2014 denboraldiko lasterketen inguruko galdeketa. Emaitzak

Olentzero gaur gauean izango da gurean opariak eta batez ere poztasuna banatzen. Guk hitz eman genizuen bezala, Olentzerorekin batera, 2014 denboraldiko lasterketen inguruko galdeketaren emaitzak plazaratu nahi izan dugu. Eta 2014 denboraldiko egutegia noiz argitaratuko dugun? Bada berandu baino lehen, laster.

435 izan zineten galdeketa erantzun zenutenak eta guzti guztioi gure eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu zuen iritzia gugana ekarri izanagatik. Zuen erantzunek asko lagundu digute hurrengo urteko denboraldia egituratzeko orduan hurrengo lerroetan ikusiko duzuen moduan.

Lau izan ziren erantzun beharreko galderak. Hona hemen galderak, erantzun posibleak eta zuen erantzunak banan bana aztertuta.

 

1. Galdera: Denboraldian zehar lasterketa gehiago gehitzea nahiko al zenuke?

Dakizuen moduan azken bi urteotan 10 lehiaketa izan dira: 2012an Londreseko Olinpiar Jokoak izan genituen eta aurten Emakumeen Bira. Aurten konturatu zareten moduan jada gai gara lehiaketa bat baino gehiago paraleloan antolatzeko eta horrek ate asko irekitzen dizkigu eta hori zen galdetzearen arrazoi nagusienetako bat.

%9a egutegia bere horretan uztearen aldekoa da. Gehiengoa, aldiz, %53 inguru, udaberriko klasikoetako lasterketaren bat gehitzearen alde agertu zarete. Baina %26ak lasterketa gehiago ere eskatzen dituzue. Lasterketa gehiago eskatzeko orduan gehien klasikoak aipatzen zenituzten (Roubaix, Flandes, Milan-Sanremo, Lonbardia…), atzetik Tour Down Under itzulia, Suitzakoa, Tirreno edota Volta izan dira.

Proposamen berezi batzuk ere jaso genituen, adibidez Tirreno jartzea Paris-Nizaren ordez harbideetako klasikoekin Ardenetako hirukotaren antzeko zerbait egitea, edo ahalik eta kiniela gehien bezalakoak. Zenbaitzuk Munduko txapelketatik Paris-Nizara bitarteko asteak gehiegi direla ere esan diguzue.

 

2. Galdera: Orain arte, Emakumeen Bira izan ezik, emakumezkoak eta gizonezkoak diren lasterketetan kiniela berean hautatu behar ziren. Zein da zure iritzia?

Zenbait alditan emakumezkoen lasterketen inguruko eztabaida izan dugu, batzuk alde besteak kontra. Kuantifikatze aldera, galdera zuzena egin genuen eta orain behitzat datu batzuk baditugu: %70a orain arte dagoen moduan uztearen aldekoak zarete eta %24ak nahiago duzue gizonezkoak eta emakumezkoak bereizita izatea. Emakumezkoak kentzearen alde %2,7a agertu da.

Jaso ditugun bestelako erantzunen artean alde edo kontra izateko bi arrazoi hauek jaso ditugu: batek berdintasuna bultzatu beharra dagoela gogorarazten digu eta beste batek emakumezkoen lasterketak kentzeko eskatzen zigun telebistaz ezin direlako jarraitu.

 

3. Galdera: Orain arte Urteko sailkapena urtean zehar egiten diren lasterketa guztiekin osatzen zen. Zer iruditzen zaizu?

Orokorrean ia guztiok – %90a – Urteko Sailkapena urtean zehar izaten ditugun lehiaketa guztiekin osatzearen alde agertu zarete. %9ak nahiago duzue urteko lasterketa garrantzitsuenak bakarrik kontutan hartzea – adibidez itzuli handiak bakarrik -.

 

4. Galdera: Tropelan errepideko lasterketak lehiatu ahal izan dira. Zer iruditzen ziklokrosa ere gehituko bagenu?

Galdera hau egitearen arrazoia batez ere negu partean izaten dugun geldialdia da. Aurrez aipatzen genuen bezala, Munduko txapelketatik Paris-Niza lasterketa bitartean denbora tarte handia izaten da. Horren aurrean zuen iritzia jasotzeko egin genizuen galdera hau.

%64ak errepidekoarekin bakarrik nahikoa dela irizten diozue, eta %25a ados zinateke ziklokroseko lasterketak ere gehitzeko baldin eta Urteko Sailkapenean kontutan hartuko ez balitzake. Badirudi Urteko Sailkapenak garrantzia duela zuetako askorentzat.

%10 inguru dago ziklokrosa Tropelan gehitzearen alde eta norbaitek pistako lasterketaren bat edo beste gehitzearen proposamena ere luzatu zigun.

 

Bestelako iruzkinak

Ezin genuen galdeketa amaitu galdeketaz kanpoko beste edozeren inguruan zuen iritzia emateko aukera eman gabe. Bildu ditugun bestelako iruzkinak hauek dituzue:

Taldekako erlojuaren kontrako etapak. Honen inguruan ere galdeketa bat egin genuen. Esan gaia aztertzen ari garela eta denboraldi hasieran honen inguruan zerbait esango dizuegula.
Portzentajeak guztiz kendu. Tropelaren sorreratik izan dugun eztabaida da hau eta uste dugu denbora luzez izango dela. Eta portzentajeak aipatuta, Oihanek Tourrerako egin zuen post hau ekarri nahi genizuke gogora.
Emakume txirrindularien inguruko informazio gehiago izatea Tropelan. Izan ziur honetan saiatuko garela, batez ere Sukiaren laguntzarekin.
Hainbat kilometrotan ihes egindako txirrindulariei puntuak ematea (Txurruka, Aramendia,…). Hau gauza oso subjektiboa izan daitekeelakoan gaude.
Sari potoloagoak ematea. Nahiago genuke, bai, sari gehiago emateko gai izango bagina!!
iOS eta Android aplikazioak. Hau ere gure egitekoen zerrenda dugu ba. Noizko? Oraindik ezin esan ba.

Espero dugu laburpen hau gustuko izango duzuela. Guri behintzat, aipatzen genuen moduan, oso lagungarri egin zaigu eta 2014 denboraldia zehazteko garaian ikusiko duzue nola zuen iritziak ere kontutan hartu izan diren.

Beste zerbait gehitu nahiko bazenukete aprobetxatu post honetan bertan zuen iruzkinak gehitzeko.