Contadorrek (agian) txirrindularitza utziko du

Contador bere taldearen aurkezpenean
Andaluziako Itzuliko bezperan gertatu da notizia: bere fundazioko aurkezpenean Alberto Contadorren ustez 2016an izango da azken urtea txirrinduritza profesionalean – oraindik ez dago oso garbi, komunikabide batzuen arabera “baliteke” hitza erabili baitu adierazpen horretan.

Pintokoa bere sasoi onenera itzuli den garai honetan eman du notizia. Zaletuak inoiz baino gogo handiagoarekin gaude itzuli handietako txirrindularirik onenak uztailean Frantziako Tourrean ikusteko. Ea hori horrela den eta aurten lehen aldiz 4 izugarriak Pariseraino lehiatzeko aukera duten (Contador, Froome, Quintana & Nibali).

Aste honetan Andaluziako Itzulian lehen lehia gertatuko da Contador eta Froome-n artean. Denboraldi hasiera honetan sorpresak gerta badaitezke ere kameren objektiboak bi txirrindulari horien gainean jarriko dira – oraindik zeresana ematen ari da Taaramaren (Astana) larunbateko erakustaldia Murtziako Itzulian: helmugatik 40 kilometrora erasoa jo eta tropelak ezin izan zion saiakera hori amaiera eman.

Gauza gutxirako balio dute hilabete hauetan gertatzen diren lehiak, baina gutxienez txirrindulari zaleon gogoa asetzeko balioko digu eta gogoratu zuzenean jarraitu ahal izango dugu telebista bidez Teledeporte katean.

Michael Rasmussen lider zihoan 2007ko Tourrean harrituta utzi gintuen Pintokoak. Apenas 25 urterekin, Ullrich-en ostean, lehen gazte izan zen Tourra irabazten.

Etorkizun oparoa zuen aurretik, baina negu ezegonkorrek eta “solomillogate” aferak oztopo gogor egin zitzaizkion itzuli handietako txirrindularirik onena izateko.

Bi urte denbora luzea da gaur hartzen diren erabakiak aldatzeko. Beste perla bat #contadorrengezurrak bildumarako?

Eta amaitzeko galdetu behar duguna: faltan botako dugu? Bai aldekoek baita kontrakoek ere. Baina 2016ko abenduaren 31 gerturatu arte, zein Contador ikusiko dugu? #Contapott ala erakustaldietako Alberto?

Published by Piban

Ume garaian uztail arratsalde beroetan harrapatu ninduen txirrindularitzak Indurainen balentriak jarraitzen Frantziako Tourrean... eta harrezkero txirrindulari zalea.