Tropela.net Buber sarietan finalista

tropela_buber2009Orain egun batzuk nola Tropela.net Buber sarietarako hautagai zen jakin arazi genizuen. Finalera iritsi ahal izateko zuen bozak behar genituen. Ba bozka horiei esker Tropela.net finalera sailkatu da. Aste honetan zehar epaimahaiari dagokio aukeraketa egitea. Zuei bezala epaimahaiari webgunea gustuko bazaio, Tropela.net saritua izan daiteke. Hori abendua hasieran jakingo dugu.

Gure eskerrik beroenak bozka eman diguzuen guztioi!

Tropela.net Buber sarietan hautagai

2009_bubersariakBuber sariak euskal webguneen artean banatzen diren sariak dira. Aurtengoa 7. edizioa izango da eta Tropela.net “Euskara sustatzeko webgunerik onena”ren sailean hautagai da. Dakizuen bezala Tropela.net txirrindularitzaren inguruan teknologia berriak, internet, eta euskara sustatzeko asmoz sortutako proiektua da horregatik dugu webgunea euskara hutsean.

Sari banaketa honetan, ordea, zuen laguntza beharrezko zaigu. Azken erabakia epaimahai batek hartuko badu ere, hautagai hauen guztien artean Tropela.net finalista izan ala ez zuek aukeratuko dituzue. Hori dela eta Buber sarien webgunean erabiltzailea sortu eta aipatutako atalean Tropela.net-eri bozka ematea eskatzen dizuegu. Anima zaitezte eta Tropela.net-i eman zuen bozka!! Ah, eta ez ahaztu ingurukoak ere jakinaren gainean jartzeaz!!

2009ko denboraldia amaitu zaigu

Tropela.net2009ko denboraldia igandean jokatu zen Mendrisioko Munduko txapelketarekin amaitu genuen. Orain sarituak izan zareten guztioi sariak banatzea besterik ez zaigu geratzen eta hori ostiral honetan egingo dugu Urola Kostako Udal Elkarteak duen egoitzan.

Aurtengoan Euskal Herriko Itzuliko lehiaketarekin hasi eta atzoko Munduko Txapelketa arte izan ditugu lehiaketak. Lehiaketa berri bat ere sartu dugu aurtengoan, Donostiako Klasikoa. Hemendik aurrera ere Donostiako Klasiko hau gure egutegian mantentzeko asmoa dugu.

2009an parte hartu duzuenen kopurua asko igo da. Iaz 24000 kiniela inguru egin baziren, aurten 35000 baino gehiago egin dira, eta hori Donostiako Klasikokoak kontutan hartu gabe. Azken hau kontutan hartuta ia 39000 izan dira. Tourreko lehiaketan 10000 kinielen marka ere gainditu genuen. Parte hartzea, benetan, ikaragarritzat jotzen dugu.

Sari ugari ere izan ditugu aurtengo ekitaldian. Guztira 100 saritik gora eman ditugu parte hartzaile guztion artean banatzeko. Egia da parte hartzeari begiratuz gero motz geratzen dela.

Berrikuntza ugari egin ditugu aurtengoan ere eta hauetan beharbada lehiaketari dagokionez esanguratsuena Urteko Sailkapena izan da.

Dagoeneko 22 lehiaketa eta 4 urte t’erdiko ibilbide honetan webgunea eta zerbitzua ahalik eta hoberen egiten saiatu gara. Badakigu bide horretan oraindik zer eginak baditugula. Zalantzarik gabe lan horretan jarraituko dugu hurrengo urtean webgune hobeago bat izan dadin.

Genioen bezala, Donostiako Klasikoa gehitu dugu aurtengo egutegian. Hurrengo urtean egutegi hori zabaltzeko asmoa dugu eta segur aski Euskal Herriko Itzulia iritsi aurretik beste lehiaketaren bat ere jokatuko dugu. Hauen artean aztertzen ari garena 2010eko denboraldia Tour Down Underrekin hastea pentsatzen ari gara. Ez dakigu zuek zer irizten diozuen. Norbaitek udaberriko klasikoekin ere zerbait egiteko aipua egin du. Gure aldetik aldaketak egiteko prest gaude baina zalantzak ere sortarazten zaizkigu. Eskertuko genizueke zuen ideiak eta nahiak blog honetan plazaratuko bazenizkigute, beti ere guztiontzako erabakirik onena har dezagun.

Gure babesle eta laguntzaileak ezin ditugu ahaztu. Eskerrak eman nahi dizkiegu sariak eman dizkiguten laguntzaile guzti horiei, publizitatearekin lagundu digutenei, maillotak ematen jarraitzen duten euskal txirrindulari horiei, komunikabideei, administrazio publiko… Guzti guztioi eskerrik asko.

Ezin ahaztu, ordea, protagonista nagusiak. Gure eskerrik beroenak zuentzako dira, lehiaketaz lehiaketa parte hartzen ari zareten guztioi.  Zuek zarete lehiaketa hau handi egiten duzuenak eta guri lanerako indarra bizirik manten arazten dutenak. Eskerrik asko bihotz bihotzez.

Aurrera begira jarrita, 2010eko urtea aurtengoa baino oparoagoa izatea espero dugu, lehiaketa gehiagorekin (ikusiko dugu), sari gehiagorekin eta dibertsiorik onenarekin euskaraz Tropela.net izeneko txirrindularitzaren txoko honetan.

Tropela Nickdutnik saioan

Atzoko Nickdutnik saioan Tropela Elkarteko bi kideri Zarautzen egindako elkarrizketa emititu zuten ETB3n. Dakizuen bezala Nickdutnik saioa interneten mugitzen diren ekimen eta enpresen ingurukoa izaten da eta atzo Tropela.net ekimenari tarte bat egin zioten.

Gure ustez erreportaje polita Nickdutnik-eko lan taldeak eginikoa eta eskerrak eman nahiko genizkieke gure txoko honetatik.

Hemen gehitu dizuegu bideoa ikusi ahal izan ez zenuten guztiok eskuragarri izan dezazuen.

Tropela Sariak 2009

Tropela.net sari banaketa 2005Aurtengo Tropela.net Sari Banaketa ekitaldia Zarautzen izango da urriaren 2a. Zehazki ekitaldia Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan izango da eta ekitaldiari hasiera arratsaldeko 18:30tan emango zaio.

Sari banaketan Euskal Herriko Itzuli, Italiako Giro eta Frantziako Tourreko sailkapen nagusian sarituak izango dira, eta hauetaz gain Espainiako Vueltan eta Mundialean izango direnak. Beraz, oraindik guztiz erabaki gabe daude sari banaketara etorri behar dutenak. Zehazteko, ondorengo hauek izan behar dute sari banaketa ekitaldian:

1. Euskal Herriko Itzuliko sailkapen orokorreko lehen 4 postuetan sailkatutakoak

2. Italiako Giroko sailkapen orokorreko lehen 4 postuetan sailkatutakoak

3. Frantziako Tourreko sailkapen orokorreko lehen 10 postuetan sailkatutakoak eta etapa bakoitzeko garaileak

4. Espainiako Vueltako lehen 6 postuetan sailkatutakoak

5. Munduko Txapelketako irabazlea

6. Urteko bukaerako sailkapeneko lehen 3 sailkatuak (lehiaketa guztiak amaitu eta gero, noski)

Hauei guztiei email bidez bidaliko dizuegu sari banaketa ekitaldirako gonbidapena.

Tourrean zehar aurreratzen genuen bezala, aipatutako parte hartzaile guzti hauen artean Lance Armstrong eta Alberto Contadorren maillotan zozketatuko ditugu sari banaketa ekitaldian bertan. Hori bai, zozketa honetan parte hartu ahal izateko sari banaketa ekitaldian izan beharra izango da.

Sari banaketa ekitaldia Joxe Mari Apaolaza Euskadi Irratiko esatariak aurkeztuko du eta berarekin txirrindulari profesionalen bat edo beste izateaz gain, bertsolariak ere izango dira. Ekitaldia borobiltzeko zizka mizkak eta edariak ere izango dira etorriko zareten guztiontzat.