Direnak eta ez direnak

Azken egunetan, Giroa irabazteko faboritoek bakarrik ez. Italiako Itzulian izango ez direnek ere zer esana eman dute. Izan ere, Basso -argazkian- ez da Giroan izango, ipurdian min hartuta baitabil. Bassorekin batera azken urteetako Giroetako etapa menditsuetan bere burua maiz erakutsi duen Rujano ere ez da irteeran izango. Bere taldeak, Vacansoleilek, kanpoan uztea erabaki du, Venezuelako igotzaile ttikia dopinaren aurkako ikerketa batean sartuta dagoelako. Ez ahaztu, era berean, joan den urteko Giroan ia guztiok aho bete hortz utzi gintuen De Gendt ez dela lehiatuko. Lastima.

Txirrindularitza zale askoren ustez –baita lerrook idazten ari denaren ustez- Wigginsek edo Nibalik etxeratuko dute maglia arrosa. Erratzeko aukera badago, noski, baina haiek faborito nagusitzat jotzeko nahikoa arrazoi ere bai. Wigginsek erraz irabazi zuen iazko Tourra eta denboraldiko erregea izan zen. Nibalik, bere aldetik, erakutsi du aspalditik ziklista erregularra dela hiru asteko probetan: Espainiako Itzulia irabazi du eta Tourreko eta Giroko podiumak zapaldu ditu marrazoak. Iazko irabazlea, Hesjedal, eta Scarponi -2011ko Giroko garailea- koska bat beherago daudela dirudi. Eta are beherago Evans; bere urte onak joanak dira. Bizitzaren legea.

Beharbada ez dute sailkapen nagusia lehiatuko, baina gogo handia dut Blanco taldea noraino iristeko kapaz den ikusteko. Gesink, Kruijswijk, Kelderman… Talde polita dute, benetan. Eta kolonbiarrek ere ikuskizuna ematea espero da. Betancur? Ez dakit, ba. Indar asko utzi ditu errepidean azken lasterketetan, agian gehiegi. Hala ere, ez ahaztu Kolonbiak talde bat eramango duela Girora, kakalardoz gainezka, nola ez bestela. Eta Wigginsek huts egingo balu, haren bizkarzainak, Uran eta Henao, ez dira oso aparte ibiliko.

Eta Euskal Herritarrak? Beñat Intxaustik iazkoa hobetuko ahal du! Joan den urtean sailkapen nagusiaren lehen postuetan egon zen osasun arazoek hortik bota zuten arte. Euskaltel Euskadik konfiantza handia jarri du Sanchezengan. Nik, ordea, Nieve eta Igor Antonen falta sumatzen dut, Giroa igotzaile petoentzat ezin aproposagoa izango baita aurten ere. Espero dezagun Tourrean bikote horrekin gozatzea.