Mendiarekin bigarren kontaktua izango dute gaurkoan Italiako Giroko txirrindulariek. Monteverginen amaitu zen etapa baino bukaera gogorragoa du, ia 9 kilometro dituen eta %8ko bataz besteko aldapa igo beharko baitute.
Falta diren mendiko etapak kontutan hartuta zaila da gaur Giroa erabakita uztea (hori Armstrongek eta iaz Bassok bakarrik egin dute aspaldian) baina ziur Giro hasieran hautagaien artean zeudenen arteko izen zerrenda murrizten dela. Monteverginen oso indartsu agertu ez ziren batzuk, Popovych edo Savoldellik adibidez, aste honetan beroien sasoi-puntua hobetu ez badute agur esan diezaiokete Giroan izan ditzaketen aukerei.
Bestalde, euskaldun batek “maglia rosa” jazteko aukera izan daiteke. Noski, Patxi Vilataz ari naiz, nahiz eta Cunegoren aldeko lanean jarraitu beharko duen eta Bruseghin edo Arroyok ere beroien aukerak izan baditzakete ere.
Etapa garaipenerako Perez Cuapiogatik apostu egingo nuke, sailkapenean atzean egonik ez delako, momentuz behintzat, goian daudenen arerio zuzena.
Giroaren hasiera irla baten izan eta berorrek dakarren tokialdatzearen ondorioz segituan dugu aurreneko atseden eguna, eta hurrengo egunean aurreneko “mendiko etapa”. Kakotx artean jartzen dut, etapa esprinterrentzat ez den arren ez delako agian aproposena mendi gogorragoetan ikusiko ditugun protagonista berberak ikusteko.
Lehen etapa taldekako erlojupekoa izan da. Nagusi Liquigas taldea izan da pronostiko guztien aurka eta Euskaltel taldea azken postuan sailkatu da. Bagenekien talde apala zeramala talde euskaldunak eta inoiz ez dela izan taldekako erlojupeko etapetan nabarmendua, ez eta ere bere garairik onenetan ere. Ni behintzat ez nau harritu.
Larunbatean hasten zaigu Italiako Giroaren 90. edizioa. Garai honetan txirrindulari desberdinen sasoi puntu eta helburuek izan behar zutenean denen hizpide, Puerto Operazioak eta batez ere bertan Basso egoteak ekarri diezaiokeen zigorrak hartu dute indarra. Hain karrera garrantzitsu baten aurretik gai nagusia hori izateak alde batetik pena ematen didan arren, errudunek euren zigorra bete beharra dute, eta hori momentuz Bassori tokatu zaio, nahiz eta geo eta argiago izan Discoverykoaren ondoren beste txirrindulari batzuei (oso ezagunak gainera) tokatuko zaiela.
Hautagai nagusienei begiratuta, lehiaketan multzo horreta jarri diren Simoni, Cunego, Savoldelli eta Di Lucaren arteko borroka izan daitekeela uste dut. Hala ere, proba denetan gertatzen den gisa, beti agertzen dira inor gutxik esperotako txirrindulariak, Rujano duela bi urte edo iaz Q. Gutierrez (ay, ay Eufemiano, ez zara txarra!!!) bezala. Aurten ere egon ziur norbait “berria” agertuko zaigula eta hori asmatzean egon daiteke lehiaketa irabaztearen giltza.