Oin hutsik, baina goxo-goxo

Ateak itxi zitzaizkien, eta oin hutsik gelditu ziren. Haiek, ordea, ez zuten atzera begiratu: beti aurrera. Atzerriko herrialde batera joan ziren lana egitera –bai, lana egitera-. Ez da erraza guztia sorterrian utzi eta munduaren beste aldera joatea. Baina ilusioa zuten gidari hiru euskaldunek; horregatik ez zuten atzera begiratu, beraien lana txukun egiteko gogoa eta gaitasuna zutelako.

Orain, Mikel Bizkarra, Juanjo Oroz eta Pablo Urtasun bidearen erdian daude; ez aurrera, ez atzera. Aste honetan jakinarazi du Txileko PinoRoad taldeak denboraldia eten behar duela, hemen jatorrizko adierazpena. Taldeko managerrak, Juan Pablo Pinok, dirua hartu eta ihes egin du. Txirrindulariak noraezean gelditu dira: hain sinplea da, hain erraza. Inork ez daki non dagoen, eta ez die telefono-deiei erantzuten. Taldeak aurrera jarraituko badu, ahalik eta azkarren, 330.000 euro bildu behar dituzte teknikoek eta txirrindulariek.

Juanjo Oroz Pinoroadeko maillotarekin

Txileko, Espainiako eta nazioarteko prentsan, oihartzun handia izan du albisteak. Gure txirrindulariak umezurtz gelditu dira, eta ez dute azalpenik; duten gauza bakarra bizikletan jarraitzeko grina da. Hala ere, antza denez, PinoRoad taldeko managerrarena ez da izan txirrindularitzaren historiako sarraski bakarra. Esaterako, Abraham Olanori antzeko zerbait gertatu zitzaion, 1992an. Profesionaletara salto egin zuen urtean, CHCSrekin fitxatu zuen. Taldearekin lanean hasi eta bi hilabetera, bertan behera gelditu zen proiektua. Olanok bere kabuz ordaindu zituen gastuak, eta afizionatu mailara jaitsi zen berriro. Hala ere, hark zortea izan zuen; urtea amaitzerako, Lotus-Festinako txirrindularia zen Olano. Horrelakoak gertatzen ziren lehen, orain ere bai. Bitartean, badirudi Amstrong dela txirrindularitzari minik handiena eta maula larriena egin dion ziklista.

Mikel Bizkarra Euskadi taldean

Mikel Bizkarra da kolokan dauden hiru txirrindularietatik gazteena, 24 urterekin. Hiru urte egin ditu Euskadi Fundazioaren talde kontinentalean: Orbean eta Euskadin, kasu. Igotzaile trebea da, eta ezagutzen dutenek badakite txirrindularitzagatik eta txirrindularitzarentzako bizi dela: bihotzean darama. Aukera eta aitzakia dudanez, joan den urtean Burgosko Itzulian eman zuen erakustaldia aipatu nahi nuke. Lagunas de Neila gainean amaitzen zen lasterketa hura. Quintanak (Movistar) irabazi zuen, hain zuzen. Sekulako ikasgaia eman zuen Bizkarrak aldapan gora: lehen itzulian ihes eginda pasa zen tontorretik; etapa amaieran, hamalaugarren postuan helmugaratu zen. Jendearen aurpegiekin oroitzen naiz; bide ertzean elkarri begira, txirrindulari argal hori nor zen galdezka. Euskal Herrira itzuli, eta bat baino gehiagok galdetu ziguten Bizkarraz, harrituta. Guztioi erakutsi zigun momentu on asko emateko gai dela.

Babesa eman behar diegu gure txirrindulariei. Oin hutsik ekin zioten bideari, bai; eta zoriak berriro ezer gabe laga ditu. Oinetakorik ez izan arren, ez dezatela hotzik pasa, senti dezatela gure berotasuna. Oin hutsik, baina goxo-goxo.