegoela lurrean geratu zen, tropela Anglirun gora hastean zela. 27 urte ditu Euskaltel Euskadiko txirrindulariak. Adin ezin aproposagoa. Tourrean ez zen egon, taldeak Vueltara sasoi bete-betean eraman nahi izan duelako. Duela aste gutxi Burgosen onenen pare ibili zen Lagunas de Neilako etapa nagusian. Baikor izateko nahikoa argudio. Jakina, ez du tematu behar sailkapen nagusiarekin, baina akatsa litzateke hasi aurretik amore ematea. Oso igotzaile ona da, eta mendi asko izango da Espainiako Itzulian: Peña Cabarga, Cotobello, Covadongako lakuak, Bola del Mundo… Itzulia irabazteko beste hautagaiak ere, jakina, ondo egongo dira ziur, baina gaindiezinak diruditen bi txirrindulariak, Contador eta Andy Schleck ez ditu aurrean izango Antonek. Beno, Andy Schleck parte hartzekoa da, bai, baina litekeena da Frank anaiarentzat morrontza lanak egitea.

…Eta Beñat Intxaustirekin ere, erne. Gazteagoa da muxikarra -24 urte-, baina Euskal Herriko Itzulian erakutsi zuen txirrindularia dagoela. Ez du Euskaltel Euskadin jarraituko datorren denboraldian, baina horrek ez du aitzakia izan behar onena ez emateko larunbatetik aurrera.

Talde laranjak lehengaia badu. Anbizioz jokatzeko adina, nire ustez. Inork edo zerbaitek geldiarazten baditu Euskal Herriko txirrindulariak, errepidea edo aurkariak izan daitezela, baina ez euren burua.

Argazkia: www.arueda.com

Hautagai nagusiak, gertutik

menchovTropela taldeak honako seikotea jarri du hautagai nagusien multzoan: Schleck anaiak, Sastre, Nibali, Menchov eta Mosquera. Taldetxo honetan Denis Menchovek du eskarmentu gehien Espainiako Itzulian; errusiarrak bitan irabazi baitu. Sasoian ote dagoen? Baliteke, baina itzuli handi bat ondo egin ostean bigarrenean ere asmatzea ez da erraza inorentzat, eta Menchovek hirugarren bukatu du aurtengo Tourra. Joan den urtean, bestalde, Giroa irabazi ostean, Tour kaskarra osatu zuen Rabobankeko txirrindulariak.

Carlos Sastre espainiarra ere podiuma zapaldutakoa da, eta ziurrenik antolatzaileek jarritako aldapa makur guztiak ezagutzen ditu bertatik bertara. Gauzak ondo, ez ditu lehen postuak urrun izango, baina Giroan eta Tourrean lehiatu eta gero, sekulako balentria litzateke aurre-aurrean ibiltzea Vueltan. Schleck anaiei begira daude asko. Zer asmorekin joango dira Vueltara Frank eta Andy?. Anaia zaharrenak, Frankek, Tourreko arantza ateratzeko gogoa izango du, eta lehen egunetan erorikoren edo bestelako ustekaberen batek ez badu sailkapenaren atzealdera eramaten, borrokan bete-betean sartuko da. Andyk hari laguntzeko eginkizuna izango du, betiere lehen postua oso-oso eskura ikusten ez badu behintzat.

Vincenzo Nibali italiarrak ere dir-dir egin beharko luke larunbatetik aurrera. Giro bikaina egin zuen; Basso taldeburuarentzat morrontza lanetan jardun arren, etapa –letra larriz- irabazi zuen Monte Grapa igo ostean eta podiumean bukatu zuen. Uztailean atsedena hartu ostean, Burgosko Itzulian ez genuen lehen postuetatik aparte ibili. Haren kontra zer? Italiarrak Vuelta irabazteko lehian ikustea ez dela ohikoa.

Ezequiel Mosquera besteak baino koska bat beherago dagoela dirudi. Hala eta guztiz ere, Vuelta izaten da Xacobeoko taldeburuaren denboraldiko helburu nagusia, eta podiumera igotzerik izan ez badu ere, txukun jardun da urte batean baino gehiagotan.

Nire aukera? Ea ba: ez dut gehiegi arriskatuko: Denis Menchov eta Frank Schleck.

Argazkia: bettiniphoto

Espainiako Vuelta: aldaparik tenteena azken aurreko egunean

franckschleckrethierryroge1

Espainiako Vueltak Italiako Girora begiratu duela dirudi, ibilbidea ikusita. Izan ere, Italiako itzulian ohikoa izaten da mendiko etapa handia azken aurreko egunean ipintzea eta Vueltan hala izango da. La Bola del Mundora iritsiko baitira txirrindulariak, Navacerradan gora. Tourrean antzeko zerbait egin zuten iaz, Mont Ventoux azken aurreko egunean igota. Esan daiteke aurtengo Tourrarekin ere antza baduela Espainiako itzuliak, bakarkako erlojupeko saio luze bakarra jarri baitute antolatzaileek.

Aurretik ere gogortasuna sobera izango da tropela hamaika puskatan apurtzeko. Lehen eguneko taldekako erlojupekoa eta etapa lau batzuen ostean, bigarren asteburuan iritsiko da lehen etapa ikusgarria, larunbatean Alacanteko Xorret de Catin bukatuko dena. Ohiko bihurtzen ari da aldapatzarra Vueltan. Ez da luzea, eta alde izugarririk ez da izango, baina segundo apur batzuk izango dira batzuen eta besteen artean oso tentea baita. Igandekoan mendate handirik ez da izango, baina malda asko igo beharko dituzte ziklistek; min egin dezake etapa horrek. Txirrindularien zorionerako atseden eguna izango dute zain.

Bigarren astean ere asteburuan izango dira etapa nagusiak –asteazkenekoa Palen bukatzen da, Andorran, baina aldapa nahiko etzana da-. Larunbatean, hilak 11, Peña Cabargan bukatuko da: sei kilometroko aldapa eta batez bestekoa %10. Igandean, Vueltako igoerarik mitikoena iritsiko da, Covadongako lakuetara helduko da tropela. Gogortasuna ez da lakuetan amaituko, ezta gutxiagorik ere. Izan ere, astelehenean, Cotobellon izango dute helmuga: batez besteko aldapa %8 da. Aurretik San Lorenzo – %14 eta %15eko aldapak ditu mendate horrek eta La Cobertoria igo beharko dituzte.

Bigarren atseden egunean hauspoari buelta eman ahal izango diote txirrindulariek, azken txanpara aurre egiteko. Asteazkenean, hilak 16, Peñafielen 46 kilometroko erlojupekoa izango da. Eta oraindik ere sailkapen nagusia erabakita ez balego, La Bola del Mundok azken epaia emango du. Larunbatean, hilak 18, izango da ikusmin handia piztu duen igoera hori.

Bistan da ibilbidea ikusgarria dela, eta askotan esaten den bezala, txirrindulariek bihurtzen dute ibilbide jakin bat ikusgarri edo aspergarri. Beste batzuen artean, Schleck anaiek, Igor Antonek, Nibalik eta Purito Rodriguezek bihurtuko dute ikusgarri edo aspergarri xehetutako bidea.