Maiorazkoaren anai-arrebak

Hala izan da orain gutxi arte, tradizioagatik. Anai-arreba guztiak ez dira berdinak familia batean. Euskal Herrian, mendeetan, anaia zaharrenari utzi izan zaizkio etxeko ondasunak; orain, ordea, beste irizpide batzuei jarraitzeko aukera dugu. Ikusi dugu gauzak aldatu daitezkeela, mugitu, egokitu. Txirrindularitzaren familian ere badira horrelako desorekak. Jakina da, errepideko txirrindularitza da maiorazkoa. Hark hartu ditu baliabideak, zaleen beroa eta erakunde zein enpresen diru apurra. Haren anai-arrebek, ordea, ez dute zorte bera izan: ziklo-krosak, mendiko bizikletak edo pistako txirrindularitzak beste bide batzuk jorratu behar izan dituzte.

Errepideko bizikleta alde batera utzita, hala ere, uste dut badirela desberdintasunak gainontzeko senideen artean. Euskal Herrian, behintzat, indarra eta babesa eman zaio ziklo-krosari; errepideko txirrindularitzaren besoetako ahaidea da. Euskaldunok mendiak, lokatza eta sufrimendua maite ditugu, eta bere lekua irabazi du modalitateak. Mendiko bizikleta ere bide horretatik doa, eta poztekoa da.

Zer gertatzen da, ordea, pistako txirrindularitzarekin? Ziur aski, desberdinena da: beti ibilbide bera dute txirrindulariek, estalia da eta ez dago aldaparik. Esango nuke txirrindularitza zaleok ez gaudela oso ohituta ezaugarri horietara. Wiggins (Sky), Cameron Meyer (Orica-GreenEDGE), Cavendish (Omega Pharma-Quick Step) edo Cooke (erretiratua) pistako kumeak dira. Urrutia joan gabe, etxean ere baditugu izarrak: Asier Maeztu domina olinpikoa edo Unai Elorriaga (Eustrak). Konstelazioko ikurrez hitz egiten hasita, Leire Olaberria (Fullgas) nabarmendu behar dugu: jokatu berri dira Munduko Kopako azken proba puntuagarriak, Mexikon, eta Scratch saria eskuratu du Olaberriak. Zalantzak sortzen zaizkit, batzuetan. Estalitako pista da antolatzaileek diru apur bat lortu eta lanean jarraitzeko duten modu bakarra. Zaleok prest egongo ginateke, besterik ez bada, hiru euro ordaintzeko eta haiei laguntzeko: zergatik ez zaio bultzada txiki bat ematen?

Gipuzkoako federazioa ere lanean ari da Donostiako belodromoari indarra eta ahotsa emateko. Gipuzkoako Neguko Saria jada amaituta, larunbatean eta igandean Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute eskualdeko gazte eta helduek. Zer nolako giroa egon ohi den jakin nahi duenarentzat, post honetan gehitu dut “Zu kirolari” saioak pistako gure txirrindularitzari buruz eginiko erreportajea.