Rasmussen eta Mayo mendian izugarri

rasmussenPena. Gaur ere euskaldunak bigarren. Baina ez da harritzekoa, Rasmussenek eman duen erakustaldiaren ostean, Mayoren bigarren postua faborito guztien aurretik txalotzekoa eta esperantza asko pizten dituena. Niri behintzat bai.

Gogoz nengoen gaurko etapa ikusteko. Eguraldi oso beroa eta haizetsua izan dugu eta egia esan nahiago nuen gaurko etapaz gerizpean gozatu. Halaxe egin dut eta benetan pena merezi izan du.

Rasmussenek merezimendu osoz irabazi ditu etapa eta maillot horia. Bai, nire ustez podiumerako txirrindulari bat izango da. Pentsa, helmugara iritsi denean ez du denborarik galdu nahi izan besoak jasotzeko ere. Gaur azken bi mendateak igotzeko erabili duen erritmoa oso gogorra izan dela argi utzi digu. Diferentziak begiratzerik besterik ez dago.

Mayok ere izugarrizko erakustaldia eman du. Jada hirugarren da sailkapen nagusian eta onenen aurretik ibili da. Baina zer jokabide hartuko du Saunierrek? Sailkapen nagusia lehiatzera joan beharrean aurkitzen direla iruditzen zait, baina hala egingo dute? Zalantzak ditut.

Vinokourov ez dabil ondo. Esperantzak nituen beragan, faborito nagusi nuen, baina gaurkoan ere denbora galdu du. Kloden Vinokourovi laguntzen izan da, beraz, garbi dago orain arte genuen lidergoaren zalantza argitu dela. Nahiz eta ez dabilen ondo Vinokourov, bera da liderra. Pentsa al daiteke egun hauek hala nola pasa eta Pirineoetan egoerari buelta emateko asmoa duela kazajistandarrak? Niri hori iruditu zait. Ikusiko dugu.

Moreaurena ez dakit nola azaldu. 36 urte eta erasoak jo eta jo. Jada hau ere faborito nagusitzat jo beharko dugu. Nik ez nuen hala uste nahiz eta Dophine irabazi zuen. Beharbada frantsesek duten esperantza bakarra denez…

Valverde hirugarren sailkatu da gaurko etapan. Gogotsu ikusi dut murtziarra. Badakit faboritoetako bat dela, baina gogoratu ez duela sekula Tourra bukatu. Aurtengoan ezberdin izango da? Garaipen eta guzti?

Atzetik Evans, Moreu, Schleck eta Kasheckin. Atzeraxeago indarrez ondo ibili den Contador eta Menchov eta Sastre bikotea. Beharbada azken bi hauek beranduegi ekin diote aurrera egiteari.

Rogers australiarrak, faboritoen artean genuen beste txirrindulariak, erorketa izan du eta lasterketa utzi beharrean izan da. Pena hau etapa oso ona egiten ari baitzen eta sailkapeneko lehen postuetan lehian ibiliko baitzen. Berarekin batera gaurko etapak kalean utzi dituen beste izen esanguratsu batzuk ere gogoratu nahiko nituzke: Cavendish, O’Grady, Napolitano eta McEwen. Azken honek maillot berdea lehiatzera joan dela Tourrera esan zuen baina helmugara denboraz kanpo iritsi da eta etxerako bidea hartu beharko du.

Kontuak kontu, aipatutako faborito guztiak 3 minuturen barruan daude. Ez dago ezer erabakita. Bi aste falta dira oraindik eta gauza asko ikusi behar ditugu. Gaurkoa ikusi eta gero ere, Vinokourov errekuperatuko denaren esperantza osoa dut. Hori uste dut behintzat.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.