Hori da hori sasoia!

Txente Garcia Acostak txirrindularitza utzi berri du. Hori izan da asteko albiste nagusietakoa txirrindularitza zaleentzat, batez ere Euskal Herrikoentzat. Tropeleko ziklista beteranoenetakoa zen tafallarra. 1995ean egin zuen debuta. Pentsa, Indurainek azken Tourra irabazi zuen urtean. 39 urterekin eman ditu azken pedalkadak. Bada, ordea, tafallarra baino zaharragoa den txirrindularirik.

Hasteko eta behin, Noe italiarra agurtu behar dugu, 42 urterekin, ziklismoa utziko baitu. Ezin aipatu gabe utzi 42 urterekin ere hartu duela erretiroa Cuestak, Caja Ruralen azken pedalkadak eman eta gero. Rebellin italiarrak 40 urte bete zituen abuztuan. Doping kontuengatik zigortuta ibili ostean, denboraldi honetan itzuli da tropelera, Miche Guerciotti talde apalean. Talde apalean bai, baina garaipen zakua betetzen jarraitu du Veronako ziklistak, eta okerrik ez dela, datorren denboraldian lanean jarraituko du. Horner estatubatuarrak ere 40 urte ditu bete zituen aurreko astean bertan. Azken bi denboraldiotan goia jo du: iaz Euskal Herriko Itzulia irabazi zuen eta aurten ere gure itzuliko podiumera igo da, etapa bat irabazteaz gain. Harrapazak. Hornerrek ere ez omen du oraingoz erretiroa hartzeko gogorik.

Voigt alemaniarrak ere oraindik erregaia badu biltegian, hark ere 40 urte baititu. Leopardek eta Radio Shackek osatuko duten talde indartsuan izanen da, ustez bere azken denboraldian. 38 urte beteta dituen Vinokourov ere ikusiko omen dugu 2012an errepidean. Tourrean eroriko larria izan eta gero, erretiroa hartuko zuela zabaldu zen. Denboraldia bukatu aurretik bizikletara igo da ostera ere Vino menderakaitza eta datorren denboraldian ziklista eta manager izango ei da aldi berean. Vinoren urte berekoa dira Leipheimer eta Hincapie estatubatuarrak.

Tropelako zenbait kidek lagundu dute erreportajetxoa osatzen. Laguntza, zinez aberasgarria. Bruseghin italiarrak, Mikel Astarlozaren lagun minak, Espainiako Vuelta polita osatu berri du eta Movistar taldeak luzatu dio kontratua; ekainean 38 kandelari putz egingo die. O’Gradyk, bere aldetik, beteta ditu 38 urte eta Moncutiek 37 urte beteko ditu apirilean. Bestalde, Juanma Garatek, Freirek, Lastrasek eta Mancebok 36 urterekin jiratuko dituzte pedalak 2012an, denak 1976. urtekoak baitira.

“Ziklistak gailurra harrapatzen du 28 eta 30 urte artean eta 32rekin gainbeheran dator”. Pedro Delgadoren aspaldiko baieztapena da hori. Eta azken hamarkadetan hala izan da. Delgado bera 33 urterekin erretiratu zen, baita Miguel Indurain bera ere. Abraham Olano (32 urterekin), Bugno (34) eta Chiapucci (35) ez ziren askoz ere urrunago joan. Azken urteetan baina, txirrindulariek batzuek kirol bizitza luzatzea erabaki dute.

Duclos Lasalle frantziarra datorkit burura niri. Iparraldeko infernuan, Paris-Roubaixen, gailendu zen bi urtez jarraian, 37 eta 38 urte zituela.

Tropeleko ‘aitonak’
Horner 40 urte
Rebellin 40 urte
Voigt 40 urte
O’Grady 38 urte
Hincapie 38 urte
Vinokourov 38 urte
Bruseghin 37 urte
Leipheimer 37 urte
Baliani 37 urte
Moncutie 36
…….

Argazkia:elpedaldefrodo.com