Tropelaren maillot eta kuloteak salgai! Gainera deskontua lehen egunetan! [Eskaintza amaitu da]

Azkenean Tropelaren maillot eta kulote ofizialak salgai jarriko ditugu. Eskaintza martxan jarri dugun honetan %20ko deskontua egingo diegu maiatzaren 7a baino lehen egiten diren eskariei. Ez duzu eskaintza hau albo batera utzi nahiko, ezta?

Maillota eta kuloteak aparte erosteko aukera izango da baina baita osorik ere. Prezioak hauek izango dira:

– Maillot manga motza: 45 €. Eskaintzak dirauen bitartean 36 €!!!

– Kulote motzak: 65€. Eskaintzak dirauen bitartean 52 €!!!

– Ekipamendu osoa: 99€. Eskaintzak dirauen bitartean 79 €!!!

Eskariari bidalketa gastua gehitu beharko zaie (7€ izango da bidalketa gastua).

Eskaria eta ordainketa aurrez egin beharko da. Arroparen neurriak dokumentu honetan ikus ditzakezue. Bertan eskuragarri duzue ze neurri edo tallako maillotak eta kuloteak dituzuen eskura.
Continue reading “Tropelaren maillot eta kuloteak salgai! Gainera deskontua lehen egunetan! [Eskaintza amaitu da]”

Tropela.netek 6 urte betetzen ditu gaur!

Gaur 6 urte betetzen ditu Tropela.net webguneak. 6 urte daramatzagu 2005eko Tourreko lehiaketa martxan jartzeko hasi ginenetik proiektuarekin lanean eta gustura hasiera hartan ez baikenuen aurre ikusten 6 urtez daramagun ibilbidea egingo genuenik.

Atzo 2011ko Euskal Herriko Itzulia jarri genuen martxan eta jaso genezakeen oparirik onena jaso dugu. 24 ordu ere ez dira pasa kiniela egiteko epea ireki dugunetik eta epe honetan 2.563 kiniela egin dira. Sekulako marka!

Eskerrik asko guztioi gurekin euskaraz txirrindularitzaz gozatzeagatik eta zorionik beroenak zuei guztioi gurekin parte hartzen jarraitzen duzuelako! Ia urte askotan horrela jarraitzen dugun!

Urte berri on! 2011ean Tropela gehiago!

Tropela.netUrte berri on guztioi!! 2010a urte oparoa izan da ba Tropelarentzat eta zuei eskerrak eman nahi dizkizuegu horretan lagundu izanagatik.

2010ean 9 lehiaketa antolatu genituen. 2010eko martxoaren 7an ekin genion lehen aldiz Paris-Niza lasterketarekin. Ondoren Euskal Herriko Itzulia, Ardenetako Hirukotea (hau ere berria), Italiako Giroa, Dauphine Libere (hau ere berria), Frantziako Tourra, Donostiako Klasikoa, Espainiako Vuelta eta Munduko Txapelketa izan ziren. Munduko txapelketan ere aldaketan izan genituen eta 2010ean erlojuaren kontrako saioa ere puntuagarria izan zen. Lehiaketa guzti hauekin Urteko Sailkapena osatu genuen.

Lehiaketa guztietan gutxienez 5.000 kiniela izan genituen 2010ean eta errekorra, orain arte izan den bezala, Frantziako Tourrean izan genuen 11.541 kinielarekin. Bataz beste lehiaketa bakoitzean izandako parte hartzaile kopurua 7.000 kinielatakoa izan zen. Urte guztian izandako kiniela kopurua, berriz, 63.102 kiniela izan dira.

Guztion artean sari ugari banatu genituen 2010ean ere: bizikletak, otorduak, maillotak, ekipamenduak,… eta guztia doako parte hartzea izan arren.

Blogari dagokionez, 143 berri idatzi ditugu 2010ean gure blogari taldeari esker eta hainbat iruzkin jaso ditugu. 2010eko berrikuntza Tourrean grabatutako podcast-ak izan ziren; ia 2011ean ere podcast-ekin jarraitzeko aukera izaten dugun.

Sare sozialetan ere aritu gara 2010ean. Facebook-en 1.307 lagun ditugu eta 1.425 lagunek gustuko dute Tropela. Twitterren, berriz, 234 jarraitzaile ditugu.

Google-etik ere datu batzuk atera nahi izan ditugu. 2010ean 982.000 bisitatik gora izan ditugu. Bisitari bakarrak 162.000tik gora izan dira eta 5.000.000tik gora izan dira deskargatutako orrialdeak. Datu bikainak direla iruditzen zaigu euskara hutseko webgunea izanda eta hau guztia zuen fideltasunagatik izan da. Eskerrik asko guztioi!

Dagoeneko 2011erako prestatzen

Sartu berri garen 2011ean berrikuntzak izango direla aurreratu nahi dizuegu. Webgunean bertan aldaketatxo batzuk egingo dira eta laster izango dituzue ikusgai. Sorpresaren bat edo beste ere izango da, beraz, adi izatea gomendatzen dizuegu.

Ia 2011a iazkoa bezain oparoa izaten den! Txirrindularitzaz elkarrekin gozatzeko prest izango gara 2011ean ere! Urte berri on!

“Praktika egokiak gutxitutako hizkuntzen eta IKTetan sustatzeko” biltzarreko aurkezpen bideoa

Dagoeneko jarri dituzte biltzarreko bideoak ikusgai Leizaola Elkargokoek. Hemen gehitzen dizuegu gu izan ginen mahaiko bideoa. Egoitzen parte hartzea 18. minutu inguruan aurkitzen da eta hitz egin zuen guztiaren lehen zatia soilik aurkitzen da.

Bideoan guztia agertzen ez denez, hemen dituzue gure aurkezpena. Biltzarraren inguruko informazio gehiago nahiko bazenute aurreko post batean irakur dezakezue.

Tropela.net “Praktika egokiak gutxitutako hizkuntzen eta IKTetan sustatzeko” biltzarrean (2010)

Tropelaren inguruko hitzaldiaren hasiera

Gaur goizean egokitzen zitzaigun Tropelaren inguruan hitz egitea “praktika egokiak gutxitutako hizkuntzen eta IKTetan sustatzeko” biltzarrean. Atzo hasi zen jardunaldia eta gaur amaitzen zen. Gu laugarren eta azken solas-taldean aritu gara.

Gure aurretik arlo honetan diren adituek hartu dute parte. Egia esanda gure proiektua izango zen zalantzarik gabe hizlari guztien artean xumeena hitzaldian bertan aitortu dugun bezala.

Iñaki Irazabalbeitiak, ELEKA enpresako zuzendariak, eman dio hasiera gaurko jardunaldiari. Berak teknologia linguistikoen erronkak eta euskara normalizatzeko eman beharreko jarraibideak eman ditu. Bukaeran azpimarratu duena euskarak digitalizazioaren trena hartu duela da, baina ondo goazenaren sentsazioa dugun arren bagoia atzean geratzeko arriskuaz ohartarazi digu.

Gaurko lehen solaskide taldean Montserrat Pardo (Microsoft),  Leire Aginaga (Euskaltel) eta Maria Antònia Antonín (Bartzelonako Unibertsitateko linguistika departamentuko ordezkaria) izan dira. Nabarmentzekoa Montserraten esfortzua izan ere kataluniarra izanik eta euskaldun berri berria aurkezpena euskaraz egin baitu. Hitzaldien edukiari dagokionez, berriz, Maria Antònia linguista bera aukeratuko nuke. Mezu ezberdinak eman baditu ere beharbada interesgarriena komunikazio bide guztietan (SMS, txat, email, twitter, facebook,…) erabilera sustatu behar dela adierazi baitu nahiz eta komunikazio horietan hizkuntzaren arau guztiak ez bete.

Hurrena hitz egiten Ashish Venugopal izan da, San Frantzisko-tik etorri den Google-eko ordezkaria. Honek Google Translator-en inguruan hitz egin du eta nola funtzionatzen duen azaldu du. Badirudi beraien erremintak hobetzeko webgune multilingualak behar dituela horiek aztertuaz ikasten joaten baita itzulpen hobeak lortzeko, nahiz eta monolingualetatik ere ikasteko gai dela esan duen. Garbi geratu dena behintzat euskarara eta euskaratik itzulpen egokiak egiten ikasteko Google-en sistemak beharrezko duela euskarazko edukiak sarean izatea; zenbat eta gehiago hobe.

Hauen ondoren, berandu xamar izan bada ere, Joxe Rojas (Topagunea.org), Lander Arbelaitz (Argia.com), Josu Aztiria (Elhuyar Fundazioa), Joseba A. Etxebarria Gangoitia (Internet Euskadi Elkartea) eta ni neu Tropelaren inguruan aritu gara. Hitzaldien ordena hizlariak zerrendatu ditudan ordena berean izan dira ni Josebaren aurretik izan naizela salbu.

Joxek euskara elkarte ezberdinek interneteko teknologia komunikazioa sortzeko nola erabiltzen dituzten azaldu du, baita euskara bultzatzeko ere (Skype kasu). Landerrek Argiaren 91 urteko historian paperari teknologia berriak nola eragin dioten eta egokitzeko behar horietara Argiak ibilbideari nola ekin dion azaldu du. Josuk, berriz, hizkuntza saileko arduraduna izaki hiztegigintzan teknologia berrietara egokitu beharrak nola eragin dien eta negozio-ereduaren inguruko zalantzak plazaratu ditu.

Ikusten duzuen bezala era honetako ordezkariak ikusita gure txanda iritsi denean gure txikitasuna aitortu beharra sentitu dut. Nire txandari aitorpen horrekin ekin diot.

Gure proiektuaren sorreratik hasita noraino iritsi garen azaldu dugu. Denbora tarte honetan izan ditugun datu ezberdinak erakutsi ditugu eta argi utzi dugu egun oraindik Tropela.net proiektua aisialdian garatutako eta mantendutako proiektua dela. Hurrengo aurkezpen honetan ikus dezakezue zer azaldu dugun.

Nire atzetik esan bezala Josebak beraien elkarteak antolatzen dituen Buber sariez aritu da. Birritan aipatu du beraien asmoa teknologia berriak sustatzen diren proiektuak sari horiekin egindako lana eskertzea dutela xede. Eta gure izena ere aipatu du iaz “euskara sustatzeko webgune onenaren” Buber saria eman baitziguten. Eskertzekoa.

Gu bostok azalpenak eman ostean galderei txanda eman beharrean saioa amaitu egin du aurkezleak. Pena izan da seguru baikaude batek baino gehiagok galderak izango zituela. Nik behintzat bat edo beste banuen nire solaskideei egiteko, baina zoritxarrez esan bezala saioari amaiera eman zaio.

Leizaola Elkargoari gure eskerrak eman nahi dizkiogu ekitaldira gonbidatu izanagatik. Beno, ekitaldira eta ondoren goizeko jardunaldian parte hartu dugun hizlariok bazkaltzera gonbidatu izanagatik. Guretzako behintzat oso aberasgarria izan baita bai jardunaldian izatea baita ondorengo bazkaria. Aipatutako pertsonai garrantzitsu hauekin bazkaltzea eta solasean aritzea oso gustagarria izan zaigu. Eskerrik asko, beraz, antolatzaileei eta hizlari guztiei.