Tropela hizkuntza gutxituen inguruko biltzar batean izango da

2010_hizkuntza_gutxituean_biltzarraEuskalduna Jauregian izango den biltzarraren izenburua “Gutxitutako Hizkuntzen erabilera Teknologia Berrietan sustatzeko praktika egokien biltzarra” da. Leizaola Fundazioak antolatzen duen biltzarra azaroaren 18 eta 19an izango da eta Tropela Elkarteak laugarren mahai inguruan hartuko du parte, ostiral goizeko emanaldian.

Tropela Elkartean biltzarrean parte hartzeko gonbidapena gustu handiz jaso genuen. Hizkuntzalari eta soziolinguista garrantzitsuek hartuko dute parte. Horietaz gain Google, Microsoft edo Facebook-eko ordezkariak ere izango dira besteak beste.

Teknologia berrietan euskararen erabilera sustatzeko garatutako egitasmo arrakastatsuenen bi aurkezpen izango dira. Bat ostegun arratsaldeko saioan eta bestea ostiral goizean. Guri, aurrez esan bezala, azaroaren 19an, ostirala, goizeko 11:45etan egokitu zaigu.

Biltzarraren inguruko informazio gehiago nahiko bazenute hemen gehitzen dizuegu esteka bat.

Mobi-Bike eguna: haur minbizidunak laguntzeko eguna bizikletaz Zarautzen

Mobi-bike eguna. AspanogiIgande honetarako Aspanogik (Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartea) Mobi-bike eguna antolatu du. Jai giroan eta bizikleten bueltan egun berezi hau ospatuko da Zarautzen eta ateratzen duten diru guztia elkartearentzako izango da.

Bizikletari lotutako eguna izango da batez ere igandekoa, bizikleta eta etxeko txikienak lotzen dituena: BTT ibilaldia izango da, Zarauzko I. triatloi txikia, bizikletaz aritzeko zirkuitu ezberdinak eta bizikletaz Zarautz inguruetan aritzeko aukera. Arratsalderako Pirritx, Porrotx eta Marimototx-en ekitalddia ere izango da (emankizunerako sarrera ordaindu beharko da).

Ekitaldi honetan Orbea Orca bizikleta bat zozketatuko da. Horretarako euro bateko salneurrian txartelak daude salgai. Tropela Elkartea Mobi-Bike egunari bere atxikimendua adierazten dio eta Tropela.net-eko erabiltzaileen artean bizikleta honen zozketarako 20 txartel zozketatuko ditugu. Txartelak eskuratzeko Twitter bidez zuen mezuak bidali beharko dituzue egun honen inguruko aipamenen bat eginez. Ez ahaztu #tropela eta #mobibike etiketak txertatzea mezuan bestela ez baitzarete zozketan sartuko. Mezuak bidaltzeko epea larunbat eguerdiko 14:00tan amaituko da. Garaileak zein izango diren larunbat arratsaldean emango dugu jakitera Twitter bidez.

Igandean egun polit bat izango denaren esperantzan ondo pasatzera gonbidatzen zaituztegu Zarautzera.

Tropela.net 2010 sari banaketa ekitaldi arrakastatsua

Tropela.net 2010 sariak. Sarituekin argazkia

Arrakastatsutzat jotzen dugu pasa den ostiralean (urriak 8an) izan genuen sari banaketa ekitaldia izan ere jende andana bildu baikinen bertan. Gure kalkuluen arabera 70 lagunetik gora izan ginen bertan eta hori eskertzekoa da. Eskerrik asko etorri zineten guztioi; arratsalde on bat pasa izan zenutelakoan gaude.

Tropela.net 2010 sariak. Amets, Haimar eta ArritxuArritxu Iribarrek gidatu zuen 2010eko sari banaketa ekitaldia. 50 saritik gora genituen banatzeko eta horretarako laguntza ezin bestekoa genuen. Aurtengoan ere Haimar Zubeldia eta Amets Txurrukaren laguntza bikaina izan genuen sari guzti horiek banatzeko. Eta amaitzeko, pintxo eta edariez gozatu aurretik, Agin Rezola eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek zenbait bertso eskaini zizkien bertaratutako guztiei.

Bertsolarien aurretik Egoitz Lizasok Tropela Elkarteko ordezkari gisa amaitu berri den 6. denboraldi honen inguruan azalpenak ematen aritu zen: lehiaketa kopuruen gorakada, urteko sailkapenari emandako garrantzia, parte hartze igoera, euskararen presentzia altua … eta batez ere bai euskal txirrindulariei, bai laguntzaile eta babesleei eta, nola ez, parte hartzen duzuen guztioi eskerrak eman zituen.

Eskerrik asko guzti guztioi zuen laguntza eta babesagatik. Honek guztiak aurrera egiteko indar berritzen gaitu.

Sariak gehitzen!!

2010eko sariakOrain arte jokatu diren lehiaketa guztietan sariak banatu ditu eta oraindik beste zenbait ditugu banatzeko, batez ere Urteko Sailkapenekoak.

Azken egun hauetan sari gehiago emateko aukera eskaini zaigu eta guk zuen artean banatu nahi ditugu. Sari berri horiek Vueltan eta Urteko Sailkapenean gehitu ditugu berriki. Era honetan Vueltako lehen hiruek sariak jasoko dituzte eta Urteko Sailkapenari dagokionez, berriz, lehen hamabost erabiltzaileak.

Bizikleta, bizikletarako ekipamenduak, otorduak, otarrak… izango dira banatuko ditugun sariak. Sari hauek guztiak sarien atalean ikus ditzakezue.

Sari banaketa ekitaldia

Sari guztiak sari banaketa ekitaldian banatuko ditugu. Aurtengoan urriaren 8an izango da sari banaketa ekitaldia. Saritu izan zaretenok sariaren bila ekitaldira etortzera gonbidatuak izango zarete.