Azken asteetan gure blogean asko aritu gara euskal txirrindularitzaren inguruan. Beno, asko aritu da Eneko Garate eta benetan irakurgai interesgarriak utzi dizkigu. Oraindik ez badituzu irakurri garaiz zabiltza.

Jakingo duzuen moduan 2018ko denboraldian Murias taldea Continental Profesional kategorian izango da eta Euskadi Fundazioa, berriz, Continental, Murias baino maila bat baxuago. Orain gutxi jakin dugu Euskadi Fundazioaren maillot berria laranja kolorekoa izango dela, Euskaltel-Euskadi taldea gogora ekarri asmoz. Ekimenak, ordea, euskal telekomunikabide enpresaren interesa piztu beharrean Orange frantziarrarena piztu du.

Stéphane Richardek, egun Orangeko arduradun nagusiak, “aukera hau aprobetxatu beharra dagoela” adierazi du. Bere esanetan euskal taldeak, orain gainera Mikel Landa presidente moduan duela, hiruzpalau urteren buruan Tourrean izateko aukerak ikusten dizkio. Bide horretan gauzatu dute akordioa gaur jakin dugunaren arabera. “SKYk bere garaian egin zuenaren antzera, 5 urteko inbertsio bat izango da hau eta helburua taldea laranjaz Tourrean ikustea izango da Orange soinean dutela”. Egia esan badirudi inbertsioa hain epe luzera eginda eta egun taldea Continentala dela ikusita, errentagarri izateko aukerak handiak dituela. “Nahiago dugu talde bat hastapenetatik hartu eta Tourreraino eraman nahiz eta denboran gehiago kosta izan; WorldTour talde baten kostua egun gure gain hartzea gehiegizkoa izango litzateke, eta gainera mediatikoki oihartzun baxuagoa izango zukeen” Stéphanen esanetan. Oraindik aurkeztu berri duten maillotean Orange nola txertatu adosteko dute eta lehen lasterketari ekin aurretik erakutsiko digutela dio Stéphanek, “guk edo bestela Joseba Belokik egingo du txio bidez” algara artean.

Baina ez da Orangen mugimendu bakarra izan hau. Bere bigarren marka ere txirrindularitzara ekarri nahi izan du, Amena hain zuzen ere. “Gure benetako apustua Fundazioarena da, baina Amena ez genuen alde batera uzterik nahi” azaldu du Stéphanek. “Fundazioarekin kolore laranja Tourrera eramatea bada, Muriasen berdearekin Movistarren urdinari aurre egin nahi diogu estatu mailan. Amenaren kolorea berdea izanik eta Muriasek dagoeneko egin duen lana kontutan izanda, epe motzerako estrategian markatzen dugu Murias taldearen babesgoa hartzea” argitu du Orangeko arduradunak. Badirudi Murias izena 2018an behintzat mantenduko dutela baina ikusteko dago hurrengo denboraldietan zer egingo duten, hori guztia emaitzen baitan izango dela argitu baitute.

Kontuak kontu garbi geratu da beste behin ere Frantziarrek Tourrean ikusten duten marketing gaitasuna handia dela, eta batez ere euskal txirrindularitzarengan konfiantza jartzeko prest daudela denboraldiko lasterketarik garrantzitsuenean dir-dir egiteko. Ikusi beharko da taldeen eta 256 milioi bezerotik gora dituen enpresa frantziarraren arteko harremanak onak izaten diren, hain epe luzerako izanik zalantzak sortzen baitizkit. Behintzat 2018ari begira badirudi euskal txirrindularitza ez dela ari Enekok kontatzen digun bezain “gaizki” ;-)