Tourrerako kiniela egin duzuen askok Voeckler aukeratuko zenuten, ziur. Bada, ziurrenik, Tourra izango da Direct Energie taldeko txirrindulari borrokalariaren azken lasterketa. Joan den urtean iragarri zuen Tourra eta gero erretiroa hartuko zuela. Eta haren falta sumatuko dugu, ez izan dudarik. Egiari zor, ez du beste munduko garaipen zerrendarik. Hala, ez du klasiko handirik irabazi, ezta ortzadar maillotarik ere. Dena dela, bitan izan da Frantziako txapeldun (2004ean eta 2010ean), lau etapa irabazi ditu Frantziako Tourrean eta mendiko maillota etxeratu zuen 2012an. Bada zerbait…

Garaipenak garaipen, Voecklerrek 2011ko Tourrean bereganatu zuen milioika zaleren bihotza, ustekabean maillot horia hamar egunez jantzi baitzuen. Galibier bezalako mendatetzarrak behar izan zituzten Evansek, Andy Scheleckek eta enparauek frantziar ttikia menderatzeko. Kostata menderatzeko. Urte batzuk lehenago ere, 2004an, maillot horia jantzi zuen beste 10 egunetan.

Ez dakigu zer egingo duen erretiroa hartzen duenean, baina bere bizitzari buruzko filma edo komikia egitea ez legoke gaizki. Haren biografia luze jo gabe salgai egongo den susmoa daukat, izan ere, bere bizitzak horretarako ematen du. 1992an, Julen Gabiriak gogorarazi digun bezala, Chiapuccik balentria egin zuen Sestrierera bidean. Voecklerrek ere ez du urte hura ahaztuko, izan ere, 13 urte zituela, aita galdu zuen. Martinika irlan bizi ziren Voecklertarrak eta aita itsasoan desagertu zen. Hain justu ere, Martinikan maitemindu zen Thomas nerabea bizikletarekin. Profesionaletara jauzi egin zuenean, frantziarrek, nola ez bada, besoak zabalik hartu zuten. Beste txirrindulari batzuek eta, zergatik ez, beste zale batzuek ez dute hainbeste maite izan, bere etengabeko keinuak tarteko. Kazetarientzat, berriz, zerutik eroritako harribitxia izan dela esango nuke, ikuskizuna eta zeresana eman duelako askotan. Duela pare bat hamarkada, kazetari batek esan zuen Romario brasildarra marrazki bizidunetako futbolaria zela. Bada hitz horiek lapurtuko dizkiot Voeckler hiru hitzetan definitzeko: marrazki bizidunetako ziklista.

Argazkia: Velovoices