Alpeak, berde-berde

Atzo Voecklerrek irabazi zuen etapa eta gaur, Europcar talde berdearen beste kide batek: Rollandek irabazi du Alpeetako etapa nagusia. Lehen kilometroetan sortutako ihesaldian sartu da frantziarra eta azken bururaino eraman du. Tourreko sailkapen nagusia lehiatzen ari direnei dagokienez, elkarrekin iritsi dira Froome, Wiggins Nibali eta Van den Broeck. Evansek minutu eta erdi galdu du talde horrekiko eta Haimar Zubeldiak hiru minutu.Beste behin ere etapa labur batek ikuskizun handia eskaini du. 150 kilometro eskasetan hiru mendate jarrita, erasoak izan dira hasiera-hasieratik. 250 kilometrokoak baino eraginkorragoak eta ikusgarriagoak dira etapa hauek, benetan. Joan den urtean oso antzekoa izan zen L’Alpe d’Huezen bukatu zena Telegraphe, Galibier eta L’Alpe d’Huez bera igo zituzten eta Rollandek irabazi zuen gaur bezala.

Lehen igoeran, Madeleinen ihesaldi jendetsua osatu da. Besteak beste Valverde, Scarponi, Basso, Vinokourov, Kiryenka, Kiserlovski, Horner, Cris-Anker Sorensen eta Rolland sartu dira. Gorka Izagirrek ere saiakera egin du, baina atzean geratzen lehenetakoa izan da. Madeleinen eta batez ere Croix de Ferren gora aurreko taldetxo hori txikitu da, batez ere Europcarreko Kernen erritmoaren erruz –Rollanden mesedetan-. Mendate horren gailurretik Rolland, Kiserlovski eta Kiryienka pasatu dira lehen hiru postuetan eta haiengandik gertu, Chris-Anker Sorensen. Tropelean, ustekabean, Evansek jo du eta Van Garderen taldekide gaztearen laguntzaz aurrera egiten saiatu da. Australiarrak, baina ez du lortu, Skyren bultzadaz BMCko bikotea harrapatu dute.

Azken mendatean, LaToussuiren, Rollandek bakarrik egin du aurrera, eta bere garaipenak epikotik izan du, Croix de Fer jaisten erori egin delako eta besoa odoletan eta kulotea urratuta iritsi da helmugara. Atzean, Nibali, Van den Broeck, Brajkovic eta Pinot gaztea izan dira ausartenak. Horiek guztiak baina irentsi ditu Wigginsen taldetxoak, Froomek gidatuta. Bost bat kilometro falta zirela, Froomek berak erritmoa azkartu du lau kilometroren faltan eta Wiggins berak une txarra igaro du. Hori ikusirik, Froome berehala geratu da –edo abiadura moteltzeko esan diote irrati bidez-. Ordurako Evans ez zegoen ziklista indartsuenen taldetxoan. Beharbada, larrutik ordaindu du Croix de Ferren gora xahututako indarra. Are okerragoa izan da etapa Menchoventzat, ordu laurdena galdu du eta.

Azken igoerako erritmo aldaketek ere Haimar Zubeldiarengan eragina izan dute. ETBn aitortu du txakalaldi modukoa izan du. Kloden, Horner, Coppel, Cobo –aspaldiko partez lehian ibili da espainiarra- eta kireslovskirekin iritsi da helmugara Rolandengandik hiru minutu eta berrogeita hamairu segundora, baina sailkapen nagusiko seigarren postuari eutsi dio.

Gaurko etapan batzuen eta besteen aldeko aldeak aipagarriak dira. Pentsa, 23. postuan iritsi den Cadrik 10 minututik gora galdu ditu.

Argazkia: Sirotti / cyclingnews.com