David Millarrentzat etapa Luxenburgon extralurtarrak hartu zuen urteurrenean

Atzokoan 2012ko Frantziako Tourreko 12. etapa Millar britainiarrarentzat izan zen, beste lau lagunekin ihesean aritu ostean. Ihesean Peraud (AG2R), Gautier (Europcar), Kiserlovski (Astana) eta Egoi Martinez (Euskaltel) izan zituen kide. Urte honetako etaparik luzeena Saint-Jan-de-Maurienne eta Annonay Dazévieux artekoa.

Etapa hasiera bizia joan zen, zailtasunik handienak bertan baitzituzten. Bazirudien boskoteari lagun gehiago gehituko zizkiola atzetik. Jazarpenean zihoan taldetxo horretan Sagan zegoen beste bi taldekiderekin baina azkenean talde hori tropelak irentsi zuen. Orduan aurretik zihoazenek hamar minutu baino gehiagoko abantaila hartu zuten.

Azken bost kilometroetan erabaki zen etapa. Hiru kilometroren faltan Peraud-ek jo zuen aurrena eta bere atzetik Millar joan zen. Beste hiru iheskideak atzean geratu ziren. Azkenean esprintean Garmin-Sharp-Barracudakoarentzat izan zen garaipena.

Urteurrenak Frantziako Tourrean

Aldi berean atzo bete ziren 20 urte Miguel Indurainek Luxenburgon ospatu zen bakarkako erlojuz kontrako etapan izugarrizko erakustaldia eman zuena. Urte hartan oso ondo hasi zen Frantziako Tourreko edizioa nafarrarentzat, Donostiako aitzin etapa irabazi eta aurreko urtean amaitu bezala hasi zuen itzuli handia horiz jantzita.

Pirinioak pasa ostean (urte hartan lehen astean pasatu ziren) Lino jarri zen lider (RMO taldekoa – talde hartan Virenque zegoen adibidez). Indurain bere arerio nagusiekiko desabantailan iritsi zen Luxenburgoko etapara, Bugno eta Chiappucci. Baina egun hartan Luxenburgok estralurtarraren erakustaldia bizi izan zuen.

Hiru txirrindulari aurreratu zituen nafarrak. Kontuan izanda bi minuturen aldearekin irteten zirela, hirugarren horri sei minutuko abantaila baino gehiago atera zion. Hirugarren hori Fignon zen. Harrituta gelditu zen frantziarra. Ezin sinisturik nork pasatu zion. Kondairak esaten du momentu hori bizi izan zenean frantziarrak eskuko behatz potoloa gorantz erakutsi zion (ondo keinua) eta egun hartan prentsa frantsesa bere oinetara jarri zen.

Published by Piban

Ume garaian uztail arratsalde beroetan harrapatu ninduen txirrindularitzak Indurainen balentriak jarraitzen Frantziako Tourrean... eta harrezkero txirrindulari zalea.