Espainiako Vuelta: aldaparik tenteena azken aurreko egunean

franckschleckrethierryroge1

Espainiako Vueltak Italiako Girora begiratu duela dirudi, ibilbidea ikusita. Izan ere, Italiako itzulian ohikoa izaten da mendiko etapa handia azken aurreko egunean ipintzea eta Vueltan hala izango da. La Bola del Mundora iritsiko baitira txirrindulariak, Navacerradan gora. Tourrean antzeko zerbait egin zuten iaz, Mont Ventoux azken aurreko egunean igota. Esan daiteke aurtengo Tourrarekin ere antza baduela Espainiako itzuliak, bakarkako erlojupeko saio luze bakarra jarri baitute antolatzaileek.

Aurretik ere gogortasuna sobera izango da tropela hamaika puskatan apurtzeko. Lehen eguneko taldekako erlojupekoa eta etapa lau batzuen ostean, bigarren asteburuan iritsiko da lehen etapa ikusgarria, larunbatean Alacanteko Xorret de Catin bukatuko dena. Ohiko bihurtzen ari da aldapatzarra Vueltan. Ez da luzea, eta alde izugarririk ez da izango, baina segundo apur batzuk izango dira batzuen eta besteen artean oso tentea baita. Igandekoan mendate handirik ez da izango, baina malda asko igo beharko dituzte ziklistek; min egin dezake etapa horrek. Txirrindularien zorionerako atseden eguna izango dute zain.

Bigarren astean ere asteburuan izango dira etapa nagusiak –asteazkenekoa Palen bukatzen da, Andorran, baina aldapa nahiko etzana da-. Larunbatean, hilak 11, Peña Cabargan bukatuko da: sei kilometroko aldapa eta batez bestekoa %10. Igandean, Vueltako igoerarik mitikoena iritsiko da, Covadongako lakuetara helduko da tropela. Gogortasuna ez da lakuetan amaituko, ezta gutxiagorik ere. Izan ere, astelehenean, Cotobellon izango dute helmuga: batez besteko aldapa %8 da. Aurretik San Lorenzo – %14 eta %15eko aldapak ditu mendate horrek eta La Cobertoria igo beharko dituzte.

Bigarren atseden egunean hauspoari buelta eman ahal izango diote txirrindulariek, azken txanpara aurre egiteko. Asteazkenean, hilak 16, Peñafielen 46 kilometroko erlojupekoa izango da. Eta oraindik ere sailkapen nagusia erabakita ez balego, La Bola del Mundok azken epaia emango du. Larunbatean, hilak 18, izango da ikusmin handia piztu duen igoera hori.

Bistan da ibilbidea ikusgarria dela, eta askotan esaten den bezala, txirrindulariek bihurtzen dute ibilbide jakin bat ikusgarri edo aspergarri. Beste batzuen artean, Schleck anaiek, Igor Antonek, Nibalik eta Purito Rodriguezek bihurtuko dute ikusgarri edo aspergarri xehetutako bidea.

Riccò: “Espainiako Itzulian parte hartu nahi dut”

Riccò podiumeanHoriexek izan dira italiarraren adierazpena Quick Step taldearekin fitxa sinatu duela argitaratu denean. Dirudienez Movistar eta Vacansoleil taldeetatik eskaintzak jaso ditu, baina azkenean hasierako zurrumurru haiek zioten taldera joan da Cobra.

Oraindik Vueltan lehiatzeko aukerak daudela dirudi. Denboraz ez dabiltza sobran, izan ere UCIko araudiak epe batzuk jartzen ditu txirrindularien izen emateak egiterako garaian. Gogoratu Vuelta abuztuaren 28an hasiko dela, bi aste barru, eta izen emateko epeak laster itxiko direla.

Badirudi bai txirrindulariak eta baita taldeak berak ere Riccò Vueltan izateko ahalegina egingo dutela. Nik benetan gogoa dut ikusteko ia zertarako gauza den italiarra ordaindu behar izan duen zigorra eta gero. Vueltari plus bat emango diolakoan naiz. Nik Tropeleko kinielan aukeratuko dut parte hartzaileen artean bada behintzat!

Riccò Vueltan izan daiteke

Riccò-k Vuelta lehia dezakeZurrumurru bat besterik ez da, baina badirudi Flaminia, Riccò-ren egungo taldea, eta Quick Step negoziatzen ari direla hala izan dadin.

Dakizuen bezala aurtengo Girorako bere zigorra betea zuen Riccó italiarrak eta askok Giroan izango zela pentsatzen zuten. Azkenean ez zen hala suertatu eta Settimana Lombarda eta Trentinoko Giroa lehiatzearekin konformatu beharrean aurkitu zen, Giroa eta Milan-San Remo lasterketa garrantzitsuetatik kanpo geratuaz.

Hala ere zurrumurruen arabera urteko itzuli handietako batean izan daiteke Quick Step eta Flaminiaren artean lan horretan badira eta akordioren bat gauzatzen badute. Egia esanda niri gustatuko litzaidake hala izatea Vueltarekiko niri behintzat interesa piztuko bailidake Cobrak bertan parte hartuko baluke.

Ikusiko dugu zurrumurru hutsa den ala ez.

Horrelakoa izango da 2010eko Vuelta

2009ko Espainiako Vueltaren ibilbideaZergatik noa Vueltaz idaztera eta ez beste edozein lasterketaren inguruan? Balioko erantzun bat emateagatik, Euskal Herrian azken aldian modako itzuli handia delako hautatu dudala esango nuke. Beste arrazoiren batek ere balio lezake. Hau horietako bat zen.

Berrikuntzekin dator Vuelta 2010ean. Nabarmenena liderraren maillota gorria izango dela. Orain arte izan diren maillot hori edo urrezkoak albo batera utzi eta gorria jarriko dute. Abraham Olano entzun dut irratian honen inguruko argibideak ematen. Bere esanetan Espainiako selekzioak kolore gorrikoak dira (futbolekoa, saskibaloikoa,…) eta identifikazio honekin jarraiki gorria erabiltzea erabaki dutela. Nire ustez Vuelta ez da beste itzuli handien ‘status’a iristen eta hori aldatzeko beste saiakeretako bat da. Funtzionatuko duen? Publizitate eta irudi ikuspuntutik beharko du izan izatekotan.

Norbaitek zalantzaren bat bazuen ere, baieztatzen dugu hurrengo urtean lasterketa ez dela Euskal Herritik pasako. Segur aski 2011ean bai (dakidala Getxok behintzat eskaria egin zion Unipublic-i etapa amaiera bat bertara eramateko). Hori, hala ere, hurrengo urteko abenduan jakingo dugu.

Ibilbideari dagokionez, aurten bezala nazioarteko lasterketa bat izango da. Ez, ez da Herbehereetatik pasako, baina bai Andorratik. Sei etapak izango dute mendatean amaiera horietatik bat aurtengo bera izango da, Xorret del Catí. Gainontzekoak Andorrako Pal eski estazioa, Peña Cabarga eta Cobadonga Lakuen igoera ezagunaz gain, Cotobello eta Bola del Mundo igoera berriak izango dira.

Erlojupekoak bi izango dira, bat lehen egunean eta beste bat 17. etapan. Lehena Sevillan jokatuko den taldekako erlojupekoa izango da. Giralda edo erakuste aldera, gauez izango da. Ordua ez dute zehaztu baina audientzia arazoak izan ditzaketela esango nuke abuztuko larunbat gaua izaki. Hau guztia itzuliaren 75. urteurrenaren aitzakiaz. Bigarren erlojupekoa 46 kilometrotako bakarkakoa izango da. Peñafieleko etapa hau erabat laua.

Ez dut ibilbidea gehiegi aztertu nahi izan oraindik asko falta baita lasterketa iritsi artean. Garbi dagoena da, beti bezala, lasterketaren erakargarritasunean ibilbideak zeresan handia duela, baina garrantzitsuena parte hartzaileak dira. Eta parte hartzaileak diodanean ez diot izenagatik bakarrik, lasterketara joango diren asmoarengatik batez ere.

Irudia: www.lavuelta.com

Espainiako Vuelta euskal errepideetan

Espainiako Vuelta 2009Dakizuen bezala, Eusko Jaurlaritzak Espainiako futbol selekzioak Euskadin jokatzeaz gain, Espainiako Vueltak irteera edo helmugaren bat Euskadin izatea eskatzen dute gaur onartutako proposamenei jarraiki. Orain bi urte t’erdi Carmelo Barriok aurkeztu zuen antzerako proposamen bat baina boto faltagatik albo batera geratu zen. Gaurkoan, ordea, gehiengoak babestu du proposamena.

Zeresana emango du erabaki honek eta dagoeneko alderdi politikoak aldeko eta kontrako iritziak eman dituzte. Txoko honetan gaia eztabaidagai jarri nahi nuke zale guztion artean.

Nire iritziari dagokionez, beste behin ere esan nuen eta orain ere berdin pentsatzen jarraitzen dut: Frantziako Tourra iparraldetik pasatzen den bezala, edo 1992 Tourra Donostiatik abiatu zenean bezala, Vuelta hemen izatea ere ontzat jotzen dut. Alde horretatik, arazorik ez nire ikuspuntutik.

Txirrindulari zale bezala, zalantzarik gabe, nahiago dut Tourra pasatzea Espainiako Vuelta baino. Urtetik urtera interesa galtzen doan lasterketa iruditzen baitzait penintsulako lasterketa hau. Alde horretatik, beraz, nahiago nuke ahaleginak Vuelta ekartzean baino Tourra gehiagotan bertatik pasatzean inbertituko balukete. Eztabaida niretzat ez da zein izeneko lasterketa pasako den hemendik, zein mailatako lasterketa baizik.

Honek guztiak Unipublic taldeari egingo dio mesederik handiena, entitate pribatu izanik gure sosak berenganatzeko aukera izango baitute.

Ez nuke amaitu nahi aurtengoan Euskal Bizikletarik izan ez dela gogora ekarri gabe. Beharbada gauzak nahasten ari naiz, baina kontuak hartzeko puntua izan daitekeela deritzot.