Eguneratua 2020/05/25: La Course eta emakunezkoen Paris-Roubaix Tropelan izango dira ondo bidean.

Pandemiaren eragina arlo guztietan nabaritu dugu, baita ondo dakizuen moduan Tropelan bertan ere. Denboraldi hasieran lasterketak bertan behera utzi zituzten, Paris-Nizaren amaieran ere eragin zuelarik.

Orain aste batzuk UCIk lasterketen egutegi berria kaleratu zuen. Bertan abuztuaren 1ean berrekingo zaiela lasterketei adierazten da. Strade Biancheren bi lasterketak jokatuko lirateke egun horretan, emakumezko zein gizonezkoenak. Azkena, aldiz, Espainiako Vueltaren azken etapak izango lirateke, azaroaren 8an amaitzea aurreikusten baita. Hiru hilabete baino zertxobait gehiagotan ospatuko lirateke, horrenbestez, denboraldi honetan gure egutegiko lehiaketak, falta diren 18 lehiaketak eta aurten gehitzea erabaki dugun emakumezkoen Paris-Roubaix klasikoa.

Aurten jokatuko ez direnak Itzulia, Donostiako Klasikoak – emakumezko zein gizonezko -, Volta, Romandiako Tourra, Suitzako Itzulia eta hurrengo urtera atzeratu diren Olinpiar Jokoak.

Egutegi honek aurrera egiten badu bederen, uztailaren 24ean irekiko genuke Strade Biancheko kinielak egiteko epea. Gogoratu orain artekoak ezabatu egingo ditugula eta berria egin beharko dugula. Izan ere, parte-hartzaile eta taldeak desberdinak izan daitezkeenez, multzoen antolaketa berria egin beharko ditugu.

Edozein aldaketa edo berri gure Telegrameko kanalean, Twitterren nahiz Facebooken aurkituko duzu.

Ea ba urtearen bigarren zatian txirrindularitzaz gozatzeko aukera izaten dugun!