Estatu Batuetako hurrengo harribitxia

Badirudi yankeen lurraldean Lance Armstrong baino ez dela existitzen. Levi Leipheimer, Christian Vandevelde, David Zabriskie eta beste hainbat txirrindularik gauza on asko egin dituzte, baina estatubatuarren unibertsoan Lance da Eguzkia, Ilargia, planetak eta asteroide guztiak. Dena eklipsatzen du Texasko txirrindulariak, baina, jakiek bezala, iraungipen data bat dauka. Idazten ari naizen bitartean konturatu naiz aipatu ditudan beste hirurek ere badituztela urte batzuk.

Ez dezagun ahaztu txirrindularitza Estatu Batuetan gorakada handia jasaten ari dela, bai txirrinduzale edo telebisten jarraipenari dagokionean, hala sponsorren inplikazioari dagokionean ere. Labur esanda, eta denboran atzera asko egin gabe  utopia bat zirudienean, Estatu Batuak txirrindularitzaren makuluetako bat bilakatu dira. California edo Georgiako itzuliek maila polita hartu dute, eta Gila bezalako beste batzuk gero eta talde eta txirrindulari hobeagoak dakartzate kontinente zaharretik.

Gauzak honela, nor izango ote da Estatu Batuetan txirrindularitzaren jarraipena bermatzeko merituak egingo dituen txirrindularia? Hornerrek ere ez du luzaro iraungo tropelean. Tom Danielson, antzera. Zer esanik ez George Hincapieren inguruan… Estatubatuar gehienak “kirol zahartzaroan” sartuta daude, eta errelebu generazional bat beharrezkoa izango da laister. Eta errelebu horrek izena eta abizena dauzka. Izena, Taylor, eta abizena, Phinney. Ez da izango Tourreko garaile, baina eskuak asko altxatuko dituela begiak itxita jokatuko nuke.

Taylor Phinney: Dudarik gabe berea da etorkizuna. Oraindik 20 urte bete ez dituenean, pistatik datorren txirrindulari hau zeresan handia ematen ari da Europako errepideetan. Pistan daudenak eta ez daudenak irabazi ditu jada (tartean jarraipen proba absolutua 2009 eta 2010ean), eta errepidean pilatu ditu makina bat garaipen. Azkenengoak, Olympia’s Tour izeneko lasterketa holandar batean. Atera kontuak: 7 etapatik 4 irabazi zituen (2 erlojupekoak eta 2 sprint), beste bi aldiz bigarren postuan amaitu zuen (beste 2 sprint), eta Itzuliko etaparik gogorrena 7. postuan bukatu zuen. Eta itzuli hau Stef Clement, Thomas Dekker edo Joost Posthuma bezalako jendeak irabazi izan du gaztaroan. Hori gutxi balitz, “nagusiekin” ere estreinatu da, aurrez aipatu dugun Gilako Itzulian etapa bat irabazita. Baina hor ez da dena amaitzen. 23 urtez azpiko Paris-Roubaix ere irabazi du aurten. Beraz, Taylor Phinney sprinter-erlojupeko espezialista-klasikomano nahaste interesagarri bat dela esan daiteke.

Gertutik jarraitu beharko dugu bere eboluzioa. “Eta huts egingo balu?” – galdetuko du norbaitek. Hori horrela izanda, Tejay van Garderen eta Peter Stetina aipatuko nituzke. Stetinarengan ez daukat aparteko ilusio edo esperantzarik, baina van Garderen ere urruti iristeko moduan dagoelakoan nago.

Astarlozaren 2 urteko zigorra ofizial egin da

2009ko TourMikel Astarlozaren prentsa oharra zigorraren berri jakin eta gerora bukatu ostean jakin zen Mikel Astarlozaren positiboaren berri. Guztiok ezustean harrapatu gintuen eta berria jakin bezain laster, Mikelek prentsaurreko bat eman zuen Amara Hotelean. Gu bertan izan ginen, eta galderarik ez erantzuteko erabakia hartuta, irmo eutsi nahi izan zion bere errugabetasunari.

Helegitea jarri eta bigarren laginaren kontra analisia eskatu zuen, baina honek ere baieztatu egin zuen EPOa hartu izana. Lagin haiek 2009ko ekainaren 26an hartutakoak dira, Tourra hasi aurrekoak. B laginak EPOa hartu zuela konfirmatuta, zigorra jaso artean zain izan da Mikel Astarloza bai bere errugabetasuna behin eta berriz adieraziz, baita inguruko eta Euskaltel-Euskadiren babesa jasoaz.

Atzo jakitera eman zen ofizialki Espainiako Federazioak 2 urteko suspentsioa bete beharko duela. Ondorioz 2011ko ekainaren 26a arte ezin izango du lehiatu. Mikelek adierazpen publiko baten bidez berriro ere bere errugabetasuna aldarrikatu du eta helegitea jarriko duela lehen baileen lehiaketara itzultzeko asmotan. Zail ikusten da, ordea, behin zigorra jarri eta gero kentzeko aukera.

Oraingoz guk dakigula iaz irabazitako Tourreko etapa ez diote kendu. Hala ere denbora kontua izango da garaipen hori bere palmaresetik kentzeko, izan ere zigorraren barruan lortutako garaipena baita.

Eta gaur Beñat Intxausti!!

Beñat Intxaustik Asturiaseko Itzuliko 3. etapan garaipenaAspaldian talde laranja garaipen gutxirekin zebilen, baina aste honetan bi euskaldun bi etapa garaipen lotzeko gai izan dira. Azkena gaurkoan Beñat Intxaustik lortutako etapa garaipena Asturiasko Itzulian jokatu den erlojupekoan. Eta gainera lidergoa bereganatu du. Aipatzekoa Jonathan Castroviejoren lana gaurkoan, bigarren denborarik onena egiteko gauza izan baita.

Beñat Euskal Herriko Itzulian podiumean sartzeko gauza izan zen Orion jokatu zen erlojupeko bikain bat egin ostean. Garbi dago Beñat sasoiko dagoela eta erlojupekoetan ez dela gaizki moldatzen. Gaur arratsaldean 3. etaparen 2. sektorea jokatu da. 14 km inguruko ibilbidea zuten eta zailtasun bakarra Piedras Blancaseko igoera. Igora hori izan da diferentziak sortu dituena helmugan.

Egia da lasterketa honetan ez daudela lehen mailako txirrindularirik Vicioso edo Mosqueraz gain, baina Euskaltel-Euskadi txukun ari dela esan beharko genuke. Urtasunek lortu zuen lehen etapan garaipena eta lidergoa; gaurkoan 3. etapa jokatu da eta atzo galdu zuten urrezko maillota Beñat Intxaustik berreskuratu du etapa garaipenarekin batera.

Asteburuan mendiko etapak jokatuko dira eta igandean emango zaio amaiera lasterketari. Segur aski Vicioso eta Mosquerak gogor ekingo diote lasterketa irabazteko, baina Beñat Intxausti defendatzeko gai izan daiteke nahiz eta 4 segundoko denbora tartea eskas xamarra duen. Aspaldian ikusi ez genuen Euskaltel-Euskadi bat ari gara ikusten Asturiasko Itzulian aurtengoan zalantzarik gabe.

Argazkia: www.lavueltaasturias.com

Pablo Urtasunek garaipena Asturiasen

Pablo UrtasunEuskaldunek lortzen duten bigarren garaipena izan da (lehena Igor Antonek eskuratu zuen Gaztela eta Leoneko Itzulian). Ez da naparrak lortzen duen lehen garaipena Asturiaseko proban; orain bi urte ere lehen etapa irabazteko gauza izan zen, orduan Liberty taldean aritzen zela.

Taldeari eskertu nahi izan dio garaipena guztien lanari esker lortutako garaipena izan dela garbi utzi nahirik. Garaipena, berriz, bere emazte eta etorkizuneko semeari eskaini nahi izan dio.

Etapa garaipenaz gain lasterketaren lider maillota eskuratu du. Horrek poza areagotu dio baina kosziente dira galtzeko arriskua dutela.

Ikusi beharko dugu ia nola joaten diren hurrengo egunak. Lasterketako faborito nagusia Vicioso da eta gertu gertutik zaindu beharko dute lasterketa honetan etapa garaipena baino zerbait gehiago lortu nahi badute behintzat.