Luis Leon Sanchez, Donostian garaile

sirottiCaisse d’Epargne taldeko Luis Leon Sanchez espainiarrak eskuratu du Donostia-Donostia klasikoa, azken metroetan iheskideak, Astanako Alexander Vinokourov eta Cerveloko Carlos Sastre gaindituta. Jaizkibel eta Arkale bi aldiz igota, sakabanaketa aurreko urteetan baino nabariagoa izan da.

Juanma Garatek, Gorka Verdugok eta Jose Ivan Gutierrezek gatza eta piperra jarri zioten lasterketari Jaizkibel bigarrenez ekin aurretik. Jaizkibeleko maldak iristean hasi ziren tropeleko kideen erasoak. Giroan horren ondo ibilitako Richie Porte australiarrak jo zuen aurrera eta tropela asko sakabanatu zen. Aurretik, Samuel Sanchezek, Alexander Vinokourovek, Purito Rodriguezek, Carlos Sastrek eta Nicolas Rochek egin zuten aurrera eta haiekin bat egiten ahalegindu zen Haimar Zubeldia. Robert Gesink, Hesjedal, Porte eta beste txirrindulari batzuk aurrekoekin lotzekotan zirela, Jaizkibelgo gaina harrapatzeko kilometro inguru falta zela, atzeko talde horretatik Luis Leon Sanchezek jauzi egin zuen eta haren atzetik Sastre eta Vinokourov baino ez ziren atera. Hirurak elkartu ziren jaitsieran, eta aurrera egin zuten; Irungo tarteko helmugan 37 segundoko tartea pilatu zuten.

Luis Leon Sanchezen erasoaHelmugatik 20 bat kilometrora azken aldapa gogorra igo zuten, Arkale, eta bertan aurreko hirukoteko inork ez zuen erasorik jo. Atzeko taldetxoan Gesinkek oso erritmo gogorra jarri zuen eta aurreko hiru ziklisten aldea pixka bat jaitsi zuen: 20 segundora. Gesink, Haimar Zubeldia, Hesjedal, Roche Sanchez eta Purito zebiltzan aurrekoak harrapatu nahian.

Hurbildu bai, baina harrapatu ez. Mirakruz gainak ez du normalean erabakigarria izaten, baina Vinokourovek eraso gogorra jo zuen, bakarrik helmugaratu nahian. Luis Leon Sanchezek Astanako txirrindulariaren gurpila harrapatu zuen, kostata hori bai. Sastrek, ordea, amore eman zuen. Hala eta guztiz ere, azken kilometroan Vinokurov eta Sanchez elkarri begira hasi eta Sastrek haiekin bat egin zuen berriz ere. Hiruren arteko azken esprintean Luis Leon Sanchez espainiarra nagusitu zen, Vinokouroven eta Sastreren aurretik. Haimar Zubeldia, Tourrean parte hartu ez badu ere, sasoian dago eta laugarren iritsi zen helmugara.

Caisse d’Epargne taldeko beste ziklista batek irabazi zuen lasterketa duela bi urte: Alejandro Valverdek.

Argazkiak: Sirotti (Cyclingnews.com) eta Mikel Mollinedo