“Emakumeen lasterketak Tropela.net-en egoteak gurekiko interesa pizten du zalearengan”

Ane Santesteban (Bizkaia Durango) eta Dorleta Eskamendi (Bizkaia Durango) txirrindulari gipuzkoarrek Flèche-Wallonne lasterketan parte hartu zuten aurreko astean. Ane Santesteban 22. postuan sailkatu zen. Hontaz eta hartaz mintzatu da Raul Perez Santestebanekin (1990/12/12).

22. postua Flèche Wallonne klasikoan. Ez da lorpen makala, ezta?
Aurreko asteetan jubenilekin aritu nintzen –jubenil mailako mutilekin lehiatu ohi da Ane- Banekien ondo nengoela, batez ere aldapan gora, baina ez nuen espero horren ondo ibiltzea. Herbeheretan eta Italian aritutakoa nintzen, baina lasterketa oso desberdinak direnez, ez neukan erreferentzia handirik.

Flèche Wallonnen bakarrik ez. Flandes Tourrean ere aritu zara eta 50. postuan amaitu zenuen. Zer moduz harbidearen gainean?
Nahiko lan, oso-oso mehea bainaiz -46 kilo pisatzen ditu-. Hala ere, benetan hunkigarria izan zen lasterketa. Gizonezkoen aurretik abiatu ginen gu, ordurako zaleak bazeuden errepide bazterrean eta horren hunkituta nengoen, ia-ia negarrez iritsi bainintzen.

Eta aurrerantzean zer?
Luxenburgora joango naiz berehala. Maiatzean, lasai hartuko dut eta ekainean, denboraldiko helburu nagusia iritsiko da: Emakumeen Bira. Gustatuko litzateke Tropela.net en bidez deia egitea Emakumeen Birara zaleak joan daitezen, asko eskertzen baita.

Hain zuzen ere, Ardenetako kinielan emakumezkoak sartu ditugu aurten. Zer deritzozu?
Oso-oso garrantzitsua da. Joan den urtean Munduko Txapelketako kinielan emakumezkoak sartu zenituztenean eskerrak eman nizkizuen Twitter bidez. Motibazio puntu estra bat da. Gainera, gure karrerak –emakumezkoenak- ez dira asko jarraitzen, eta Tropelan egoteak gurekiko interesa pizten du zalearengan.

Eta zuk, parte hartzen al duzu Tropeleko kinielan?
Bai, iaz esate baterako entrenamendu kideok tropeltxoa osatu genuen.

Aurrerantzean ere emakumezkoek tartea izango dute Tropela.net-en. Aholkuren bat emaiguzu, kinieletan puntuak emango dizkiguten ziklista batzuk aipa itzazu…
Stevens joan den urteko Flèche Wallone irabazi zuen eta iaz ere Munduko Txapelketan, erlojupekoan, podiumera igo zen. Giorgia Bronzini esprinter italiarra ere aipatuko nuke, baita 24 urte besterik ez dituen Van Dijk ere.

Marianne Vosek aipamen berezia merezi du, ezta?
Betidanik izan da ona, baina argaldu da azkenaldian eta izugarria da!