2014a berrikuntzekin dator!

Tropela.netUrte berri on guztioi!!!

Egun gutxi barru hasiko da errepideko txirrindularitzaren denboraldi berria. Gu dakizuen moduan buru belarri ari gara lanean 2014ko urtea prestatzen. Dagokion momentuan izango duzue berrikuntzen berri. Bitartean itxaroteko eskatzea besterik ez zaigu geratzen.

Guretzako 2014a urte gogoangarri bat izango delakoan gaudela ekin diogu urte berri honi. Zuentzat ere hala izango dela espero dugu.

Jarrai dezagun txirrindularitzaz gozatzen!!

2014 denboraldiko lasterketen inguruko galdeketa. Emaitzak

Olentzero gaur gauean izango da gurean opariak eta batez ere poztasuna banatzen. Guk hitz eman genizuen bezala, Olentzerorekin batera, 2014 denboraldiko lasterketen inguruko galdeketaren emaitzak plazaratu nahi izan dugu. Eta 2014 denboraldiko egutegia noiz argitaratuko dugun? Bada berandu baino lehen, laster.

435 izan zineten galdeketa erantzun zenutenak eta guzti guztioi gure eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu zuen iritzia gugana ekarri izanagatik. Zuen erantzunek asko lagundu digute hurrengo urteko denboraldia egituratzeko orduan hurrengo lerroetan ikusiko duzuen moduan.

Lau izan ziren erantzun beharreko galderak. Hona hemen galderak, erantzun posibleak eta zuen erantzunak banan bana aztertuta.

Continue reading “2014 denboraldiko lasterketen inguruko galdeketa. Emaitzak”

2013ko Urteko sailkapeneko irabazleak sariak jaso ditu

Atzo elkartu ginen 2013ko Tropelako Urteko sailkapeneko irabazleari sariak emateko. Izan ere kepaeik TiendaAzul.com etxetresna merkeen web bidezko dendak emandako Philips telebista zoragarria eta Tropelaren aski ezaguna den maillota jaso behar zituen.

Lekeitiarrak ez zuen erraza izan Urteko sailkapena irabazteko azken lehiaketan aurreratu baitzuen lados Gernika-Lumoko erabiltzailea. Azkenean ladosek podiumeko 3. postuarekin konformatu behar izan zuen marangoni zarauztarrak era aurre hartu baitzion. Honela geratu da aurtengo podiuma Urteko sailkapenean:

1. kepaei 31.802 puntu

2. marangoni 31.353 puntu

3. lados 31.184 puntu

Ez da meritu makala podiumeko postuetan sailkatzea 17.472 erabiltzaileren artean. Gure zorionik beroenak aurrean amaitu duzuen guztioi nahiz eta sariak irabazlearentzako soilik genituen aurtengo urte honetan.

Ondoren bideo honetan Kepari, 2013ko Urteko irabazleari, eta Aitorri (TiendaAzul.com) egindako elkarrizketa duzue ikusgai:

Gure eskerrik beroenak aurtengoan ere Tropelari lagundu dioten babesleei, TiendaAzul.com eta Ipintza Sagardotegiari. Baita gure kolaboratzaile guztiei ere. Baina bereziki eskertu beste urte batez ere Tropelan parte hartu duzuen guztioi, zuek gabe ez baikenuke hemen jarraituko.

2014 denboraldiko lasterketen egutegia prestatzen

Gaur amaituko da Tropelaren 2013 denboraldian, gizonezkoen errepideko Munduko Txapelketa amaitzearekin batera. Hori dela eta, gu jada hurrengo urterako egutegia prestatzeari ekin behar diogu berandu baino lehen. Prestaketa horretan, ordea, zuen laguntza izan nahi dugu. Horretarako inkesta labur bat prestatu dugu zuen iritzia jakin ahal izateko. Eskertuko genizueke inkesta erantzungo bazenute oso lagungarri egingo baitzaigu hurrengo urteko denboraldia antolatzeko. Hemen duzue inkestaren esteka:


http://tropela.polldaddy.com/s/tropela-2014-lasterketen-egutegia

Inkestaz gain, bestelako iruzkinik edo iradokizunik baduzue, gehitu post honetan bertan. Zuen iritzia jakin zain geratzen gara!!

Kataluniarrek ere euren hizkuntzan parte hartuko dute Tropelan

20130621-021303.jpgTropela martxan jarri genuenean garbi genuen euskararen presentzia sarean nabarmentzeko proiektu bat izango zela gurea. 2005ean proiektua martxan jarri genuenetik gaur arte, Tropela euskara hutsezko webgune bat izan da eta harro aireratu dugu lau haizetara.

Gaur, aldiz, Tropela katalanez bizitzeko aukera eskaintzera gatoz. Lehen aldiz hizkuntza bat baino gehiagotan erabili ahal izango da Tropela. Baina zergatik aldaketa hau? Hau da hurrengo lerroetan azaltzen saiatuko garena.

Beti esan izan dugu Tropela handi bat behar dugula. 2005etik gaur arte, 8 urte luze hauetan zehar, Tropela handitzen joan da urtez urte. Baina zoritxarrez, hazkundea ez da nahikoa. Tropela handiagoa behar dugu bai Tropela eta bai euskara gehiago zabaldu dadin.

Handitze prozesu honetan hurrengo urrats logikoa lurralde eremu zabalagoa hartzea delakoan gaude. Horretarako euskararen mugak gainditzea beste aukerarik ez dugu. Ezin, ordea, mundura jauzi egin salto berean, pausoz pauso jorratu beharreko bidea da hartu duguna. Eremua zabaltzeko bide horretan lehen urratsa katalanari lotutako lurraldera jauzi egitea iritzi genion, kataluniarrei Tropelan euren hizkuntzan aritzeko aukera eskainiz. Hori bai, euskarak beti izango du lehentasuna gure artean eta horretarako beharrezko neurriak hartuko ditugu.

Zalantzarik izan ez dadin, garbi utzi nahi dugu Tropelak, katalana gehitu arren, bere horretan jarraituko duela, euskarari txoko indartsu bat eskainiz. Aldatu den gauza bakarra bere komunikatzeko gaitasuna da.

Euskara eta katalanak aurtengo Tour honetan badute kokaleku komun bat: Tropela.