Pintokoa pistolarik gabe

Contador helmugan tiroaren keinua egiten Oraindik kosta egiten da Parisen jazotakoa irenstea. Bai, orain astebete eskas izandako atentatu sortaz ari naiz. Bazirudien 11-S famatuaren ondoren hartutako segurtasun neurri aunitz eta eskandalagarri haien ondoren gauzak kontrolpean izatetik urruti daudela, alferrikakoak direla alegia. Akaso pentsatu beharko da, frantziarrei kasu honetan, horrelako gorrotoa eragiteraino zerk eraman dituen ekintzaile horiek. Baina hori “dakitenei utziko diegu”, asko baitira gaiaren inguruan dakitenak, telebista nahiz prentsan hala dirudi behintzat. Continue reading “Pintokoa pistolarik gabe”

Saganek ez zuen bigarren izan nahi

Sagan munduko txapeldun berriaAmaitu berri dira Richmondeko Munduko Txapelketak eta elite mailan hauek ditugu txapeldun berriak:

– Emakumezkoetan erlojuaren kontra: Villumsen (Zelanda Berria)
– Gizonezkoetan erlojuaren kontra: Kiryienka (Bieloerrusia)
– Emakumezkoetan errepidean: Armitstead (Britainia Handia)
– Gizonezkoetan errepidean: Sagan (Eslovakia)

Azkena jokoan gizonezkoen errepidekoa izan da, Iosuk aurrertu zigun udazkeneko “La Primavera”. Ez zebilen ez Iosu oso erratuta bere azterketan, baina beharbada bilakaeran gutxik espero genuen Saganek horrela irabaziko zuenik.

Eslovakiarrak helmugarako 2-3 kilometrotara jo du erasoa, harbidetako azken muinoan. Ez du lasterketa osoan bere burua erakutsi, baina hor bai. Eraso gogorra non Van Avermaet eta Breschel iritsi ezinda geratu diren, tropel nagusia eta eslovakiarraren tartean. Beharbada Breschelek erreleboren bat eman izan balio Van Avermaeti gai izan zitezkeen Sagan harrapatzeko, baina ez da horrelakorik izan. Saganek garbi zuen ez zuela esprintean arriskatu nahi eta bikain eutsi dio tropel nagusiari ateratako tarteari. Amorrazioz helmugaratu da aurten makina bat aldiz bigarren izan den txirrindulari bikain hau.

Tropel nagusiko esprintean Matthews eta Navardauskas izan dira hurrenez hurren zilarrezko eta brontzezko dominak eraman dituztenak.

Lehen euskalduna Ion Izagirre izan da eta esan talde espainiarraren mesedetan bikain aritu dela lanean, tropel buruan zenbait unetan lanean ere ikusi dugularik.

Ea hurrengo urtean Saganek ez duen ostadar maillotaren malefizioaren eraginik jasaten!!

Argazkia: @richmond2015

Ambrosio, “Cannondaleko probatzaile berria” (eguneratua)

Aski ezaguna egin zen atzoko etapan Ambrosio. Hala du izena Ben Kingen bizikleta gainean, eta ez Talanskyrenean hasera baten jarri dudan moduan, eta telebistaz nahiz sare sozialetan zabaldu zenak.

Gaur La Voz Digital agerkariak eman du Ambrosioren berri, izan ere pertsonaia ezaguna da Chiclanakoa, Ambrossini bezala ezagunagoa Eros Ramazzotti abeslari italiarra imitatzeagatik, baita txantxetarako duen abileziengatik ere bai.

Sarean azkar zabaldu zen Ambrosiok egina kamerek grabatu baitzuten eta ikusleok ongi erreparatu baikenuen zuzenean jazoa. Bizikleta lapurtzeko asmoa zuela edota Tropelak esan zuen moduan “bizikleta probatzeko saioa” izan omen zen Ambrosiorena. Ez bata ez bestea.

Agerkari digitalari azaldu dion moduan, King lurrean zaurituta ikusitakoan, Verjarako falta zen tartean berak egingo zuela adierazi omen zion Ambrossinik King-i zigarroa ahoan eta papar bistan: “Me voy a Vejer, que tú estás ‘escoñao’“. Talanskyri graziarik ez ziola egin iruditu zitzaiola adierazi du Chiclanakoak, nahiz eta ingelesez jaso erantzuna eta tutik ere ez ulertu.

Umoreak, beraz, eraman zuen Ambrosiok egin zuena egitera. Niri ere ez zitzaidan iruditu bizikleta ohosteko asmorik zuenik eta egia esan grazia asko egin zidan. Izan ere azken 5 km-ak arte, ezer interesgarriagorik ikusi al genuen ba? Eskerrik asko Ambrossio!

Erabakiak azkar eta gaizki hartzen direnean

2015 Vuelta 1.etapa - TCGAsko esan eta idatzi da Espainiako Vueltan atzo jokatu zen taldekako erlojuaren kontrako saioaren ibilbidearen eta hartutako erabakien inguruan. Eta ondo amaitzetik urruti geratu direlakoan nago ondoren azalduko dudan moduan. Azter dezagun kronologikoki gauzak nola izan diren.

Urtarrilean aurkeztu zen 2015eko Vueltaren ibilbidea, tartean atzoko etapa. Antolatzaileek eta ibilbidea ezagutzen zutenek ontzat eman zuten World Tourreko lasterketa batetako etapa jokatzeko, hondartzak eta inguruko turismoa erakusteko aukera paregabeaz itxututa edo. Dakizuen moduan, antolatzaileek UCIra bidali behar dituzte ibilbidearen inguruko datuak eta kasu honetan ere berdin egingo zuten. Komeriak, ordea, txirrindulariak aste honetan ibilbidea ikuskatu zutenean sortu dira, errepideko krono saio bat baino #cronobeach bat zela jabetu zirenean.

Ikusita ze presio zegoen txirrindularien segurtasuna eta arriskua argudio bezala hartuta, bi egunetan antolakuntza neurriren bat hartzera behartua izan da. Ibilbidearen nondik norakoa aldatu ezin zela eta, denbora tarteak sailkapen nagusirako ez zirela kontutan hartuko adostu zuten, etaparen sailkapenerako bakarrik izango zirela. Continue reading “Erabakiak azkar eta gaizki hartzen direnean”

Donostiako Klasikoak merezi ez duen desastrea (eguneratua)

Donostiako KlasikoaEz dezagun ezkutatu atzo jazotakoa, Tropela laguntzaileetako bat izan arren. World Tour mailako lasterketa batek gaitasun gehiago izan behar du, gertaerei aurreratzen jakin behar du, azkarragoa izan behar du horrelakoak ekiditeko. Gogoratu Klasikoaren aurrekontua 350.000 €-tik gorakoa dela.

Bi izan dira zeresana eman duten arazoak eta banan bana aztertu nahiko nituzke: telebista seinale galera eta Van Avermaeten istripua. Continue reading “Donostiako Klasikoak merezi ez duen desastrea (eguneratua)”