Txirrindulariak klausulen kontra

Klausularen eztabaidaKatusha taldeak bere txirrindulariei sina arazi nahi zien klausulak hari luze dakar. Azkena gai honen inguruan hitz egiten Txirrindulari Profesionalen Elkartea (PCA) izan da, eta pentsatu bezala, kritiko.

PCAren arabera UCIren arauen kontrakoa da aipatutako klausula hau. Ez zaie legezkoa iruditzen UCIren araudia kontutan hartuta txirrindulariak urteko soldata bost aldiz ordaintzera behartu ditzakeenik talde batek positibo emateagatik. Klausula hori txirrindularien kontrakoa dela argudiatzen dute.

McEwen Katusha taldeko txirrindularia kezkati agertu da taldearen etorkizuna dela eta, dagoeneko bi izan baitira taldean positibo eman dutenak, Pfannberger eta Colom. Hau gutxi balitz, Dehaes belgikarrak Katusha taldearekin zuen kontratua bertan behera uztea erabaki du klausula hau onartzeko prest ez zegoelako eta Silence-Lotto taldearekin sinatu berri du urte beterako. Steegmansek ere ez zen sinatzekoa eta Tourra lehiatzera joateko taldetik kanpo gera liteke. Azken berrien arabera, ordea, sinatu omen du beharrak jota.

Katusha taldearen desagertzearen aurrean al gaude? Zerk eraman du taldea txirrindulariei klausula hau sina araztera behartu nahi izateko? Gehiegizko neurria al da taldeak hartu duena? PCAk behar besteko argudioak al klasula kritikatzeko? Tarteko biderik ez al dago? Gainontzeko taldeek zergatik ez dute antzekorik egiten? Hobe al da…. Galdera asko eta erantzun gutxi. Edo beharbada galderak baino iritzi gehiago. Nahasmena behintzat esanguratsua Katusha taldearen inguruan sortu dena.

Lokomotora suitzarraren nagusitasuna

2009ko Suitzako Itzulian Cancellara nagusiGaurkoan Cancellarak sasoi betean dagoela erakutsi du. Aurreko post-ean esaten genuen bezala, atzoko etaparen ondoren argi zegoen Cancellarak dena alde zuela 2009ko Suitzako Itzulia bereganatzeko eta ez du hutsik egin.

Ikustekoa izan da Saxo Bankeko liderrak eman duen erakustaldia gaurko erlojupekoan. Denbora tarte guztietan aurreko txirrindulari guztien denborak erraz gainditu ditu. Beharbada maldan gora joatea egokitu zaionean erritmoa jaitsi egin du Kreuziger aurreratu duenean gertatu den bezala, baina lauan ez du barkatu.

Gaurko erlojupekoan ez du areriorik izan eta horretaz jabetzeko bigarrenari, Toni Martini, atera dion denbora tartea begiratu besterik ez: 1’27”. Ikaragarri Tony Martin gaurko erlojupekoan eta baita itzuli guztian zehar: etapa garaipena, mendiko maillota eta sailkapen nagusian itzuliko bigarren gizonik indartsuena. Hirugarren, berriz, Kreuziger Liquigaseko txirrindularia. Hau ere erlojupekoetan ondo ibili ohi den txirrindularia izaki gaurko erlojuaren kontrako saioan Cancellarak pasa izanak ez diola graziarik egin esango nuke.

2002az geroztik ez zuen suitzar batek etxeko itzulirik irabazten. Azkena Zulle ezaguna izan zen. Pozak zoratu ditu bai Cancellara bera, baita familia bera ere irudietan ikusi ahal izan dugunez. Egia da aldi berean aurtengo Suitzako Itzuliak mendiko etapa gogorregirik ez duela izan eta horrek asko erraztu diola garaipenerako bidea suitzarrari. Ikusi beharko da Tourrerako zein jarrera hartu beharko duen Cancellarak, sailkapen nagusiaren bila joan ala Schleck anaiei lagundu.

Gaurkoan pena gehiena eman didana Valjavec izan da. Cancellarak bere lanak bukatuta eta itzulia poltsikoan zuela, Ag2Reko txirrindulariak merezi zuen besteko arretarik ez duela izan iruditzen zait. Egia da ez duela batere erlojupeko onik egin (59. postuan sailkatu da etapan).

Columbiaren itzuli suitzarra

2009suitza_columbia-highroad_erdiHalaxe da. Itzuli hau Columbiarena da nahiz eta ez duen itzulia talde honetako inork irabaziko. Erabateko nagusitasuna izan dute aurtengo Suitzako Itzulian etapa garaipenei dagokienez behintzat.

Suitzako Itzulian 9 etapa jokatuko dira. Atzo 8. izan da eta biharkoarekin itzulia amaituko da. Jokatu diren 8 etapetatik 6 Columbia-High Road taldeak bereganatu ditu: atzo Tony Martin, ostiralean Kirchen, 3. eta 6. etapan Cavendish, 5. etapan Albasini eta 2. etapan Eisel. Horretaz gain mendiko maillota ere talde honek bereganatuko du Toni Martin gaztearen eskutik. Ikaragarria Suitzan Columbia-High Road taldeak egin duena.

Gaurko erlojupekoan Cancellara nagusi izango dela aurre ikusten da. Valjavec-ek 4 segundoko errenta besterik ez du Suitzako lokomotorarekiko, beraz, lehen eguneko erlojupekoan egin zuen bezala, etapa garaipena eta Suitzako Itzulia bereganatuko dituela zalantza handirik ez dago.

Honenbestez gaurkoarekin Tourreko lasterketaren zain geratzea besterik ez zaigu geratzen. Dagoeneko ikusi beharrekoak ikusi ditugu, orain taldeek zein txirrindulari eramango dituzten zehaztea besterik ez da falta.

Irratirik gabeko bi etapa 2009ko Tourrean

2009ko Tourrean irratitxoarik gabeko etapakDirudienez aurtengo Tourreko berrikuntzetako bat irratia edo “pinganilloa” ezin erabiltzea izango da. Tourreko arduradunak ez dira ausartu lasterketa guztian zehar kentzera, baina aurten, proba gisara, bi etapetan irratirik gabe lehiatu beharko dira txirrindulariak.

UCIk ontzat eman du neurria eta 10. eta 13. etapetan aplikatuko omen da debekua. Lehenengo etapa erabat laua da Limoges eta Issoudun bitartean, baina nahiko luzea: 194,5 kmkoa. Badirudi etapa honetan neurri berriak ihesaldiak sortzeko erraztasunak emango dizkiela txirrindulariei esprinterren kaltetan, baina ikusi beharko da. Bigarrena Vittel eta Colmar arteko etapa luzean izango da. Hau 200 kmkoa izango da lehen, bigarren eta hirugarren mailako mendateak ditu bere ibilbidean. Kasu honetan lider doan taldeari egin diezaioke kalte neurriak, baina hau ere suposizio bat besterik ez da eta ikusi beharko da.

Garbi dagoena da Tourreko arduradunek berritu eta ikuskizunaren aldeko apustu egin nahi dutela. Ez dakiguna da ia asmatuko duten neurri honekin, baina hor dago ausardia. Badaezpada, ordea, bigarren asteko etapetan probatuko dute neurriaren eragina onerako naiz txarrerako gehiegi antzeman ez dadin nire iritziz.

Segur aski neurriak iritzi bat baino gehiago sortuko du bai aurretik baita egun horietan bertan ere. Gogoz naiz ikusteko ia zer eskaintzen duen aldaketak, zer eskaintzen duen “kontrolik gabeko etapak”.

2009ko Dauphiné Libéré lasterketan euskaldunak aurrean

2009-Dauphiné Libéré. Mikel Astarloza eta Haimaz ZubeldiaLasterketa igandean bukatu bazen ere, ez nuen nahi euskaldunek Dauphiné Libéré lasterketan aurtengoan izan duten protagonismoa aipatu gabe utzi nahi. Mikel Astarlozak 5.  postuan amaitu zuen eta Haimar Zubeldiak, lehen urtez Astana taldean ari dela, 8. postuan. Top ten-eko sailkapenean, beraz, bi gipuzkoarrak.

Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindulari pasaitarrak 4. etapan jokatu zen erlojupekoan ikaragarri aritu zen eta 9. sailkatzea lortu zuen. Ondorioz egun horretan dagoeneko 10. postuan zen eta sailkapen nagusiaren lehian sartu zen. Mont Ventoux-eko etapa zetorren hurrengo egunean eta Mikelek etapa ona eginda, sailkapen nagusian postu bat aurrera egitea lortu zuen. Zerbait gehiago nahi zuen Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak, eta hurrengo egunean faboritoen artetik ihes egin eta han joan zen aurrera denbora atera asmoz. Zalantzarik gabe gogorra egingo zitzaion ibilbidea, baina lortutako etekina ere ez zen nola nahikoa izan. Briançongo helmugan bigarren euskalduna izan zen Bingen Fernandezen atzetik eta talde nagusiari ia minutuko errenta ateratzea lortu zuen. Denbora tarte nahikoa 9. postutik 4.eraino jauzi egiteko. Lan ikaragarria pasaitarrak egindakoa. Podiumeko postuak eskura geratu zitzaizkion, baina hurrengo egunean St Frnaçois Longchampeko igoera zuten. Zoritxarrez Mikel Astarlozari aurreko eguneko gain esfortzuak ez zion barkatu eta fabortoi jarraitu ezinda geratu zen. Hala ere oso ondo egin zuen azken igoera eta postu bakarra galdu zuen. Bostgarren amaitu zuen, beraz, 2009ko Dauphine Libéréko lasterketa edizio honetako protagonistetako bat izanda.

Haimar Zubeldiak Mont Venouxeko etapan eman zuen kolpea. Szmyd eta Valverderen atzetik, 3. helmugaratu zen aurtengo Dauphine Libéré lasterketako garailea erabaki zuen etapan. Bezperako erlojupekoan ez zen lehen ibiltzen zen bezain ondo jardun, baina mendian aspaldiko ondoen ikusi genuela esan daiteke. Sailkapen nagusian 5. postura igo zen eta bere taldeburuaren ondoren, bera zen sailkapen nagusiko bigarrena. Briançongo etapan Mikel Astarlozak ez bezala, berak denbora galdu zuen 7. posturaino jaitsiz. Normala izan zela esan daiteke bere helburua Astanako taldeburuari laguntzea baitzen. Azken aurreko etapan ere, oilarren lehia zela eta, denbora gehiago galdu eta 8. postuan amaitu zuen. Usurbildarra ere, beraz, ikaragarri.

Bi euskaldun lehen hamar postuetan. Eta sailkapen nagusian pixka bat aurrerago egiten badugu Txente Garcia eta Igor Anton aurkituko ditugu 15 eta 18. hurrenez urren. Emaitza pozgarriak zalantzarik gabe euskal zalegoarentzat. Tourrean beste horrenbeste egiteko gai izango al dira gure txirrindulariak?