Barredo Donostian garaile

Barredo. 2009ko Donostiako Klasikoan garaipenaBarredo Quick Step-eko txirrindulari asturiarrak 2009ko Donostiako Klasikoan garaipena lortu du eta esan behar merezimendu osoz izan dela. Kreuziguer eta biak iritsi dira Boulevardeko zuzenera, baina txekiarrak indarrik gabe geratuta, Barredok aise hartu dio aurre azken metroetan garaipena eskuratuz.

Gaurkoan tropel nagusitik zenbait txirrindularik ihes egin dute eta tropeltxo bat osatu dute. Jaizkibelen gora hasi direnean, 50 segundo inguruko aurrerapena zuten tropel nagusiarekiko. Atzean, ihesaldia kontrolpean zutela Caisse D’Epargnekoak ari ziren lanean Valverderen garaipenaren bila.

Jaizkibel igotzen ari zirela, Petrov izan da aurrera jotzen lehena. Tropel nagusian ere mugimenduak hasi dira eta Spilakek aurrera egin du eta aurreko tropeltxoarekin bat egitea lortu du. 14 txirrindulariko tropeltxoan Sorensen aritu da tiraka Petrov harrapatzeko asmotan eta lortu ere lortu du. Aurrealdean denak bat eginda zirela eta atzetik tropel nagusia denborak murrizten ari zirela ikusita, Spilakek aurrera egin du eta bakarrik ekin dio jaitsierari. Euria ari zuen eta susto bat baino gehiago izan ditu Lampreko gazteak eta ondorioz atzekoek harrapatu ahal izan dute.

Lasterketak gora behera asko izan ditu Irun igaro eta Arkale igotzen hasi diren arte. Arkalen Barredo eta Fedrigo jarri dira lasterketa buruan. Atzetik Kreuziger bi hauek harrapatzeko indarrean aritu da eta atzean, tropel nagusian, Caisse D’Epargne distantzia murrizteko ahaleginetan ari zen.

Pasaiara bidean Fedrigo, Kreuziger eta Barredo elkarrekin ziren eta atzean erasoak izan dira. Sanchezek eta Kirchenek aurrera egin dute. Jaitsiera bustiaz baliatuz, Barredok aurrera egin du eta Pasaiarako bideari ekitearekin batera, Sanchez asturiarrarekin bat egiteko gauza izan da. Oraindik gaina igotzeko zirela, Barredo eta Sanchez aurretik ziren eta 9 segundo ingurura Kirchen, Fedrigo eta Kreuziger oker ez banaiz.

Mirakruzeko gaina egitean uste dut (eta hau telebistaz ikusi duzuenak ulertuko duzue) bat egin duela boskoteak eta beranduago, Donostiara sartzen hasi direnean Zurriolaruntz, Kreuzigerrek erasoa jo eta aurrera egin du. Atzetik Barredo iritsi zaio eta tartea ateratzea lortu dute. Azken metroetan biak izan dira elkarrekin, eta aurrez esan bezala, Barredo indar gehiagorekin zen eta garaipena lortu du Kreuzigerren aurretik. Atzean, tropel nagusiak gainontzeko iheslariak harrapatu ditu eta batera iritsi dira.

Gaurkoan ETBn gustatu ez zaidana

Ez zait batere gustatu zenbat publizitate jarri duten eta zein momentutan ETBko adiskideek. Ez zait normala iruditu Jaizkibelgo jaitsieran publizitate mordo bat sartu eta bueltatu direnean Fermin Aramendik “ikusgarria izan da jaitsiera” esatea. Errepikapen txiki batzuekin konpontzen saiatu dira bana ez da berdina.

Lasterketa bukatzeko 13 kilometro inguru falta zirenean ere, beste iragarki sorta bat sartu dute. Pare bat izango balira, beno, ulertuko nuke, baina hainbeste? Haserretu eta TDP jartzea erabaki dut nahiz eta gazteleraz den. Horrelakoak Telecincok Giroa ematen zuen garaietan ikusten genuenean kritikatu egiten genuen. Orain TVEkoak iragarkiak kentzekotan aurrekontuak onartzen ari diren honetan, zer gertatzen da ETBn?

msb-ek Tropela.net-en idatzi duen iruzkinarekin ere bat egiten dut; ETBkoak Tourrera bidaliko nituzke txirrindularitza emanaldiak nola eman behar diren ikastera.

Donostiako Klasikoaren lehiaketa Tropela.net-en!!

2008ko Donostiako Klasikoa KontxanTourra bukatu berri den honetan, Donostiaren Klasikoa jokatuko den hastean sartu gara. Zenbaitek abuztuaren 14ean izango zenaren ustea bagenuen ere, ezustean harrapatu gaitu larunbatean jokatuko dela jakiteak. Baina ezustekoa handiagoa izan da Tropela Elkarteak klasikoaren inguruan lehiaketa antolatuko duela jakitean.

Tourreko lehiaketan zenbait ondo ibiliko zineten, beste batzuk erdipurdi eta asko nahi baino okerrago. Horientzako aukera berri bat dago aste honetan errebantxa hartzeko. Klasikorako lau multzotatik 15 txirrindulari hartu beharko dira: hautagaiak I (itzulietakoak) multzotik 3, hautagaiak IItik (klasikoak) 3, euskaldunetatik 3 eta besteetatik 6.

dv_klasikoa2009_partehartzaileakEgun bateko lasterketa izaki ez da erraza asmatzen zer gertatuko den. Ihesaldia izan daiteke edo esprintean bukatu. Ez dago jakiterik, baina normalean etapa ehiztariak izaten dira protagonista, azken urteetan behintzat hala gertatu da.

Informazio gehiago nahi baduzue Diario Vascoren webgune berezian begira dezakezue. Baina argi, beharbada informazio guztia ez da zuzena txertatzen dudan argazkian ikusi dezakezuen bezala, ala Karpets Columbia-HTCko txirrindularia da eta ni oraindik ez naiz jabetu?

2009ko sari banaketa ekitaldia urriaren 2an

2009ko Frantziako Tourreko sariakGaur bukatu da 2009ko Tourra eta berarekin batera Tropela.net-eko lehiaketa. Aurtengoan dakizuen bezala 10.000 parte hartzailetik gora izan dira eta sekula baino meritu gehiago du Tropela.net-eko lehiaketa irabazteak. Aurrez esan bezala, eskerrak eman nahi dizkizuegu guztioi lehiaketa handi honetan parte hartu eta gurekin txirrindularitzaz gozatu izanagatik.

Dakizuen bezala sari dezente genituen aurtengo ekitaldian parte hartzaile guztien artean banatzeko. Tropela Elkartea hurrengo egunetan zehar saritu guztiekin  jarriko da harremanetan, baina dagoenekoz jakin arazi nahi dizuegu urriaren 2an izango dela sari emate ekitaldia. Ekitaldi honetan denboraldi guztian zehar izango diren lehiaketetako sariak banatuko dira, horien artean 2009ko Tourraren azken lehiaketa hau. Saritu guztiak gonbidatuta zaudete sari banaketa ekitaldi honetara. Ekitaldi honen inguruko informazio gehiago emango dugu hurrengo egunetan.

Lehiaketako irabazleei dagokionez, 2009ko Frantziako Tourreko irabazlea mikel10 azpeitiarra da. Berarentzat izango da Eroski Bidaiak-ek emandako Teneriferako bidaia zoragarria. Zorionak, beraz, mikel10!

Sailkapen nagusian bigarren RODILLO donostiarra izan da. Honek 7.112 puntu eskuratu ditu, mikel10-ek baino 195 puntu gutxiago. Berarentzat izango da Kiroljokoak eskainitako mendi bizikleta. Podiuma osatzen, hirugarren posturako dugun saria, Atxaspi Hoteleko relaxa asteburua, Zarautza joan da eta irabazlea ZenonJaskula izan da.

alaika bergararra podiumetik 4 puntura soilik geratu da eta berarentzat izango da Zarauzko Olatu hoteleko asteburua. Bosgarren postua zumaiko San-ek lortu du eta Rezola sagardotegirako 6 pertsonentzako otorduaz gozatzeko aukera izango dute berak eta bere 5 adiskideek. Seigarren postua Zaldibiako zaldibik irabazi du eta honentzat 4 pertsonentzako otordua izango da Rezola sagardotegian. Mendaroko j.voight-ek ere otordua izango du sagardotegian, baina kasu honetan 2 pertsonentzat.

8. postuan zestoar bat sailkatu da, Mardu, eta berarentzat Hernialdeko Ostatuan 2 pertsonentzako otordu bat izango da. 9. eta 10. postuetarako Jakion-ek eskainitako otar eder bana dugu banatzeko eta sarituak bringi zumaiarra eta maryland errenteriarra izan dira.

Sari hauetaz gain, herrietako eta eskualdeetako sariak zeuden jokoan. Irabazleak zeintzuk izan diren ikusteko Sarien atalean begira dezakezue.

Hauetaz gain, egunero etapetan irabazle izan zaretenek euskal txirrindulariek emandako maillotak irabazi dituzue. Sarituen zerrenda hurrengo egunetan zehar argitaratuko dugu.

Nahita ala nahi gabe?

Atzo askok ikusi genuen Parisko zelai eliseoetan Alberto Contador (Astana) espainiarra Frantziako Tourreko podiumeko gailurrera igotzen bere ondoan Andy Schleck (CSC) eta inoiz baino serioago egon zen Lance Armstrong (Astana) amerikarra. Eta asko eta asko jabetu ginen entzuten zen ereserkia ez zela ondo ezagutzen dugun espainiarra. Zer gertatu zen ordea?

Gaur goizean Sustatun irakurri dudanez jarri zuten ereserkia daniarra zen eta han zeuden agintarien haserrea baretzeko taldekako sailkapeneko irabazleak igo zirenean, Astana talde Kazakhastandarrekoak, orduan jarri zuten himno espainiarra. Nire susmoak plazaratu nahi ditut hemen, honelako antolakuntza izanik ez baitut uste nahi gabe egindako akatsa izan zenik. Protokolo guztia zertarako ondoren nahi duten ereserkia jotzen badute? Akats larriegia ez al da? Zuek zer diozue?

Informazio iturria: Contador Tourreko garaile, Danimarkako ereserkiarekin (sustatu.com)

Eta Tourra amaitutakoan lehiaketa gehiago!!

2009ko Espainiako VueltaGaur amaituko da denboraldiko lasterketarik garrantzitsuena eta berarekin batera Tropela.net-eko 2009ko Tourreko lehiaketa. 10000 kinielatik gora egin dira eta hori Euskal Herrian dugun zaletasunaren seinale garbia da. Aurtengoan hori gutxi balitz, zalegoaren jarraipenak euskal txirrindularien bi garaipen historikoz gozatzeko aukera izan du: Mikel Astarlozaren Alpeetako garaipena eta atzokoan Juanma Garatek Mont Ventouxen lortu zuena.

Baina ez dira Tourrarekin aurtengo lehiaketak amaitzen. Abuztuaren 29an Espainiako Vuelta hasiko da eta hori ere Tropela.net-eko lehiaketarekin goza dezakezue. Irailak 20ra bitartean Espainiako lurretan izan ezik, Holandako lurretan ere ibiliko dira txirrindulariak.

2009ko Munduko TxapelketaUrtea eta denboraldia amaitzeko, ibilbideko Munduko txapelduna erabakiko duen lasterketa ere jokoan izango dugu gure webgunean. Txapelketa hau Suitzako Mendrision jokatuko da okerrik ezean irailak 27an.

Orain arteko urteetan egin bezala, Vuelta eta Munduko txapelketa faltako lirateke jokatzeko. Baina aurtengoan aldaketatxo bat egitekotan gara eta lehiaketa hauei Donostiako Klasikoa gehitzekotan gara. Klasikoa hau hurrengo larunbatean jokatuko da, beraz, adi izan.

Urtean zehar parte hartzen dituzuen lehiaketa guztien puntuak batutako Urteko Sailkapena osatzen dugu. Horregatik da garrantzizkoa lehiaketa guztietan parte hartzea urteko lehiatzailerik onena izan nahi baduzu. Gogoan izan: Donostiako Klasikoa (abuztuak 1; ziurtatzeko), Espainiako Vuelta (abuztuak 29tik irailak 20ra) eta Munduko txapelketa (irailak 27).