Tropela 2012 denboraldia: aldaketak

Paris-Niza lehiaketarekin Tropelaren 8. denboraldiari ekingo diogu. Denboraldi berri honetan zenbait aldaketa egingo ditugu eta ondorengo berri honetan azaldu nahi dizkizuegu.

1. Saririk ez

Aurtengo denboraldian, Tropela.net sortu genuenetik lehen aldiz, saririk ez dela izango jakinarazten dizuegu. Erabaki hau hartzearen arrazoiak bi izan dira: alde batetik, iaz zenbait erabiltzailerekin izan genuen eztabaida eta bestetik, sariak lortzeko ditugun zailtasunak. Hori guztia kontuan izanda, eta barne eztabaidaren ondoren, 2012ko denboraldian saririk ez dela izango jakinarazi nahi dizuegu. Espero dugu erabakia ulertu eta onartuko duzuela.

2. Arauak eguneratu ditugu

Tropela.net-en parte hartzeko arauak eguneratu ditugu. Aldaketa berezirik ez dugu egin, aldaketa txikiak dira eta helburua araudia argiago jartzea izan da egoera ezberdinetan zalantzarik egon ez dadin.

Araudi berriaren inguruan zalantza edo komentariorik baduzue jarri iruzkinen bat eta argituko dizuegu.

3. Londreseko Olinpiar Jokoak

Orain arte 9 lehiaketa jokatu ditugu azken denboraldietan. Aurtengoan Londresen Olinpiar Jokoak jokatzen direnez, zuei galdera egin ostean, lehiaketa berri bat gehitzea erabaki genuen. Beraz, ondo bidean, 10 lehiaketa izango ditugu aurtengo denboraldian.

Espero dugu aldaketa hauekin ados izango zaretela. Gure asmoa txirrindularitzaz gozatzen jarraitzea izango da eta aldaketa hauekin ere hala jarraituko dugulakoan gaude. Zorte on guztioi eta gozatu Tropelaren denboraldi berri honetaz!

150.000€ aste honetan, bestela ez Itzuli ezta Klasikoa ere

Gaur informazio zehatzagoa eta zabalagoa argitaratuko du Diario Vascok gai honen inguruan. Oraingoz prentsa digitaletan aurreratu dutenarekin ari naiz idazten artikulu hau, baina ez dut uste askoz informazio gehiagorik irakurriko dudanik.

Sarean begira jardun dut eta harritu nauen lehen gauza transparentzia falta izan da gai honen inguruan. %40 eta %60 portzentajeak dantzan dabiltza artikulu ezberdinetan, baina ze diru kantitateri dagozkie portzentaje hauek? Iturri askotara jo dut, baita Euskal Herriko Itzuliko webgune ofizialera ere, baina ezin erantzun garbirik aurkitu. Transparentzia falta, beraz, gehiegizkoa antzeman dut.

Irakurri dudanaren arabera, Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako Klasikoa antolatzearen aurrekontu osoa 1.050.000€ ingurukoa da (honatx iturria) 1.475.000€ da: 1.050.00€ Itzulia eta 425.000 Klasikoa (DVren atzoko artikuluan argitua). Ez dakigu zenbat den lasterketa bakoitzari dagokiona, ordea. Webgune ofizialetatik diru kontuen inguruan ikusi ditudan datu bakarrak sarietan zenbat gastatu den izan da: 2011ko Donostiako Klasikoan 41.650€ eta 2009ko Euskal Herriko Itzulian 93.750€ (2010 eta 2011koak ez dira agertzen eta horren arrazoia ez dakit zein den).

Continue reading “150.000€ aste honetan, bestela ez Itzuli ezta Klasikoa ere”

10 lehiaketa izango dira 2012an Tropela.net-en

Orain astebete inguru jarri genuen 2012rako lehiaketen inguruko galdeketa. Bertan, aurten olinpiar jokoak jokatuko direnez, Londreseko Olinpiar Jokoak ere lehiaketen artean sartzeko aukeraz galdetzen genizuen. Baina ez hori bakarrik, izan ere Olinpiar jokoak direla eta, Donostiako Klasikoa atzeratu egin dute egutegian eta horrek Vuelta eta bien artean 4 eguneko tartea besterik ez digu uzten. Ondorioz zalantza sortu zitzaigun eta egokiena zuei galdetzea zela iruditu zitzaigun. Continue reading “10 lehiaketa izango dira 2012an Tropela.net-en”

Tropela 2012 denboraldiko lehiaketak: zer egin Londreseko Olinpiar Jokoekin eta Donostiako Klasikoarekin? [Inkesta]

Dakizuen bezala, aurten Londresen, Olinpiar Jokoak jokatuko dira. Hori dela eta, Donostiako Klasikoa atzeratu egin dute abuztuaren 14ra. Espainiako Vuelta, berriz, abuztuaren 18an hasiko da eta ondorioz bi lehiaketa hauek elkarrengandik oso gertu egokitzen dira. Hemen erakusten dizuegu egutegia:

1.- 2012-03-04 / 2012-03-11: Paris-Niza
2.- 2012-04-02 / 2012-04-07: Euskal Herriko Itzulia
3.- 2012-04-15 / 2012-04-22: Ardenetako Hirukotea (Amstel, Flèche Wallone eta Lieja-Bastogne-Lieja)
4.- 2012-05-05 / 2012-05-27: Italiako Giroa
5.- 2012-06-03 / 2012-06-10: Dauphine
6.- 2012-06-30 / 2012-07-22: Frantziako Tourra
7.- 2012-07-28 / 2012-08-01: Londreseko Olinpiar Jokoak ¿?
8.- 2012-08-14 / 2012-08-14: Donostiako Klasikoa ¿?
9.- 2012-08-18 / 2012-09-09: Espainiako Vuelta
10.- 2012-09-13 / 2012-09-23: Munduko Txapelketa

Hau ikusita, Tropelako kideoi zalantza sortu zaigu Olinpiar Jokoekin eta Donostiako Klasikoarekin. Zalantza horiek argitze aldera, zuei galdetzea pentsatu dugu erabakia hartzeko lagungarri izango baitzaigu. Zer irizten diozue?

(polls)

Txirrindularitzari diru publikoaren iturria ixten (2)

Eusko Jaurlaritzaren murrizketak lasterketa profesionaletara iritsi dira. Baita Euskaltel-Euskadi taldera ere. Patxi Mutiloak asteazkenez ETBSat-en honen inguruan azalpen asko eman zituen. Eta baita zentzuzko gauza asko esan ere. Txirrindularitza aipamenez gain, kirol profesionalaren finantzaketaren inguruko gogoeta interesgarriak ere egin zituen. Galdera politak behintzat utzi zituen airean.

Erakunde publikoek lasterketa profesionalak lagundu behar ote dituzten bere zalantzak agertu zituen. Unipublic antolatzaile pribatuen eredu bezala jarri zuela iruditu zitzaidan, Euskal Herriko Itzuliarekin alderatuz. Ez zaio arrazoirik falta Itzulia antolakuntza eredu bat ez dela esatean, hemen aurretik esan izan dugun zerbait, baina ahaztu egiten zaio Unipublic azken urteetan aurrera atera bada, babesle publikoei esker izan dela. Iaz, urrutira joan gabe, honakoak ziren Vueltako babesleak: Idae, Españarecicla eta Renfe.

Continue reading “Txirrindularitzari diru publikoaren iturria ixten (2)”