Froomek leial izango dela adierazi du

Asko aipatzen ari da aurtengo edizioan Wigginsen arerioa etxean duela eta hori Froome dela. Alpeetan indartsuago zegoela erakutsi zuen Kenian jaiotako txirrindulari britainiarrak, baina taldeburua Wiggins dela ziurtatzen du. Taldearen estrategia Wiggins maillot horiz Pariseraino mantentzea dela dio eta berak horretarako lan egingo duela.

Era berean, ordea, ez du guztiz baztertzen Pirinioetan Wiggins ezinak jota ibiltzen bada berak taldearen alde ardura hartzea. Ez dut uste egoera horretaraino iritsi daitekeenik kontua, baina auskalo!

Garbi geratu da Froomen azken adierazpenekin ez dela ari bere 100%ean lehiatzen eta Wigginsen erritmora ari dela. Guztiz gustura ez dagoela sumatzen zaio eta bera erakusten ari den leialtasuna berari ere etorkizunean erakutsiko zaiola espero duela dio. Wigginsek etsaia etxean du, bai, zalantzarik gabe.

Gaur Pirinioetara hurbiltzen hasiko dira eta azken hau erabakigarria gertatuko da. Nire ustez, ordea, ika-mika hauek bere arerioen mesederako dira eta Sky taldearen kalterako. Nire iritziz hala ere garbi ikusten dut Wiggins izango dela taldeburu eta Froomek hor jarraituko duela bere esanetara, bestela zeresan asko emango duen gertakari baten aurrean izango baikara.

Argazkia: teamsky.com

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.