Barredo Donostian garaile

Barredo. 2009ko Donostiako Klasikoan garaipenaBarredo Quick Step-eko txirrindulari asturiarrak 2009ko Donostiako Klasikoan garaipena lortu du eta esan behar merezimendu osoz izan dela. Kreuziguer eta biak iritsi dira Boulevardeko zuzenera, baina txekiarrak indarrik gabe geratuta, Barredok aise hartu dio aurre azken metroetan garaipena eskuratuz.

Gaurkoan tropel nagusitik zenbait txirrindularik ihes egin dute eta tropeltxo bat osatu dute. Jaizkibelen gora hasi direnean, 50 segundo inguruko aurrerapena zuten tropel nagusiarekiko. Atzean, ihesaldia kontrolpean zutela Caisse D’Epargnekoak ari ziren lanean Valverderen garaipenaren bila.

Jaizkibel igotzen ari zirela, Petrov izan da aurrera jotzen lehena. Tropel nagusian ere mugimenduak hasi dira eta Spilakek aurrera egin du eta aurreko tropeltxoarekin bat egitea lortu du. 14 txirrindulariko tropeltxoan Sorensen aritu da tiraka Petrov harrapatzeko asmotan eta lortu ere lortu du. Aurrealdean denak bat eginda zirela eta atzetik tropel nagusia denborak murrizten ari zirela ikusita, Spilakek aurrera egin du eta bakarrik ekin dio jaitsierari. Euria ari zuen eta susto bat baino gehiago izan ditu Lampreko gazteak eta ondorioz atzekoek harrapatu ahal izan dute.

Lasterketak gora behera asko izan ditu Irun igaro eta Arkale igotzen hasi diren arte. Arkalen Barredo eta Fedrigo jarri dira lasterketa buruan. Atzetik Kreuziger bi hauek harrapatzeko indarrean aritu da eta atzean, tropel nagusian, Caisse D’Epargne distantzia murrizteko ahaleginetan ari zen.

Pasaiara bidean Fedrigo, Kreuziger eta Barredo elkarrekin ziren eta atzean erasoak izan dira. Sanchezek eta Kirchenek aurrera egin dute. Jaitsiera bustiaz baliatuz, Barredok aurrera egin du eta Pasaiarako bideari ekitearekin batera, Sanchez asturiarrarekin bat egiteko gauza izan da. Oraindik gaina igotzeko zirela, Barredo eta Sanchez aurretik ziren eta 9 segundo ingurura Kirchen, Fedrigo eta Kreuziger oker ez banaiz.

Mirakruzeko gaina egitean uste dut (eta hau telebistaz ikusi duzuenak ulertuko duzue) bat egin duela boskoteak eta beranduago, Donostiara sartzen hasi direnean Zurriolaruntz, Kreuzigerrek erasoa jo eta aurrera egin du. Atzetik Barredo iritsi zaio eta tartea ateratzea lortu dute. Azken metroetan biak izan dira elkarrekin, eta aurrez esan bezala, Barredo indar gehiagorekin zen eta garaipena lortu du Kreuzigerren aurretik. Atzean, tropel nagusiak gainontzeko iheslariak harrapatu ditu eta batera iritsi dira.

Gaurkoan ETBn gustatu ez zaidana

Ez zait batere gustatu zenbat publizitate jarri duten eta zein momentutan ETBko adiskideek. Ez zait normala iruditu Jaizkibelgo jaitsieran publizitate mordo bat sartu eta bueltatu direnean Fermin Aramendik “ikusgarria izan da jaitsiera” esatea. Errepikapen txiki batzuekin konpontzen saiatu dira bana ez da berdina.

Lasterketa bukatzeko 13 kilometro inguru falta zirenean ere, beste iragarki sorta bat sartu dute. Pare bat izango balira, beno, ulertuko nuke, baina hainbeste? Haserretu eta TDP jartzea erabaki dut nahiz eta gazteleraz den. Horrelakoak Telecincok Giroa ematen zuen garaietan ikusten genuenean kritikatu egiten genuen. Orain TVEkoak iragarkiak kentzekotan aurrekontuak onartzen ari diren honetan, zer gertatzen da ETBn?

msb-ek Tropela.net-en idatzi duen iruzkinarekin ere bat egiten dut; ETBkoak Tourrera bidaliko nituzke txirrindularitza emanaldiak nola eman behar diren ikastera.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.